Liburu artean emozio bila

Liburu artean emozio bila

Unai Zubeldia

Emozioak sortzeko saioa izango da; hitzez eta doinuz barrua astintzekoa. Poztasuna eta zoriontasuna; tristura; haserrea, gorrotoa eta sumindura; beldurra; harridura eta txundidura; eta nazka, nahigabea. Sei sentsazio, sei kolore; erritmo lasaian, giro goxoan. “Abestien bidez ikusleari emozio horiek sortzea izango da erronka, eta, horrez gain, artistek eurek orain arteko ibilbidean baliatu dituzten literatura erreferentziak, pasarteak eta gainerakoak ere irakurriko dituzte tartean”. Literatura, musika eta emozioak uztartuko dituzte gaur, 19:00etan, Oñatiko udal liburutegian egingo duten saio linbikoan.

Linbiko management&booking+kultura+produkzioak agentziaren izenari tiraka sortu zuen egitasmoa Jon Gondrak (Mungia, Bizkaia, 1975). “Ikastera edo liburuak irakurtzera joateaz gain, liburutegiei bestelako erabilera bat emateko beharra sentitzen genuen, eta musika, literatura eta emozioak elkarrenagana bildu genitzakeela pentsatu genuen”. Bilaketa lan horretan, etxeko musikarien maila goratu du Gondrak. “Kanpotik gauzak ekartzen aritzen gara askotan, baina batzuetan ez dugu baloratzen bertan daukaguna”. Musika eta kultur ekoizpenak, management eta booking zerbitzua ematen dituen enpresa gaztea da Linbiko, gizakiaren alderik berezkoenera jauzia eginda egileei eta artistei euren ibilbidean laguntza eta aholkuak ematea helburu duen proiektua.

Hasierako ideiari bueltaka, Borja Estankona, Rafa Rueda eta Eneritz Furyakekin harremanetan jarri zen berehala mungiarra, eta denen artean josi zuten emanaldia. Estankonaren esku egongo da gaurko emanaldia, ordubete ingurukoa; Ruedaren txanda izango da otsailaren 16an; eta Furyakena apirilaren 20an. Oñatin egingo dituzte hiru saioak, eta doakoak izango dira.

Musikariek eurek aukeratuko dituzte bertaratzen direnei emozioak sortzeko moduko abestiak. “Eurek aurretik sortutakoak, ekimen honetarako propio sortutakoak, bertsioak, literatura pasarteak… Artistek aukeran izango dute hori”, zehaztu du Gondrak. Emanaldia liburutegian izanik, liburuei ere erreferentzia egingo diete, noski, ordubeteko tartean. “Eta entzuleek aukera izango dute gero liburutegian bertan liburu horiek irakurri ahal izateko eta hausnartzeko”. Azken batean, “ahal den neurrian” musikarien eta entzuleen artean feedbacka sortzea delako erronka. “Kulturaren garrantziaz jabetu gaitezen lan pedagogikoa ere egin nahiko luke proiektu honek”. Ikuskera berritzaile eta hurbil batetik, herriaren kultur eskaintza handitzea da erronka.

Lehen saiorako ez dute kasualitatez aukeratu Oñati. “Urte guztian kultur ekimen asko egiten dute herri horretan, eta oso berezia izango da proiektu honek bideari bertan ekitea”. Besteren artean, gaur iluntzean bertan, saio linbikoa amaitu ondoren, Supituki antzerki emanaldia izango da Oñatiko Antixena gaztetxean, 22:00etan.

2018an, hiriburuetara

Berritzailea da ekimena. “Eta oso harrera ona izan dugu orain arte”, onartu du proiektuaren bultzatzaileak. “Hainbat udal, liburutegi eta musikariren deiak jaso ditugu tarte honetan, eta hurrengo urterako zabalik daukagu atea”. Izan ere, Oñatitik beste herri eta hiri batzuetara jauzia egiteko asmoa daukate hurrengo urterako, besteren artean Bilbo eta Donostiatik proposamena jaso dutelako dagoeneko. “Oso desberdina da herri eta hiri bakoitzeko errealitatea, eta inguru bakoitzera egokitu beharko dugu emanaldia. Baina saio guztiek izaera berbera izango dute oinarrian: esperimentazioa”.

Entzulea artistarengana hurbilduta eta elkarren arteko lotura sortuta, egungo gizartearen abiadura moteldu nahiko luke saio linbikoak. “Eguneroko bizimoduaren estres hori ahaztuta, psikologiari tokia egin nahi diogu proiektuan, musikaz eta letraz lagunduta”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.