“Esperantzari zirrikitu bat irekitzen dio Elgetakoak; ea nora daraman”

“Esperantzari zirrikitu bat irekitzen dio Elgetakoak; ea nora daraman”

E. Goenaga Lizaso

Frankismoaren biktimei gaur eskainiko zaien Urrezko Dominak legealdi hasieratik egindako lana borobiltzen duela dio Maribel Bakero Foru Aldundiko Giza Eskubideen zuzendariak (Urnieta, 1970). “Baina hau ez da amaiera; asko dago egiteko, oraindik, memoria historikoaren arloan”.

Bergarako epaile batek tramiterako onartu du Elgetan izandako krimenen salaketa. Nola baloratzen duzue erabaki hori?

Gipuzkoan lehen aldia da erakunde publiko batek halako krimenengatik aurkeztutako kereila bat onartu eta instrukzioari bidea ematen zaiola. Ikertu egingo da, behintzat, eta hori ona da. Aspaldikoak izan arren, gizateriaren kontrako krimenak dira eta horiek ez dute preskribitzen; beraz, ea bidea egiten duen.

Beste salaketei bidea irekiko diela uste duzu?

Eragin handia du zein epailek hartzen duen salaketa bakoitza, baina Elgetakoak esperantzari zirrikitu bat irekitzen dio, bai; ea nora daraman. Salaketen helburua ez da pertsona zehatzak zigortzea, delitu egile asko hilda baitaude jada; sententzia bat lortzea da helburua, eta Justiziak aitortzea gertatutakoak krimenak izan zirela. Justiziaren aitortza hori falta da, eta erreparaziorako modu bat litzateke.

Hainbat dira Euskal Herrian salaketak aurkeztu dituzten udal eta elkarteak. Diputazioa ere ari da bide hori aztertzen, ezta?

Bai, halakoetan udalek herri akusazio gisa aurkezten dute salaketa, herrian gertatutako krimenengatik. Gure kasuan zalantza genuen ea administrazio publiko gisa egin genezakeen bide hori. Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Katedrari eskatu genion hori argitzeko, eta erantzuna izan zen baietz, badugula aukera bide hori jorratzeko, bai hemengo auzitegietan eta baita Argentinan ere. Beraz, txosten hori gure abokatuen esku dago orain, eta bide prozesala prestatzen ari dira.

Beraz, salaketa aurkeztu aurkeztuko duzue?

Bai, eta printzipioz gure aukera da bidea hemen jorratzea, nahiz eta ez dugun ixten Argentinara joateko aukera ere.

Kasu zehatzak eramango dituzue auzitegietara?

Oraingoz guztiz erabaki gabe dago zein kasu zehatz salatuko ditugun. Badugu epaitu gabe edo epaiketa sumarisimoen ondoren fusilatuei eta desagertuei buruzko txosten bat, eta kasu horietan argi dago gizateriaren aurkako krimenak direla. Gure nahia da salaketan horiek, behintzat, jasotzea.

Bide judizialetik harago, Gipuzkoako Foru Aldundiak gerrako eta frankismoko biktimak omenduko ditu gaur, Urrezko Dominarekin.

Legealdi hasieratik egindako lana borobiltzera dator ekitaldi hau. Ez da bide baten amaiera, memoria historikoaren inguruan lanean jarraituko baitugu, baina bada orain arte egin duguna biltzeko modu bat. Gure asmoa da gerran eta gerraostean izandako biktima guztiak errekonozitzea; biktimek izen-abizenak dituzten arren, zerbait kolektiboa egin nahi genuen, errepresioa pairatu zuten guztiei tokia eginez.

Hildakoak aipatzen dituzue, baina baita kultur eskubideak urratu zizkietenak ere. Horrek espektro oso zabala jartzen du mahai gainean.

Maila eta esparru askotan izan zen errepresioa. Zapalkuntza erabatekoa izan zen España una, grande y libre horretatik abiatuta. Hor daude, noski, gerrako krimenak; baina ezin dugu ahaztu gerraostea ere oso krudela izan zela, eta hori oroitzea da gure helburua.

Orain arteko bidea borobilduko du ekitaldiak. Zer eman du orain arteko bideak?

Legealdi hasieran erabaki genuen bilketa bat egitea ordu arte memoria historikoaren inguruan egindako bide luzea aztertzeko. Aranzadiri eman zitzaion enkargua, eta Gipuzkoan egindako jarduera guztien mapa osatu zuen. Hortik ondorioztatu genuen, adibidez, emakumeena gutxi sakondutako gaia zela. Hala, memoria historikoari dagozkion diru laguntzetan emakumeei buruzko lanak gehiago puntuatzen hasi ginen. Bestalde, foru aldundiak hainbat aitortza ekitaldi ere egin ditu; ferrobiarioena eta Kandido Sasetarena, kasu.

Pixkanaka ari gara memoriaren hutsune horiek betetzen, eta orain transmisioa da gure egitekoa, hurrengo belaunaldiei gure aurreko belaunaldiek egin zutena azaltzea.

Leave a Reply

Your email address will not be published.