“Altxorrak” zutik iraun dezan

“Altxorrak” zutik iraun dezan

Imanol Garcia Landa

Orain 30 urte jarri zuten martxan Alegiako gaztetxea, eta bizirik jarraitzen du egun; urteurrenaren leloak dioen moduan: Zutik, bizirik eta bibalabirjen!. Alex Goikoetxea gaztetxeko kideak gogora ekarri du 1987an Alegiako tren geltokiko biltegia okupatu zutenean zegoen giroa: “Gazte mugimendu handia zegoen; trantsizio garaiko urte horien bukaera zen, musikaren egoera berezia zen… Eurek nahi zituzten ekintzak egiteko Alegian bertan leku alternatibo bat behar zutela nabaritu zuten herriko gazteek”. Goikoetxeak ez zituen bizi izan urte haiek, baina, gaztetxea martxan jarri zutenen ahotik, hainbatetan izan du horien berri.

Ziklox Garaialde musika taldea osatu zuten Alegiako Gazte Asanbladan zebiltzan gazte batzuek, eta gaur egun Bulebarra deritzon inguruetan zegoen hiltegi zaharra okupatu zuten entseguetarako. Hori izan zen lehen txinparta. “Gazteekin hitz egin gabe, udalak segituan bota zuen hiltegia, beste proiektu bat martxan jartzeko; horrek erreakzioa sortu zuen gazteen artean, eta tren geltokian zegoen biltegi zahar bat okupatu zuten”, azaldu du Goikoetxeak. Bertan daude ordutik.

Kontzertuek garrantzi handia izan zuten Alegiako gaztetxearen lehen urteetan, eta horretan zerikusia izan zuen garai hartan musikak zuen berezitasunak: “Orduan ez ziren existitzen gaur egun egiten diren musika jaialdi handi horiek. Sortu berri ziren taldeek, beraz, gaztetxeak-eta baliatzen zituzten kontzertuak emateko”. Gaztetxeen zirkuituan sartu zen Alegiakoa ere eta hainbat talde igaro ziren bertatik: Madarikatuak, BAP, Anestesia, Su Ta Gar, Kortatu…

Udalarekin tirabirak izan zituzten hasierako urteetan. Hain justu, 1996an udalak akordioa egin zuen Renferekin aparkaleku berri bat egiteko, eta gaztetxea botatzeko asmoa zegoen proiektua gauzatzeko. “Baina hainbeste urtean autogestioan aritu ondoren eta horrelako leku bat izanik, euren proiektuak etorkizuna zuela eta aurrera jarraitu beharra zeukatela ikusi zuten gazteek”. Goikoetxeak gogoratu du mobilizazioak izan zirela urte haietan, eta, besteak beste, astebetez udaletxea okupatu zutela. “Orduan ikusi zen Alegiako Gazte Asanbladak zenbateko indarra zuen. Eskualdetik ere jaso zuten babesa, eta, azkenean, zutik jarraitu zuen gaztetxeak”.

Herriko festetan antolatzen duen egitarauagatik ere bada ezaguna Alegiako gaztetxea. Hasiera batean, Festa alternatiboak izenarekin antolatu zituzten jaiak, udalak antolatzen zituenei aurre eginez eta autogestioa bultzatu asmoz. Egun, ordea, harreman ona dute udalarekin, eta Bibalabirjen izena du gaztetxeak antolatzen duen jaiak; festetako batzordeak antolatzen duen egitarau ofizialaren osagarri izaten da beti. Ekitaldi bateratuak ere izaten dituzte; zubiko Zahagiardoa, esaterako. “Udalaren laguntza jasotzen dugu festak antolatzeko, eta eskertzekoa da”, adierazi du Goikoetxeak, eta gogora ekarri du “oso giro berezia” izaten dela Zahagiardoan.

Autogestioaren garrantzia

Gaztetxea ez dela enpresa bat eta ez duela sarrera ekonomiko finkorik nabarmendu du Goikoetxeak: “Leku alternatibo bat da, jende gaztea eta ez hain gaztea nahi duen ekimenak garatzera, jendearekin sozializatzera, eta pentsaerak elkarbanatzera joan daitekeena; eta horrek, noski, autogestioarekin lotzen zaitu”. Gaztetxean egonda eta ekimenetan parte hartuta, bertako kide sentitzeko aukera izaten dela gaineratu du Goikoetxeak, eta horrek espazioaren kudeaketan eta autogestioan parte hartzera bultzatzen duela: “Zerbait gaizki dagoela ikusten baduzu, hori konpontzeko edo bideratzeko beharra sentitzen duzu. Behar horri segika, norbera saiatzen da arazoari irtenbidea ematen kanpoko baliabideren bati heldu aurretik”.

Hasierako urteekin alderatuta, aldatu egin da giro politikoa eta soziala. “Gaztetxea okupatu zuten unean gazteek bazekiten zein zen helburua, zeren kontra zeuden, eta zer egin nahi zuten”. Goikoetxearen ustez, gaur egun bere horretan jarraitzen du helburu horrek. “Baina kanpo faktore gehiago daude, eta, esaterako, aisialdirako modu ezberdin asko daude. Gaur egun, bertara joaten diren gazteentzat egokitutako gunea da gaztetxea”.

Eraikinak berak ere izan ditu aldaketak. Kanpotik, hainbat kolore izan ditu, eta gorriz margotuta dago egun. Agertoki handi bat du barruan, eta bigarren solairua eraiki dute azken urteotan; hori izan da aldaketa nabarmenena. Ate berezi bat ere badago, hasierako urteetatik gaur egunera arteko pegatinaz betetakoa; gaztetxera joan izan diren musika taldeenak dira horietako asko.

Gaur egun, ostegunetan elkartu ohi dira gaztetxeko kideak, ekimenak antolatu behar dituztenean, batez ere. “Denen iritziak kontuan hartzen ditugu erabakiak hartzean”, azaldu du Goikoetxeak. Bestalde, musika jotzeko elkartu ohi dira bertan, eta bertsotan aritzeko talde bat ere badago. Gaztetxean parte hartzeko ateak irekita daudela nabarmendu du alegiarrak, eta, zentzu horretan, azken urteotan Gazte Eguna antolatzen hasi dira belaunaldi berriek pausoa eman dezaten bidea errazteko. “Ikusten genuen kostatu egiten zela gazte berriak etortzea. Gazte Egunarekin protagonismoa ematen zaie sartu berri diren gazte horiei edo sartzeko pausoa eman nahi dutenei”. Arrakasta izaten ari da ekimen hori. “Eta mantendu beharreko ohitura da”.

Urtero-urtero ospakizuna izaten dute abenduan, eta aurten ekitaldi ugari egin dute dagoeneko. “Uste dut inoiz baino jende gehiago dabilela gaztetxean, bai ekintzak egiten direnean, eta baita antolatzerakoan ere”, adierazi du Goikoetxeak. Hain justu, bihar izango dute urteurreneko egun nagusia, eta egitarau zabala daukate prest. Besteak beste, ohiko babarrun jatea izango dute gaztetxean, eta musikak bere tartea izango du gauean; EtsaiakEroak disko berria aurkeztuko dute eta Nomadak taldeen kontzertuak izango dira.

Ez daude leku berean 30 urte iraun duten hainbeste gaztetxe, eta horietako bat da Alegiakoa. “Zer pentsatua ematen du gaur egungo gaztetxea hainbeste jenderen ekimenari esker daukagula ikusteak. Gaur egun lanean ari garenon eta atzetik datozen gazteagoen esku dago etorkizuna, eta aurrera segitzeko asmoa dugu, altxorra baita herrian horrelako leku bat izatea”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.