Lorezaintza Bosforoan

Danel Agirre

WhatsAppen txat bat dut bi lagun minekin, ile kontuez aritzeko. Pasa den astea aktore gipuzkoar batek inplantea egin berri ote duen aztertzen eman dugu. Aldizkari batean azaldutako bere argazkiak aktibatu zuen bikain kalibratuta dugun birlandaketak detektatzeko gure sentsorea. Aspaldi ez dela, tximak aurrealderantz orrazten zituen susmagarriak, soilguneak disimulatzeko. Asteotan kaskamotz utzi du burua, eta dentsitate bikain eta ezezaguna ageri zaio kankar osoan, gure ustez artifizial samarra. Lehengo eta oraingo irudi mordoxka aztertu, eta ez dugu zalantzarik izan diagnostikoan: uda partean tailerretik pasatu da.

Gai jakin batean aditu direnen gisara, terminologia propioa darabilgu gure solasaldian. Norbaiti biloek kopetan marrazten duen lehenengo lerroa nabarmen beheratu badiote, “jokoz kanpoaren marra metro batzuk aurreratzea erabaki du” idatz dezakegu, esaterako. Txima kontuetan Turkia da superpotentzia eztabaidaezina. Bertakoak dira espezialista entzutetsuenak, eta eskaintzen dituzten prezioek parekorik ez dutenez, egunero milaka gizonezko doaz Istanbulera, galdutako Sandokana berreskuratzera. Horregatik, burusoil izateari uzteko operatu denari buruzko gure komentarioa “Bosforoa gurutzatu du” edo “Besiktasen partida bat zuzenean ikusteko gogoz zebilen” diskretu bat izan ohi da.

Nire bi adiskideak eta hirurok sakelakoan dugun tertulia azalekoa eta hutsala dela aurpegiratuko didazula badakit. Noizean behin gai pisuzkoagoak ere ukitzen ditugula erantzungo nizuke, baina ez zaitut engainatu nahi, zeharka izan ohi da. Azkenaldian, proces-ean murgildu gara buru-belarri, esaterako. Kataluniako politikaz axola zaigun bakarra, ordea, Puigdemontena ileordea edo zer demontre den asmatzea da. Eta hor bai ez dugula adostasunik. Zooma egindako milioika pixeletako erretratuak, bideoak… Guztia analizatu dugu, baina zeharo despistatuta gabiltza.

Honezkero jakin nahiko duzu. Telefonoko berriketaldiko beste bi partaideei kaskoa erremediorik gabe ari zaie gardentzen. Aktore gipuzkoarrak erabiltzen zituen antzeko trikimailuak ederki menderatzen ditut nik aldiz, milimetroraino kontrolatuak ditudan gabeziak konpentsatzeko (nire iritziz ez dira teknika lotsagarriegiak oraingoz, baina horren inguruan ere iritzi kontrajarriak egongo dira beste txat batzuetan). Gainbehera tristea eten, eta Anatoliatik motots berrituarekin itzuliz irudikatu ohi gara sarri. Gutako bat bero dabil oso, eta Zarauzko tabernetan hautagaiak errekrutatu nahian ari da dagoeneko. Txikiteo bakarra nahikoa izaten du, herriko dozena erdi bat burusoil aurki Bazar Handian bueltaxka ematera joateko konbentzitzeko.

Meskita Urdina bisitatzea hain merke irteten bada, Erdogan presidenteak estetika klinikei bideratutako diru-laguntzengatik da. Lagun minok partekatzen ditugun erreportajeetan sarri xehatu ohi da faktura. Inplantearen kostuaren herena baino ez du ordaintzen kaskasoilak. Gainontzekoa, Turkiako gobernuaren kontu geratu ohi da. Urtero milioika gizonezko atzerritarren itxura gaztetzea baino taktika eraginkorragorik ez zait okurritzen niri herrialde baten promozioa egiteko (to, Denis Itxaso). Topatzen garen hurrengoan are guapoago nabaritzen banauzu, ez izan zalantzarik. Txikitako ilusioa bete, eta Topkapi jauregia ezagutzeak eragin didan pozagatik izango da.

Leave a Reply

Your email address will not be published.