Jauregia, boterearen erakusgarri

Jauregia, boterearen erakusgarri

Asier Zaldua

Irimo mendiaren magaletik zaintzen du Urretxu, eta herrira lehen aldiz hurbiltzen diren guztien begiradak erakartzen ditu. Herritarrek ere egunero ikusten dute Ipeñarrieta izeneko jauregia. Alde batetik, haren tamaina handiagatik, baina, bestetik, baita kokapen estrategikoa duelako ere, magnetismo berezia izateaz gain.

Eraikina ipeñarrietatarrek egin zuten, 1605 inguruan; leinu horretako kideek kargu garrantzitsuak izan zituzten Espainiako gortean. Leinuaren sorreraren 400. urteurrena aitzakia hartuta, Gure Iragana taldeko Jon Ander Artzelus, David Cano, Nerea Iraola eta Borja Prietok familiari eta jauregiari buruzko liburua idatzi dute.

Ipeñarrietatarrak kapareak ziren, baina ez nobleak. Gure Iragana taldekoek egindako ikerketaren arabera, lanari esker lortu zuten kargu garrantzitsuak izatea. “Gipuzkoako familia batek gortean lor zezakeen mailarik altuena lortu zuten”, esan zuen Prietok liburuaren aurkezpenean.

575 metro koadro

Gortean lan egin zuen lehen ipeñarrietatarra Cristobal (1556-1612) izan zen; Filipe III.a erregearen idazkari eta Ogasuneko kontulari nagusi izan zen. Hark aginduta eraiki zen jauregia. 575 metro koadroko oina du eraikinak, baina, handia izan arren, oso urte gutxitan eraiki zuten; bost urte baino ez zuten behar izan. “Legazpi eta Zeraingo harrobietatik 400 tona hareharri ekarri zituzten horretarako. Bestalde, jauregian 4-5 metroko zutabe bat dago, pieza bakarrekoa. 1,5 tona inguru pisatzen du”, nabarmendu du Canok, jauregiaren beste ezaugarri batzuen artean. Cristobalek haien boterea erakusteko xedez eraiki zuen jauregia. Errege bidearen ondoan dago eraikita, eta errege bideak garai hartako autobideak ziren.

Nahiz eta oso kargu garrantzitsuak lortu zituen, ez zuen sekula ahaztu Urretxu. “Urretxura sarritan itzultzen zen, eta egun udaletxea den eraikina ere berak egin zuen. Horrez gain, gipuzkoarrek harengana jo zuten erregeak zerga bat ez igotzea nahi zuten batean. Gainera, berak eskatu zion erregeari baimena emateko legazpiarrei Seguratik banatzeko. Izan ere, negozioak zituen Legazpin”, azaldu du Prietok.

Cristobal Ipeñarrietaren emaztea Antonia Galdos Diaz de Santa Cruz izan zen. Haren familia egungo Iparragirre kalean bizi zen, eta kale horretako lursail bat eman zion ezkonsari. Han eraiki zuten egun udaletxea dena.

Martin Ipeñarrietak ere —Cristobalen anaiak— kargu garrantzitsua izan zuen: Santillanako abadea izan zen. Eta Cristobal eta Antonia Galdosen alaba —hura ere Antonia— oso ezaguna egin zen garai hartan, Isabel Borboikoa erreginaren ohorezko dama izan zelako. Gainera, Baltasar Karlos printzearen etxean aritu zen zerbitzari. Bi aldiz ezkondu zen, gizon boteretsuekin bietan.

Halere, ez zen hori izan Antonia Ipeñarrieta ezagun egiteko arrazoi nagusia; Velazquez margolari ospetsuak erretratu bat egin ziolako hartu zuen ospea. Semearekin batera margotu zuen, eta koadroa Prado museoan (Madril) dago 1905etik.

Velazquezek haren bigarren senarraren erretratua ere egin zuen, eta hori ere Pradon dago. Antonia Ipeñarrietaren bigarren senarra Diego del Corral y Arellano izan zen. Corral familiak Zarautzen jauregi bat zuen, eta Velazquezek margotutako koadroak bertan egon ziren, harik eta Antoniaren ondorengo batek, Maria del Carmen de Aragon-Azlor Villahermosako dukesak, koadroak museoari eman zizkion arte.

Koadroak New Yorken erakutsi zituzten 1989an, Velazquezi eskainitako erakusketa batean. Urretxuko udaletxean, berriz, Madrilgo museoak baimendutako bi kopia daude.

Bisitari ospetsuak

Ipeñarrieta jauregia, urretxuar boteretsuen etxea izateaz gain, bisitari ospetsuen ostatu ere izan da. Eraikinean Filipe III.ak eta bere alabak, Ana Austriakoak, lo egin zuten duela 400 urte, 1617ko azaroaren 2an, hain zuzen ere.

Ana Austriakoak Frantziako Luis XIII.arekin ezkondu behar zuen, eta Faisaien uhartean zuten hitzordua. Hara heltzeko, Gipuzkoa zeharkatu beharra zuten, eta Leintz Gatzagatik sartu ziren. Sekulako segizioa ekarri zuten: 190 karroza, 74 kotxe, 74 ohatze, 2.750 zela-mando, 2.000 zamabere eta laguntzaile mordoa.

Erregeak eta bere alabak bidaia ahalik eta erosoen egin zezaten, zubi eta bide asko konpondu behar izan zituzten. Gainera, toki guztietan bisitariei jana eta edana eskaintzera behartuta zeuden. Hori guztia zela eta, Gipuzkoari oso garesti irten zitzaion bisita hura.

Filipe III.a ez da Ipeñarrieta jauregian gaua igaro duen Espainiako errege etxeko kide bakarra. Isabel II.a Espainiako erregina ere Ipeñarrietan egon zen XIX. mendean. Bisita horrek ere zeresan handia eman zuen; izan ere, Ipeñarrieta banderekin eta zutoihalekin atondu zuten, eta erregina segizioaren aurrean heldu zen… pianoa jotzen.

Egungo jabeak

Izagirretarrek, bertako zerbitzari izandakoen ondorengoek, Ipeñarrieta erosi zuten 1956an. Oinordekotzan jaso zuen emakume bati erosi zioten. Jauregia Juan Joxe Izagirrek erosi zuen, eta egun bere seme Inixio bizi da bertan, familiarekin. Halako etxe handia mantentzeak lan handia ematen die, baina ez dute saldu nahi. Garai batean, Urretxuko Udalaren eskaintzari muzin egin zioten. Izan ere, izagirretarrek dagoeneko ipeñarrietatarrek bezainbeste urte daramatzate jauregian.

Leave a Reply

Your email address will not be published.