Ignaziotar lurretan barrena

Ignaziotar lurretan barrena

Ane Olaizola

Urola Erdia, Urola Garaia eta Debagoiena eskualdeak batzen ditu Ignaziotar Lurraldeak. Turismo sustapenerako eta dinamizaziorako proiektua da, eta Europako lekuen bikaintasuna saritzen duen Eden sarietako bat jasoko du martxoan. Hain zuzen ere, Espainiako saria eskuratu du Ignaziotar Lurraldeak. Kultur turismoa izan da aurtengo sarien ardatza, eta Ignaziotar Lurraldea aukeratu dute bideragarria delako, babes soziala, teknikoa eta politikoa duelako, eta lurrean nahiz haren gainean dauden ondasunetan oinarritutako proposamena delako.

“Kontuan hartu dutena da elkarlanean ordenatu eta antolatu izan ditugula eskualde ezberdinetako baliabide eta guneak, bestela ez zirelako ikusgai egongo”, adierazi du Jexux Mujika Iraurgi Berritzen Urola Erdiko garapen agentziako turismo arduradunak. Eden sarien bidez, suspertzen ari diren leku turistikoei balioa eman nahi diete, eta herrialde ezberdinek lan sarea sor dezaten du xede, ezagutzak partekatuz.

Eta Hiru Tenpluen Ibilbidea eskualde ezberdinen artean sortutako proiektuen lehen adibideetako bat da. Duela hogei urte jarri zuten abian eskualdeetako garapen agentziek, Gipuzkoako zentro erlijioso eta kultural garrantzitsuenak ezagutarazteko asmoz: Azpeitian, Loiolako santutegia; Oñatin, Arantzazuko santutegia; eta Zumarragan, Antiguako baseliza. Behin ibilbide hori gizartean errotuta zegoenean, egitasmoa zabaldu eta Ignaziotar Lurraldea marka sortu zuten, bisitariak hiru eskualdeetara erakartzeko eta hango ondare sarearen balioa ezagutarazteko. “San Ignazioren figurari eta eta bere garaiari [XVI. mendea] lotutako hiru ondare artistiko, kultural eta historiko; guztia txertatu dugu proiektuan”.

Mujikaren iritziz, Hiru Tenpluen Ibilbidea da oraindik Ignaziotar Lurraldea proiektuaren ardatza. Ibilbidea oinez egin daiteke, mendiz, GR-286 ibilbidean. Loiolan hasi eta Arantzazun amaitzen da 47 kilometroko bidea, Antiguako ermitatik igaroz. Horrez gain, 2012tik, Ignaziotar Bidearen bitartez ere ezagut daiteke hango ondarea. Azpeitia eta Manresa (Katalunia) arteko ibilbidea da Ignaziotar Bidea, eta 1522. urtean Loiolako Ignaziok osatu zuen erromesaldiaren zati bat gogorarazten du. Lehen hiru etapak Ignaziotar Lurraldea osatzen duten hiru eskualdeetatik igarotzen dira. Mujikaren arabera, bide horrek nazioartean “oihartzuna eta fama” eman dio Ignaziotar Lurraldearen proiektuari ere.

Ondare sarea

Hiru tenplu nagusiez gain, hamaika eraikin, museo, artelan eta gune natural biltzen ditu Ignaziotar Lurraldea egitasmoak, hala nola Azpeitiko parrokian dagoen Bakardadearen kapera, Burdinbidearen Euskal Museoa, Zestoako Lili jauregia, Oñatiko Sancti Spiritus unibertsitatea eta hango erretaula, Ezkio-Itsasoko Igartubeiti baserria, Leintz Gatzagako Gatzaren museoa eta Legazpiko Mirandaola parkea.

Pixkanaka Ignaziotar Lurraldearen egitasmoa ezagun egiten ari dela esan du Mujikak, eta nabarmendu du hainbat modutara bisita daitezkeela gune horiek. Askok egunero edo aldiro zabaltzen dituzte ateak, edo bisita gidatuak egiten dituzte tarteka. Herritarren eskura jarri eta haiek ondarea interpretatzeko moduan izan dezaten, ordea, Ezkutuko Altxorrak egitasmoa antolatzen dute urtero. “Hainbat eraikinetako bisitak urtero errepikatzen dira, baina beste ekintza batzuk berriak izaten dira. Iaz, ibilaldiak, mendi irteerak eta ondare artistikoa eta historikoa ezagutzeko bisita gidatuak uztartu genituen”. Udaberrian da hastekoa aurtengo Ezkutuko Altxorrak egitasmoa, eta, bide beretik jarraituko badute ere, urte osora zabaltzea da antolatzaileen asmoa. Loiolan, Arantzazun eta Antiguan dauden hiru eskualdeetako turismo bulegoek, gainera, nahieran antolatu ohi dituzte bisitak eskaera egiten duten taldeentzat.

Leave a Reply

Your email address will not be published.