Izena jarri gabe, izana aitortu

Izena jarri gabe, izana aitortu

Eider Goenaga Lizaso

Memoria historikoaren ikuspegitik eta hainbatetan aldarrikatutako justiziaren ikuspegitik, albiste on batekin hasi zen astea. Bergarako Auzitegiak frankistek Elgetan egindako krimenak ikertuko dituela jakin zen astelehenean. Genozidio delitua aintzat hartu, eta, Elgetako Udalak eta Intxorta 1937 taldeak aurkeztutako salaketari esker, gerran eta gerraostean gertatutako hamalau krimen ikertzeko diligentziak abiatu ditu epaile batek. Euskal Herriko hainbat erakunde —batik bat, udalak— saiatu dira epaitegietako bidea urratzen eta dozenaka salaketa aurkeztu izan dira epaitegietan; baina Bergarakoa da gizateriaren kontrako krimen eta genozidio zantzuengatik ikerketa abiatu duen lehena —eta oraingoz, bakarra—.

Justiziaren bidea urratzeko oztopo eta ezintasunak, ordea, ez ditu ixten biktimei aitortza egiteko beste bideak. Eta horren adibide, Gipuzkoako Foru Aldundiak Urrezko Domina eskainiko die, gaur, frankismoaren biktimei eta haien senideei. Hala, izen propiorik gabeko Urrezko Domina izango da aurtengoa. Urtetan gordeta, ezkutuan eta isilpean egon diren eta egongo diren milaka pertsona baitaude omenaldiaren atzean: hildakoak, espetxeratuak, erbestea edo konfinamendua jasan zutenak, errepresio sozio-ekonomikoa pairatu zutenak, bortxatutakoak, lan behartuetan ibilitakoak, eta haien eskubide sozial, ekonomiko, politiko eta kulturalak zapaldu zizkieten herritarrak.

Dominak milaka jabe

Urrezko Dominaren aurkezpen ekitaldian Imanol Lasa foru bozeramaileak honela azaldu zuen domina frankismoaren biktimei ematearen arrazoia: “Pertsona horiek guztiek egiaren, justiziaren eta aitormenaren eskubidea dute; eta omenaldi bat izatea merezi dute”. 1936ko estatu kolpeak, gerrak eta 40 urteko frankismoak Gipuzkoan errepresioaren milaka biktima utzi zituela dio Diputatuen Kontseiluak Urrezko Domina emateko onartutako espedienteak.

Ezinezkoa guztiei izena jartzea; bai, ordea, izan zirela onartzea eta aitortza egitea. Espedientearen arabera, 1.000 gipuzkoar baino gehiago exekutatu zituzten epaiketarik gabe, eta beste 400 bermerik gabeko epaiketa sumarisimoen ostean; frontean hildakoak gehitu behar zaizkio horri, baita Gipuzkoako herrietan izandako bonbardaketetan hildako ia ehun emakume eta umeak; eta nazien kontzentrazio esparruetan beste 60 izan ziren hildakoak. “Ezin ahaztu ditugu pertsona horiek guztiak, ezta goseagatik edo kartzelako baldintza negargarriengatik gaixotu eta hil zirenak, edota eskubideen aldeko, iritzi askatasunaren aldeko edo eskubide zibil eta politikoen aldeko manifestazioetan errepresioa jasan zutenak ere”.

Aldundiak ez ditu, baina, hildakoak bakarrik omenduko. Langile batailoietan eta kontzentrazio esparruetan egondako guztiak, erbestera joan behar izan zuten familiak, atzerrira bidali zituzten umeak, tratu txarrak eta torturak sufritu zituzten herritarrak… “Eta ezin ahaztu eskubideak galdu zituzten emakumeak, genero indarkeria jasan zutenak, edota erregimen frankistak onartzen ez zituen joera sexualak zituztenak…”.

Azkenik, herriak euskara eta euskal kulturarako eskubidea galdu zuela, euskarazko hezkuntza debekatua izan zela eta hori berreskuratzeko ehunka herritarrek ezkutuko lanean aritu behar izan zutela nabarmentzen du espedienteak. Landaren esanetan, “aipagarria da eskubide horiek aurrera eraman eta hurrengo belaunaldiei emateko pertsona askoren ahalegin baketsua, errepresio eta jazarpen testuinguru batean”.

Aldundia, kuartel nagusi

Gipuzkoan, Eibar eta Elgetako fronteetan izan ezik, gutxi iraun zuen gerrak. 1936ko irailaren 13an hartu zuten frankistek Donostia, eta ordurako ia Gipuzkoa osoa beraien esku zuten. Bi hilabete horietan foru aldundian gotortu zen lurraldeko defentsa batzordea, eta aldundiko langileek gogotik ordaindu zuten Errepublikaren alde jardutea. Depurazio prozesuetan 1.051 funtzionario publikok jasan zuten jazarpena eta errepresioa. Horiek ere izango dituzte gogoan gaurko ekitaldian.

18:00etan izango da ekitaldi instituzionala, Gipuzkoako Foru Aldundiaren jauregian, eta domina ere aldundiaren egoitzan geldituko da, 1936ko gerran Gipuzkoako erresistentzia gidatu zutenek kuartel nagusi gisa hartu zuten toki berean. Ehunka eskaera jaso dituzte ekitaldian egon nahi zuten herritarren aldetik, baina denei tokia egin ezinean, Internet bidez jarraitu ahal izango da ekitaldia.

Leave a Reply

Your email address will not be published.