Soldaten igoera bihurtu da eztabaidagai nagusia

Soldaten igoera bihurtu da eztabaidagai nagusia

Unai Zubeldia

“Eutsi egiten diogu greba deialdiari”. Borondatea badago, baina irtenbidea ez da erraza. ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuen babesarekin, abenduaren 20rako greba mugagabera deituta daude Gipuzkoako kale garbitzaileak eta zabor biltzaileak —abenduaren 19an hasiko litzateke, 21:00etako txanda aldaketan—. Gauzatuz gero, lurraldearen %60-70 ingururi eragingo lioke grebak, Donostia, Irun, Hernani, Errenteria, Zumarraga eta Tolosari, besteak beste; 1.200 bat langile leudeke deituta grebarekin bat egitera, udalek eta mankomunitateek azpikontratatutako enpresentzat lanean ari direnak, hain zuzen ere. Greba deialdi horretatik kanpo geldituko lirateke udalek eta mankomunitateek zuzenean kontratatzen dituzten zerbitzuak.

Sindikatuak eta patronala joan den astelehenean eseri ziren adostasunen bat lortu nahian, eta, akordiorik gabe, gaur goizerako jarri zuten hitzordua. Eusko Jaurlaritzak hala deituta, balizko zerbitzu minimoak adosten saiatuko dira 09:30ean, eta ondoren helduko diote negoziazioari, 11:00ak aldera, Preco bitartekaritza erakundearen Donostiako egoitzan. Bi urteko negoziazioaren ondoren, “ultimatum gisa” langileek hiru gai jarri dituzte mahai gainean: hutsuneak betetzeko arautegia zehaztea, hitzarmenaren ultraaktibitatea mugagabea izatea, eta soldatak KPI Kontsumo Prezioen Indizearen gainetik igotzea. “Mahai gainean dauzkagun hiru puntuetatik ados samar jarri ginen puntu eta erdian”, adierazi zuen Jose Luis Ugarte ELAko ordezkariak astelehenean, hiru ordu pasatxoko bilera amaitu berritan. Ultraaktibitatearen gaian ados jarri ziren sindikatuak eta patronala, eta “pauso garrantzitsuak” eman zituzten hutsuneak betetzeko arautegiaren alorrean.

“Oso oinarrizko eskaerak”

Bi aldeak mutur banatan daude, ordea, soldaten igoeraren gaian. “Ez da aski mahai gainean jarri duten proposamena, eta grebara joko dugu hiru baldintzak bete ezean”, azaldu du Haizea Solagurenbeaskoa LABeko ordezkariak. “Horretan ez daukagu zalantzarik, eta aldarrikapenak areagotu egingo genituzke kasu horretan. Patronalaren esku dago zer egin. Ez gara ari eskatzen soldatak %5 edo %10 igotzeko; KPIaren gainetik legokeen soldata igoera bat soilik eskatzen ari gara”.

Ugarteren hitzetan, negoziazioaren muinera joanda, langileak ez dira ari eskatzen aparteko ezer. “Bi urteko tartean gauza asko utzi ditugu bidean, eta oso oinarrizkoak dira eskaerak; ez gaude prest hiru baldintza hauetako bakar bat ere bete gabe uzteko”. Solagurenbeaskoarekin bat eginda, patronalak ezezkoa ematen badu, abenduaren 20tik aurrera euren aldarrikapenak kalean entzungo dituztela jakinarazi du ELAko ordezkariak.

Hutsuneak betetzeko arautegiari dagokionez, LABeko ordezkariak argazkia atera dio euren eskaerari: “Gure ustez, gaur-gaurkoz %40, %60 edo %97ko lanaldia daukaten langileak dira kaltetuenak, prekarietate egoera larriena jasaten dutenak. Horregatik, horiei aterabide bat emateko eta lanaldi osoetara iritsi ahal izateko prozedura bat eraiki dezaten eskatzen dugu. Sindikatuontzat hor dago gure marra gorrietako bat”.

Negoziaketek iraun duten bi urteotan “gauza arraro asko” gertatu direla gaineratu du Ugartek. “Soldatei dagokienez, esaterako, bere garaian bi taula sortzeko proposamena egin zuen patronalak; kasu horretan, soldataren berrikuspena izango zuketen batzuek eta hortik kanpo geldituko ziren beste batzuk”. Sindikatuek proposamen horri ezezkoa emanda, ELAko ordezkariak azaldu duenez, soldaten kasuan Donostiako kale garbitzaileak hitzarmenetik kanpo gera zitezen eskatu zuen ondoren patronalak. “Donostiako Udalak langileen baldintzak publiko egin zituenean, ez zuen kontuan hartu soldaten berrikuspenik, eta sei urterako lotura zeukan horrek. Horregatik diogu gauza arraroak daudela atzean, eta, noski, langileak eurak ere jabetu dira horretaz, eta horregatik esan dute irtenbideren bat behar dela”.

Susmo bat dauka ELAko ordezkariak: “Donostiako langileen egoera lurralde guztira zabaldu [sei urtean errebisiorik ez izatea, tartean], eta baldintza hori Gipuzkoako langile guztiei zabaldu nahi die patronalak. Horregatik ez dute onartzen gu eskatzen ari garena”. Susmoak daude Ugarteren balorazioen oinarrian. “Baina soldatak igota langileek zenbat eta diru gehiago irabazi, orduan eta gutxiago eskuratuko du enpresak, eta, arlo ekonomikoan, hor dago koska”.

Azken unera arte hizketan

Solagurenbeaskoak adierazi duenez, gaur patronalarekin egin beharreko bilerak fruiturik emango ez balu, sindikatuak prest leudeke astearte iluntzera arte negoziazioari eusteko. “Oso sektore jantzia da kale garbitzaileena eta zabor biltzaileena, eta horrek lagundu egiten du negoziazioa, ustez, blokeatuta dagoenean ere, guztiei aurrera eginarazten”. Batetik edo bestetik bestelakorik saldu badaiteke ere, sindikatuek argi utzi nahi dute “langileak eurak” direla kaltetuenak greba deialdi guztietan. “Eta horregatik saiatuko gara egoerari irtenbideren bat aurkitzen. Hori bai, langileek oso argi daukate ezinbestekoa dela baldintza jakin batzuk beteko dituen sektoreko hitzarmen berri bat sinatzea”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.