Legazpiren hari muturra

Legazpiren hari muturra

Miriam Luki

Legazpiko segen historia edo segek Legazpin utzi duten historia. Segategia zegoen Patrizio Etxeberriaren (1882-1972) lantegi sareen artean. 1931n ireki zuen tailerra, eta, etenak eten, segen fabrika zabalik egon zen 1990eko hamarkada hasierara arte. Legazpiko Burdinola elkarteak mahai inguru bat egin berri du, segategian lan egin zuten hiru langile mahaiaren bueltan jarrita: Rogelio Botanz, Gabriel Larrea eta Teofilo Villalmanzo elkartu zituen bertan, eta Iñaki Beldarrain ingeniaria eta langile ohia aritu zen gidari lanetan.

Segategiari buruzko xehetasun guztiak aletu zituen Beldarrainek. Haren hitzetan, garai hartan Tirol inguruko segak ziren onenak, eta Patrizio Etxeberria zenak handik ekarri zituen teknikariak. “Fitxaketak ziren haiek. Hobariak ematen zizkieten prestatzen zuten langile bakoitzeko, eta urrezko txanponetan ordaintzen zieten”.

Patricio Echeverria lantegiak segak egiteari ekin zionerako Gipuzkoan beste segategi batzuk bazeudela gogoratu zuen Beldarrainek. Azpeitiko Rugui segategia ekarri zuen gogora [Roman Ucin Gipuzkoa]: “Han ehun bat sega egiten zituzten eguneko, baina Patriziok ez zion jarraitu bide horri; espezialistak ekarri zituen berak, eta eskulangintzan aritu zen; eskulangintzan, baina kopuru handian ekoitziz”. 36ko gerrak eta faxisten iritsierak gelditu egin zuten tailerra; joan egin ziren Alemaniako eta Austriako langileak. “Langilerik eta espezialistarik gabe geratu zen. Baina 1940an kartzelatik atera zituzten Eleuterio Galparsoro eta Roberto Aseginolaza, eta, poliki-poliki, lantegia martxan jarri zuten berriz ere”.

1950eko hamarkada izan zen Legazpiko segategiaren urrezko aroa. 1955ean, 150.874 sega atera ziren lantegitik, eta Brasil, Txile eta Portugalera esportatu zituzten. Hurrengo hamarkadan, ordea, gelditu egin ziren salmentak. “Eta segategiaren gainbehera hasi zen”. Nekazaritzan mekanizazioa sartu zeneko garaiarekin bat egin zuen gainbehera hark. “Zelai zabal eta lauetan makinak sartzen hasi ziren sega lanak egiteko, eta urte batzuen buruan toki malkarrenetan ere sartu ziren makina haiek”.

1961ean, 72 langile ari ziren lanean Patricio Echeverria segategian; 1980an, 50; eta 1990ean, 25 besterik ez. “Behin segategia itxita, langileak beste nonbait kokatu eta han egiten ez zituzten segak saltzen hasi ziren; hain justu, Patricio Echeverria markarekin saldu zituzten Italian eta Austrian egindako segak”. Beldarrainen esanetan, “onak” ziren Legazpin egiten zituzten segak. “Ez ziren Alemanian edo Austrian egiten zituztenak baino hobeak, baina ezta txarragoak ere”.

Oro har, ez zen batere erraza segategiko langileen lana. Trebezia berezia behar zuten eskuekin. “Hainbat zatitan banatu zuten prozesua, eta industria diziplinaren araberako denborak zehazten zizkioten bakoitzari”. Sega bakoitzeko 35 operazio edo zati ziren guztira.

Bizitza, segak leuntzen

Rogelio Botanz (Olatzagutia, Nafarroa, 1926) 20 urterekin hasi zen Patricio Echeverria segategian lanean. Bizitza osorako kontratua egin zioten lantegiko kamioi batek anaia gazteena harrapatu eta hura hil ondoren. Segategiaren historiak ezkutatzen duen giza istorioetako bat da nafarrarena, Legazpiren biografia idazten laguntzen duten horietako bat.

Botanz apopilo izan zen Legazpira iritsi zenean. Natividad Parrarekin ezkondu zen zortzi urte geroago, eta ganbara bat izan zuten lehen bizitokia; haren hitzetan, beste familia batzuekin partekatzen zuten sukaldea, eta hotza pasatzen zuten. Emazteak ez zuen lan egin etxetik kanpo. Patrizio Etxeberriak puntuetan ematen zizkien hobariak langileei, emazteek etxetik kanpo lan egin ez zezaten. Parrak, ordea, hamaika lan egiten zuen etxean.

Ganbaratik Arantzazu auzoko solairuarteko etxebizitza batera joan ziren gero, eta euren etxean apopiloak hartu zituzten hirugarren alaba jaio zen arte. Patrizio Etxeberriak eraiki eta haiei utzitakoa zen etxe hura. Botanzek gogoan dauka lantegiko mailaketaren arabera banatu zituztela etxebizitzak. “Sega leuntzailea nintzen ni, eta bederatzigarren mailan nengoen, garbitzaileen pare”. Solairuartea egokitu zitzaion Botanz sendiari, baina Parrarentzat huraxe izan zen aukerarik onena. “Belar gainean manta bat jarri, eta han ipintzen nituen umeak, gertu-gertu”.

Sei seme-alaba izan zituzten, eta biak ala biak harro daude guztiei ikasteko aukera eman zietelako. Are harroago begiratu dio senarrak emazteari etxearen antolaketa guztia emaztearen esku zegoela aitortzean. “Natik egindako ahalegin guztiari esker egin ahal izan zituzten ikasketak seme-alabek”. Parraren hitzetan, “ederrak” izan ziren urte haiek. Rogelio seme zaharrenak ikasketak uzteko tentazioa izan zuela gogoratu dute gurasoek, baina lantegian aritu zen uda hartan, eta ikasteari ekin zion gero, “inolako zalantzarik gabe”.

Legazpin harilkatzen den matazaren hari bat besterik ez da Botanz eta Parra familiaren historia. Legazpiar beste hari dago herrian, eta Patricio Echeverria lantegia ageri da hari mutur gehienetan.

Leave a Reply

Your email address will not be published.