Jaizkibel, beltzetik koloretara

Jaizkibel, beltzetik koloretara

Asier Perez-Karkamo

Hamahiru argazki, hilabete bakoitzeko bana, eta beste bat azalerako, hainbat argazkilarik eginikoak. Egutegien garaian murgildurik, ez dirudi berezia denik, baina barruan dago berezitasuna, argazkietan azaltzen diren lore, animalia eta paisaietan. Jaizkibel mendiaren egutegia argitaratu berri du Aranzadi Zientzia Elkarteak, duela sei urtetik Hondarribiko Udalarekin lantzen ari den biodibertsitatea babesteko lanak ezagutarazteko. Mendi handia ez den arren (543 metro), oso aberatsa da Jaizkibelen bioaniztasuna, eta horren isla da argitaratu duten egutegia; udalaren egoitzetan jaso daiteke.

Anais Mitxelena biologoa eta Iñaki Sanz herpetologoa aritu dira buru-belarri lanean Aranzadiren Jaizkibelgo programetan. Ekimenaren arduraduna da Mitxelena, eta, hondarribiarra izanik, umetatik oso ondo ezagutzen du ingurune hori: “Udan Justiz ingurura joaten ginen familian, kalan bainatzera, eta han pasatzen genuen egun osoa”. Sanzek, aldiz, duela gutxi ezagutu du mendia, eta “aurkikuntza handia” izan da harentzat: “Ezustea izan zen. 27 urterekin etorri nintzen Hernanitik, eta nire inguruko mendiekin alderatuta, oso desberdina zen aurkitu nuena; kostatik oso gertu dago eta berezia da, baldintza jakin batzuen eraginez”.

Bioaniztasuna kontuan hartuta, “oso berezia” da Jaizkibel, bertako habitatak eraginda, batez ere. Horregatik, Natura 2000 mundu mailako sarean sartuta dago, eta Kontserbazio Bereziko Eremu izendapena dauka. Besteak beste, mundu guztian Bizkaian eta Gipuzkoan soilik aurki daitekeen Armeria euscadiensis lorearen bizitoki handiena da Jaizkibel: “27 habitat daude”, hasi du azalpena Mitxelenak. “Europak hamabi babesten ditu, eta lehentasunezkoak dira horietatik bost: Kostaldeko txilardia, Cladium mariscus hezegunea, ibarbasoa, txilardi heze-atlantiarra eta Deschampsia flexuosa larre zizileoa”. Zer esan nahi du bost habitat horiek lehentasunezkoak izateak? “Bada, zahurgarriak direla, babes maila handia behar dutela, eta tokiko erakundeek babes hori bermatzeko ardura dutela”, erantzun du biologoak. Sanzen hitzetan, kareharrizko erliebeagatik eta itsasoarekiko gertutasunagatik daude hainbeste habitat Jaizkibelen: “Erreka asko ditu, oso laburrak, eta oso gune desberdinak biltzen ditu erreka bakoitzak; oso gune ilunetan sortzen dira, ibarbaso itxiak dauzkate, eta zabaldu eta hezeguneak azaltzen dira gero. Larreak, hezeguneak, txilardiak, basoak… nahasian daude denak. Habitat asko dago oso leku txikian, eta horrek bioaniztasun handia sortzen du, bai faunan, bai floran.

Aranzadi Zientzia Elkartea eta Hondarribiko Udala 2011n hasi ziren lanean Jaizkibelen, Jaurlaritzaren laguntza programa bat baliatuta, eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin koordinatu zituzten lanak. “Aldundia landare inbaditzaileen kontra aritu da lanean, batez ere, eta eremu zahurgarrienetan zentratu da Aranzadi”, argitu du Mitxelenak.

Higer lurmuturretik oso gertu ekin zioten lehen programari, lehentasunezko babes maila duten bost guneetako batean, Aizporandi errekaren itsasoratzearen aurretik sortzen den hezegunean. Mitxelenak zehaztu duenez, “oso degradatuta” zegoen eremu hori, Bacharis halimifolia landare inbaditzailearen erruz: “Diagnosia eta hezegunearen inbentarioa egin genuen, eta landare inbaditzaileak kendu genituen; txikiak, eskuz, eta handiak, tokoiak eginez eta brotxarekin herbizida edo belar-hiltzailea banatuz”. Bertako landareak landatu zituzten kendutakoek utzitako hutsuneetan: “Cladium mariscus da bertako landarea; haziak hartu eta Urnietan dugun mintegian hazi genituen”.

Bi urtez aritu ziren hezegunean lanean, eta gerora une jakin batzuetako ekintzetarako itzuli direla gaineratu du Aranzadiko kideak: “Urtero ikuskatzen dugu inguru horretan landare inbaditzaile berriak ba ote dauden edo ez, eta, egonez gero, eskuz kentzen ditugu. Ezingo dira desagerrarazi, Jaizkibel ez dagoelako isolatuta, baina oreka mantentzea da helburua”.

Aska bat berreskuratzen

Martiz errekan gauzatu zuten hurrengo programa, Sanzen hitzetan bailara osoan eragiteko: “Pinuak ordezkatu beharra ikusi genuen, baina beste habitat batzuetan ere eragin beharra zegoela jabetu ginen. Adibidez, bailara horretan hezegune askorik ez dagoenez, aska bat berreskuratu genuen”. Erosioaren eraginez, sedimentuz gainezka zegoen, eta ia ez zegoen putzurik. Auzolana antolatu zuten putzua berreskuratzeko, eta 30 pertsonak erantzun zioten deialdiari.

Hondarra kendu, ura ez galtzeko pareta txukundu, eta txantxiku arruntarentzat babesguneak eraiki zituzten. “Duela bi urte egin genuen hori, eta aurten, udaberrian joan ginenean, txantxiku helduak eta zapaburuak ikusi genituen askan, eta beste espezie batzuk ere bai”, gaineratu du Aranzadiko herpetologoak. Gerora, Txurtxipi eta Iturrain erreketan ere egin izan dituzte antzeko lanak, auzolanean. “Horrelako deialdiek, normalean, ez dute erakartzen jende asko, baina ezustea hartu dugu Jaizkibelen; jende asko etorri da lanerako gogoz, baita familia bereko kide guztiak ere”.

Sei urteotan, Aizporaundiko hezegunea eta Martiz, Txurtxipi eta Iturrain errekak babesteko ekintzak egin dituzte Aranzadik eta Hondarribiko Udalak. Eta, horrez gain, azken hamarkadan beste zenbait programari ere ekin diote Jaizkibelen, labarrean, magaletan, paduretan… Dagoeneko ez dago garai batean ohikoak ziren suteen arrastorik. Hamar urtean kolorea itzuli zaie Jaizkibelgo argazkiei. Kolore paleta aberats hori zaintzea eta osatzen joatea da etorkizunerako erronka.

Leave a Reply

Your email address will not be published.