Astebete falta da Kutxaren diru laguntza eskatzeko epea amai dadin

Astebete falta da Kutxaren diru laguntza eskatzeko epea amai dadin

Unai Zubeldia

Azken bi urteetan egin bezala, aurten ere gizarte eta kultura proiektuak babesteko diru laguntzak eskainiko ditu Kutxa Fundazioak. Azaroaren 2an ireki zuten eskaerak egiteko epea, eta hurrengo ostiralera arte egongo da zabalik, abenduaren 15era arte —15:00ak arte—. “40 eskaera jaso ditugu orain arte; gutxi, baina kalitate onekoak. Eta azken egunetan gehiago iritsiko direla espero dugu”, azaldu du Ignacio Zuzuarregi Kutxa Fundazioko zuzendariak. 302 elkarteren 377 eskaera jaso zituzten 2015ean, estreinako urtean, eta horietatik 147k jaso zuten diru laguntza. Iaz, berriz, 246 eskaera jaso eta 161 babestu zituzten.

Gipuzkoan errotuta dauden irabazi asmorik gabeko erakundeentzat dira Kutxa Fundazioaren diru laguntzak, “zerga eta lan arloko betebeharrak eguneratuta dauzkatenentzat”. Derrigorrezkoa ez bada ere, proiektua, “gehienbat”, Gipuzkoan lantzea bilatzen du fundazioak. “Azken batean, Gipuzkoaren garapenean lagundu nahi dugu guk”. Herrialdean gizarte eta kultur ekintza asko daudela azpimarratu du Zuzuarregik. “Azken urteotan ekimen asko gauzatzen ari dira Gipuzkoan, eta, horregatik, erreferentziazko erakunde izaten jarraitu nahi du Kutxa Fundazioak, proiektu ekonomiko nahiz sozialak identifikatu, sustatu eta babestuta”.

Epaia, otsailaren 15erako

Behin proiektuak jasota, guztiak aztertu eta 2018ko otsailaren 15a baino lehen hartuko du erabakia Kutxa Fundazioak. Alde horretatik, hainbat ezaugarri hartzen dituztela kontuan azpimarratu du zuzendariak: “Gipuzkoako hainbat agenteren esku hartzea koordinatu eta osagarria bultzatzea; praktika berritzaileak garatzea; genero berdintasunari eta emakumearen parte hartze eta ahalduntzeari egiten dion ekarpena; proiektuaren lanketa eta ikuspegi ekonomikoa; gizartearekiko eragina eta inpaktua…”.

Lehen urteko adibideari helduta, 2015ean Kutxa Fundazioak 1,7 milioi euro bideratu zituen gizarte eta kultura proiektuak babestera, eta antzeko aurreikuspena egin dute aurtengorako ere. Besteren artean, ondorengoek jaso zuten diru laguntza estreinako urtean: Mindara Dibertsitate Funtzionala duten Pertsonak Artatzeko Gipuzkoako Elkarteak, Gipuzkoako Itxaropenaren Telefonoak, Gielmar Gipuzkoako Elbarriak Martxan elkarteak, Gipuzkoako Gurutze Gorria elkarteak, Atzegik, Antxieta Arkeologia Taldeak, Gipuzkoako Abesbatzen Federazioak, Gros Xake Taldeak, Elhuyar Fundazioak, Garabide Kultur Elkarteak, Erroak elkarteak…

Leave a Reply

Your email address will not be published.