Katalanen doinura dantzan

Beñat Alberdi

Eguraldia, gehienetan, ez da izaten lagunik onena abenduan, baina dantzazaleek lepo bete dute Elgetako Espaloia antzokia; eguraldiak barruan egoteko gonbita egiten duelako, akaso, baina Escamot Catala Kataluniako dantza taldea Okzitaniako dantzen ikastaro bat ematera bertaratu delako, ziurrenik. Ohikoa da hilean behin dantzazaleek Elgetako antzokia betetzea, dantzaldiak antolatzen baitituzte Herrixa Dantzan egitasmoaren barruan; kataluniarren bisita jaso dute oraingoan.

Gogotsu eta irribarretsu, jendeak argi du zertara etorri den: dantza berriak ikastera. Ehun lagun inguru bertaratu dira. “Izena eman zutenak baino gehiago agertu dira”, argitu du Patxi Montero Herrixa Dantzan egitasmoko sustatzaileak. Dantzak ikastera inguratutakoez gain, bertan daude Escamot Catalako 36 kide ere. Horrelako ekintzetara, normalean, Debagoienekoak, Debabarrenekoak eta Durangaldekoak etortzen direla adierazi du Monterok, baina Zarauztik eta Bilbotik ere bildu dira oraingoan.

Joan Codina kataluniarrak hartu du ikastaroaren gidaritza. Dantza munduan jarduna da Codina, eta Okzitaniako dantzetan espezializatu da. Korroan dantza bat, kantatuz beste bat, soka dantza ondoren… Interes berezia nabari zaie parte hartzaileei. “Ikastaroari helburu bat zehaztu genion hasieratik: Frantzia hegoaldeko dantzak ezagutaraztea”, azaldu du Monterok. “Emanaldian, Euskal Herritik gertuko dantzak izan ditu oinarri Codinak: Gaskoiniakoak, Landetakoak eta Biarnokoak”. Frantziako estatuaren ia hegoalde osoa hartzen du Okzitaniak, Kantauri ertzetik hasi eta Mediterraneoraino.

Landu dituzten dantzek badute beste berezitasun bat: Euskal Herrian galdutako dantza generoak dira. “Badakigu Euskal Herrian existitu izan zirela, baina ez dira gorde”, nabarmendu du Monterok. Zuberoan bakarrik mantendu da tankera horretako dantza bat. “Eta jendeari irrika berezi bat pizten dio galdutako mugimenduak ezagutzeak”.

“Gertutasun handia behar da dantzatzeko”, adierazi du Herrixa Dantzan-en sustatzaileak; elkarri aurpegira begiratzea eta kontaktu fisikoa jarri ditu adibide modura. “Harremana sortzen da gertutasun horri esker; konplizitatea sortzen da dantzarien artean”. Ikastaroa amaitu bezain pronto igarri da konplizitate hori, euskal herritarrak eta kataluniarrak nahasian jarrita, korroak sortu baitira berehala. Iaz sortutako harremanaren jarraipena ere izan daiteke kasu batzuetan, kataluniarrak bigarren urtez jarraian etorri baitira Elgetara.

Dantzen unibertsoan, une batez taloek kendu diete protagonismoa dantzei. Eten bat izan da, atseden txiki bat, afari bat; harremana sortzeko aukera bat, eguna ez baita amaitu oraindik. Afari ostean, berriro itzuliko da gerria mugitzeko aukera. Dantzaldia hasiko dute behin sabela beteta. Herrixa Dantzan egitasmoaren barruan dantzaldiak antolatzen dituzte hilabetero, ikastaroetan ikasitakoa proban jartzeko eta aurretik barneratutako kontzeptuak erakusteko. “Hainbat estilo sartzen ditugu ikastaroetan, eta zailtasuna ere aldakorra izaten da”, argitu du Monterok. “Guztientzat dibertigarria izatea da helburua, eta, ahal dela, dantzetako batzuk ikastea”. Ikastaroak eta dantzaldiak alderatu egin ditu Monterok ikasteko bidean. “Gustu kontua da, azken batean. Batzuek nahiago izaten dute astero klaseak izateko dinamika, baina, ibilian-ibilian, dezente ikasten da ikastaroekin ere”.

Bi errealitateak alderatzen

Euskaldunak dantza mundutik oso gertu ikusten ditu Codinak: “Euskal Herrian, oro har, oso presente dago mugimenduaren kultura, dantzarekin lotutako hiztegia eta gorputz hizkuntza. Leku askotan oso erraz aurkitu dugu dantzan dakienen bat, edo, adibidez, panderoa jotzen dakienen bat”. Kataluniako errealitatearekin alderatuta, Euskal Herrian euskal dantza tradizionalen presentzia handiagoa dela nabarmendu du Codinak; adibidez, festetan. “Ispilua da guretzat; inbidia pixka bat ere ematen digu. Kataluniako errealitatea Euskal Herrikoaren antzekoa izan dadin lanean ari gara”. Gidariaren hitzetan, hori bai, kataluniarrek folka eta munduko dantzak gehiago ezagutzen dituzte euskal herritarrek baino. “Israelgo dantza bat egingo genuela aipatzean, jendeak harrituta galdetzen zuen ea nola genekien horrenbeste”.

Escamot Catala taldeak duela bi urte egin zuen lehenengo bidaia. Ez da dantza talde soil bat: dantzazaleek eta musikariek osatzen dute. Euskal Herritik jasotako gonbidapen batekin sortu zen taldea. Zehatzago esanda, nazioarteko folk jaialdietan ezagutu zuten elkar Codinak eta Mikel Xabier Juaniz iruindarrak. Juanizek egiten ditu kontaktu lanak, eta hark antolatzen dizkie bidaiak. “Talde txiki bat tabernaren batean edo kalean bertan jotzera etortzea zen hasierako ideia”, azaldu du Juanizek. “Baina 16-17 lagun etorri ziren azkenean. Iruñean, Elorrion eta Gasteizen aritu ziren dantzan lehen urte hartan”. Aurten, berriz, Iruñea, Elgeta, Donostia eta Ahetze (Lapurdi) igaro dituzte. “Oso modu ona da bidaiatzeko”, nabarmendu du Codinak. “Ohiko bidaien tokiak ezagutzen ditugu, baina baita pertsonak eurak ere. Ziurtatuta egoten da bertakoekin harremana izatea”.