“Futbol zelai baten azalera du grafeno gramo bakar batek”

“Futbol zelai baten azalera du grafeno gramo bakar batek”

Maialen Igartua

Amaia Zurutuzak (Bergara, 1975) betidanik izan du gustuko zientziaren mundua, eta, batez ere, ikerketa. Kimikan lizentziaduna da, eta polimeroen arloan ikertzen igaro zituen hamabi urte Glasgown, Eskozian. 2010ean, ordea, Euskal Herrira itzuli zen ordura arte ezagutu ere egiten ez zuen material berri baten ikerketa prozesuan buru-belarri murgiltzeko asmoz. Ordutik, Zurutuzaren eguneroko bihurtu da grafenoa, eta egunen batean aplikazio erreal bat topatzea du amets nagusietako bat. Donostiako Gaphenea enpresako zuzendari zientifikoa da gaur egun, eta noizbehinka hitzaldiak eskaintzen ditu, zientzia eta grafenoa herritarrei hurbiltzeko helburuarekin. Beasainen izan zen azaroan, Lemniskatak antolatutako jardunaldian, eta lepo bete zen Igartza jauregiko aretoa.

Ibilbide oparoa daukazu jada kimika arloan.

Donostian egin nituen Kimika ikasketak, eta Glasgowra joan nintzen laugarren ikasturtean, Erasmus bekari esker. Ikasketak amaituta, doktore tesia ere han egitea erabaki nuen, eta ondoren lana aurkitu nuen farmazia enpresa batean. Azkenerako, hamabi urte egin nituen Eskozian, kimikako hainbat alorretan, ikerketan.

Grafenoak, ordea, Euskal Herrira itzultzeko aukera eman zizun, ezta?

Nanoguneren iragarki bat ikusi nuen 2010ean, grafenoaren inguruan lan egiteko eskaintza batekin. Orduan ez nekien grafenoa zer zen ere, baina oso interesgarria iruditu zitzaidan eta curriculuma bidali nuen. Ez nuen uste hartuko nindutenik, ordura arte polimeroekin aritu izan nintzelako lanean. Baina artean hain material berria zen grafenoa, inor gutxik zeukan esperientzia grafenoarekin, eta hartu egin ninduten. Gaur egun ere hor jarraitzen dut grafenoaren munduan murgilduta.

Nola azalduko zenuke grafenoa zer den?

Nahiko material berria da grafenoa; 2004an topatu zuten. Karbono atomoak modu jakin batean egituratuta lortzen da grafenoa, eta oso ezaugarri interesgarriak ditu: lehenengo material bidimentsionala da, elektroiak oso azkar mugitzen dira, bero eroale ona da, gardena da, malgua… Hainbat aplikaziotarako potentzial handia dauka grafenoak. Dena den, ikerketa fasean dago oraindik, eta ez du aplikaziorik merkatuan.

Zer aplikazio ari dira ikertzen?

Aplikazio ezberdin asko ari dira ikertzen momentu honetan. Esaterako, baterietarako, pantaila malguak egiteko, ura filtratzeko, fotodetektoreetarako…

Grafenoa oinarri hartuta, zer egiten duzue zuen enpresan?

Grafeno laginak saltzeko ideiarekin sortu zen Grapehenea; oso-oso delikatuak eta finak dira grafeno laginak. Pentsa, futbol zelai baten azalera du grafeno gramo bakar batek. Momentuz, ikerketarako saltzen ditugu grafeno laginak, baina etorkizunean, aplikazioak daudenean, gure grafeno laginak aplikazio horietarako saltzea litzateke helburua. Oraindik urte batzuk igaro beharko dute benetako aplikazio bat topatu arte, baina, bitartean, dirua mesedegarri izaten da besteak beste enpresan inbertsioa egiteko.

Grafenoarentzat aplikazioren bat noizko egongo den zehazterik badago?

Ikerketa urte asko pasatzen dira material bat topatzen denetik aplikazio erreal bat aurkitzen den arte. Jendeak, bat-batean, merkatuan ikusten du materiala, baina ez dira jabetzen atzeko ikerketa urte guztiez.

Glasgowtik etxera itzulita, Graphenean aldatu egin zaizu lan egiteko modua, ezta?

Bai… Grapheneako zuzendari zientifikoa naiz gaur egun. Esperimentuak egiten nituen lehen, baina lan zientifikoa koordinatzen dut orain; bileraz bilera ibiltzen naiz. Horrez gain, konferentzietara ere joaten naiz azken berriak jakiteko, argitalpenak irakurtzen ditut, proiektuak idatzi…

Adibideei helduta, uste duzu posible izango dela grafenozko sakelako malguak sortzea?

Beharra dagoen edo ez pentsatu behar da lehenengo aplikazio bati buruz hitz egitean. Nire ustez, sakelako batek ez dauka beharrik malgua izateko. Hortaz, uste dut oraindik ez gaudela hain gertu.

Zein da gertuen ikusten duzun aplikazioa?

Uste dut fotodetektoreetan topatuko diotela aplikazioa grafenoari, hori ikusten dut gertuen. Ez gara konturatzen, baina, adibidez, sentsore pila bat daude sakelako batean; mugimendua, tenperatura, distantzia… neurtzen dituzte horiek. Sentsore horietan zentzua edukiko luke grafenoak.

Zer erronka dauzkazu ikerlari gisa?

Grafenoari aplikazio bat topatzea; pauso hori oso ona litzateke bai niretzat eta baita enpresarentzat ere. Eta, noski, horren ondorioz guk lagin asko saldu ahal izatea eta arrakasta lortzea. Egunerokoan, berriz, galderei erantzuna topatzea da nire erronka.

Ez al zara nekatu hainbeste urtez grafenoa ikertzeaz?

Inola ere ez. Material berbera izan arren, aplikazio ezberdin asko ikertzen ditugu guk, eta une oro ezberdina izaten da gure lana.

Zure ustez, beharrezkoa al da zientziaren dibulgazioa?

Bai, noski. Ahal dudan guztietan ematen dut baiezkoa. Garrantzitsua da zientzia herritarrei hurbiltzea eta Euskal Herriko zientzilariek zer egiten dugun helaraztea. Alde horretatik, eredugarria iruditzen zait Lemniskata Goierriko zientzia sare herrikoiaren lana.

Leave a Reply

Your email address will not be published.