[Museora] Nere Borda parke botanikoa. Barrura begiratzeko lorategi berritua

[Museora] Nere Borda parke botanikoa. Barrura begiratzeko lorategi berritua

Unai Zubeldia

Oso leku lasaia da Nere Borda parke botanikoa. Lorategi erromantiko baten parekoa da; irakurtzeko, paseoan ibiltzeko eta hausnartzeko inguru ezin hobea”. Iker Bidarte Gureak enpresako langileak eta parke botanikoko lorezain teknikariak onartu du jendeak ez duela gehiegi ezagutzen parkea, eta, ondorioz, ez dutela jasotzen bisita askorik. “Baina Hernanin bertan leku gutxi egongo dira hobeak egunerokoari ihes egin ahal izateko”. Teknikariak hitzez atera dio argazkia parkeari: “Irudikatu zuhaitz arteko musika kontzertu txiki bat; hori da parkea”.

Hernaniko Udalak gaur egun ez du antolatzen halako kontzertu eta bisitarik, eta gaur-gaurkoz ez dago panelik zuhaitz bakoitzaren ondoan —panel orokor bat bakarrik dago, sarreran—, baina etorkizunerako irekita daukate ate hori. Ez da sarrerarik ordaindu behar parke botanikoan sartzeko —bisita gidaturik ez dago—; neguan 09:00etatik 18:00etara egoten da irekita, eta udan, 09:00etatik 20:00etara.

Bidartek azaldu duenez, garai batean “aberatsen gunea” zen inguru hori. “Hain zuzen ere, aberats haien etxebizitzen lorategia zen egun parkea dena; duela 150 bat urte, bertako jauntxoetako batek lorategi bat eraikitzea erabaki zuen bere etxea egitearekin batera”. Frantzia eta Ingalaterrako mugimenduen eragina izan zuten lanak egiteko. “Eta Nere Bordak horregatik dauzka bi estilo argi: lorategi ingelesa batetik, eta frantsesa bestetik; Versaillesen formalismoa dauka azken horrek”. Parkeak atsedenerako gune bat ere badauka behealdean, bi estilo horiekin uztartuta.

Hirigintza garapen bati esker bihurtu zen jauntxoen lorategia parke botaniko. “Hernanik berreskuratu egin zuen Nere Borda ingurua, eta, zenbateko kalitatea zeukan ikusita, lorategi gisa mantentzea erabaki zuten arduradunek; mantentzea eta parke botaniko bihurtzea”. Garai hartan norberaren bizi mailaren ikur izaten zen lorategietan balio handiko zuhaitzak izatea, “ondoren, bisitak zeuzkatenean, bisitariei erakusteko”. Eta, Bidarteren arabera, horren adierazgarri da parkearen izkina batean dagoen Pinus radiata, Intsinis pinua edo Monterrey pinua. “Espezie horretako Gipuzkoako handiena da, ikusgarria”. 25-30 metro da luze, eta 4,2 metro inguruko perimetroa dauka. “Txikia da lorategia, baina altxor handia dauka barnean”. 5.000 metro koadro inguruko altxorra.

Intsinis pinu horrez gain, beste hainbat espezie ere badaude parke botanikoan: izei gorria, ekialdeko aurea nana, ezpela, gereziondo japoniarra, Himalaiako zedroa, lobelia zuria, pago gorria, magnolia izartua, tuia erraldoia, Txinako ipurua… Berezko bizia dauka parke botanikoak, eta urtaroen araberako ongietorria egiten die bisitariei.

Egutera eta laiotza, aukeran

Bidarteren esanetan, urtaroekin batera, erabat bereizita daude parkeko guneak ere. Laiotza da pinudien zatia, itzalez betea. “Eta udan asko eskertzen da hori”. Egutera da erdiko zatia. “Eta oso koloretsua hausnarketarako gunea; Frantziako eta Ingalaterrako mugimenduen eraginarekin uztartuta, azken urteotako ekarpenen eragina nabari da zati horretan”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.