“Sexualitate guztia eredu bakarrean sartuz gero, akabo”

Ane Olaizola

Ikastetxeetan berdintasuna, genero indarkeria eta sexualitatea lantzeko programa bat abian du Zarauzko Udalak azken urteotan, eta sexu-aholkularitza zerbitzua ere eskaintzen die herritarrei. Aitziber Estonba (Irun, 1976) Harremanak elkarteko kidea da Zarauzko Sexu Aholkularitza Guneko arduraduna. Sexualitatea eta harreman ereduak izan ditu hizketagai.

Zer zerbitzu ematen duzue Zarauzko Sexu Aholkularitza Gunean?

Herritarrek dituzten kezkak, galderak eta partekatu nahi dituzten arazoak jasotzen ditugu guk, eta doako zerbitzua ematen diegu 16 urtetik gorakoei; guztiz konfidentziala da informazioa. Haien alboan egon, bideratu eta jarraibideak ematen dizkiegu. Astearteetan, aurrez aurreko kontsultak egiten ditugu 17:00etatik 21:00etara. Horrez gain, sare sozialen eta posta elektronikoaren bidezko kontsultak ere baditugu astelehenetik ostiralera. Batez ere, gazteek erabiltzen dituzte bide horiek, nahiago baitute anonimotasuna. Alde positiboak eta negatiboak ditu horrek. Esaterako, daukaten arazoa handia bada, oso zaila da arazo hori posta elektronikoz bideratzea.

Herritarrek, oro har, zer dakite zuen zerbitzuari buruz? Zer nabari duzue?

Sexu-aholkularitza zerbitzua, batez ere, harreman erotikoetan sor daitezkeen arazoekin lotzen du jende askok. Baina askoz zabalagoa da sexualitatearen ikuspegia. Jaiotzen garenetik, pertsona sexudunak gara, eta gure bizitzan sor daitekeen guztiak ikuspegi hori biltzen du; ez da oinarritzen soilik harreman erotikoetan. Hau da gure saiakera nagusia: herritarrak ohartzea gai ugariri buruz egin dezaketela kontsulta.

Zein profiletako jendea joaten da zuengana laguntza eske?

Urtez urte oso aldakorra izaten da hori. Une hauetan, helduak etortzen ari dira aurrez aurrekoetara, 35 urtetik gorakoak. Posta elektronikoa, berriz, adin horretatik beherakoek erabiltzen dute; hau da, 16 eta 25 urte bitartekoek.

Zer kezka dituzte horiek?

Aldakorrak dira gaiak, baina pisu handia izaten dute bikoteen arteko bizikidetzak eta arazoek. Desirari eta menopausiari buruzko kezkak ere jasotzen ditugu. Adinaren arabera, ordea, desberdinak dira kezkak: preserbatiboarekin, lehenengo aldiarekin, maiteminarekin… Kontu horiekin arduratuta egoten dira gazteak; helduak, berriz, harreman erotikoetan dauden zailtasunei buruz hitz egitera etorri ohi dira. Azken urteotan, oso presente dago bikotearen bizikidetasuna.

Nolako harreman ereduak nagusitzen dira egun?

Bikoteek uste dute ez dutela inolako lanik egin behar euren bikote harremana mantentzeko. Ez ditugu zaintzen harreman erotikoak eta bizikidetzari dagozkionak. Behin bikotekidea lortuta, guztia eginda dagoela pentsatzen dugu, baina lanketa bat eskatzen du bikote harremanak; gero, bestela, ondorioak etortzen dira, eta harremana ez da aberasten.

Hitz egiten al da sexualitateaz?

Txisteak egiten ditugu, eta kexatu egiten gara gutxi egiten dugula, baina ez da naturaltasunez hitz egiten. Gazteek ere ez. Gizonezkoen artean, esaterako, erekzio arazoak dituztenen artean hamarretik bat joaten da kontsultara. Askotan, lagunekin ere konfiantza handia behar izaten da halakoez sakon hitz egiteko; pauso handia ematea eskatzen du. Bikotekideen artean ere komunikazio falta handia ikusten dut. Horregatik guztiagatik da beharrezkoa halako zerbitzuak eskaintzea.

Gazteek nolako heziketa dutela ikusten duzu ikastetxeetara joaten zaretenean?

Gazteek komunikabideen bidez jasotzen dute heziketa nagusia, eta horrek kezkatzen nau. Izan ere, kaltegarria izan ohi da komunikabideen eredua. Norbere burua kokatzeko garaia izaten da nerabezaroa, eta estereotipoetara jotzen da askotan. Baina asko sufritu daiteke horrekin. Konplexuz josi gaitezke ikusten ari garen gorputz eta harreman guztiak estereotipatuak direlako. Sexualitate guztia eredu bakarrean sartzen badugu, akabo. Izan ere, sexualitatean ez dute balio ereduek. Sexu-aholkularitza zerbitzuak zalantzan jartzen du hori guztia, baina basamortuko hondar ale bat besterik ez gara gu.

Zein da, orduan, irtenbidea?

Familiek ere gaia landu beharko lukete, eta garrantzitsua izango litzateke irakasleek ere prestakuntza jasotzea, zeharka bada ere ikuspegi hori zabaltzeko. Komunikabideen kontsumoa ere neurtu beharko genieke gazteei. Izan ere, oso indartsua da kanpoan dugun etsaia.

Askotan, gazteengan jartzen da arreta harreman ereduetan, baina zer gertatzen da arazoa helduen artekoa denean?

Guraso gisa, ondo aztertu behar dugu zer jokaera ditugun geure artean nahiz seme-alabekin. Gazteek ikusten badute kaskarra dela helduen arteko harremana, antzeko jarrera izango dute euren harremanetan. Etengabeko ikasketa da harremanena. Txikitatik garrantzia eman eta umearekin autoestimua lantzen bada, oinarri hobea izango du harremanetarako. Oso garrantzitsua da heziketa, eta jaiotzatik hasten da lanketa. Gurasoek ere pentsatu beharko lukete nolako harremana eduki nahiko luketen euren artean, eredu hori transmitituko baitute.