Kalitate onena lortzea xede

Kalitate onena lortzea xede

Ane Olaizola

Aiako Ibarrola Testaje Zentroak hamar urte baino gehiago daramatza lanean, baina, joan zen ekainean, Gipuzkoako Foru Aldundiak hainbat berrikuntza egin zuen hango azpiegituretan, eta bide berri bati ekin zion zentroaren jarduna kudeatzen duen EHAHE Euskadiko Haragi Abelgorriaren Hazleen Elkarteak. Ordura arte, soilik hazitarako edo bizitzarako izango ziren idiskoen hautaketa egiten zuten zentroan; baina, ekainetik, haragitarako idiskoak ere testatzen dituzte bertan. Era berean, enkanterako gune bat ere prestatu dute, eta, hain zuzen, joan zen abenduaren 17an egin zuten lehenengo salmenta.

Aldundiaren arabera, zentroa “erreferente” da Euskal Herrian idiskoen berme sanitario eta genetikoari dagokionez, eta horren adibide dira abelgorriek gainditu behar dituzten kontrol zorrotzak. Bizitzarako idiskoen kasuan, hamar hilabeterekin sartzen dira zentrora, eta sei hilabetez egiten dizkiete azterketak. Zentrora sartu ahal izateko, ordea, hainbat baldintza bete behar dute: hasteko, abeltzainak abelgorrien arrazari dagokion elkarteko kide izan behar du. Elkarteak, berriz, animaliak genealogia aproposa duela baieztatu behar du. Horrez gain, ikuskatzaileak animaliaren jatorrizko ustialekura joaten dira, “itxura ona” duela frogatzeko.

Idiskoak, berriz, aurrez pisaketa batzuk eginak izan behar ditu. Baldintza horiek guztiak betetakoan sartzen dituzte abelgorriak zentrora, eta han pisua nola irabazten duten kontrolatzen dute hamabostean behin. Egunean, gutxienez, 1,1 kilo irabazi behar dute, testatzearen amaieran animalia ontzat jo dezaten. Gainera, haren funtzionaltasuna egokia dela eta giharrak edo hezurrak ondo formatuak dituela baieztatu behar dute elkartekoek. “Azterketa gainditzen dute kalitate onekoak direnek eta kalitate hori beren kumeei transmititzeko gai direnek. Arraza barruan ugaltzea da horren helburua, eta idisko horiek bermea dute bihar aita izateko. Hau da, hautatutako idiskoak aita izateko erabiltzen dira, haien kume emeak gero amak izan daitezen”, adierazi du Iñigo Agirre aldundiko albaitariak.

Ekainaz geroztik, ordea, haragitarako erabiliko diren idiskoak ere aukeratzen dituzte Ibarrola zentroan. “Horien helburua da haien kumeak haragitarako onak izatea”. Horretarako, idiskoek lau hilabetez pasatu behar dituzte pisaketa kontrolak, eta aurreko baldintza antzekoak gainditu behar dituzte ontzat jotzeko. “Kasu honetan, haragia azkar ekoiztea da xedea, eta egunean 1,2 kilo behintzat irabazi behar dute”. Bizitzarako abelgorrien kasuan, soilik limusina eta blonda arrazekin egiten dute lan, baina haragitarako direnean behi xarolesak eta piriniotarrak ere hartzen dituzte.

Zentroak hasi duen atal berriarekin, sektore horren inguruan dauden hutsuneak bete nahi dituzte, eta “Euskadiko behi haragiaren ekoizpena eta salmenta bultzatzeko” Eusko Jaurlaritzaren estrategiaren barruan kokatu dute. Albaitariaren esanetan, “orain arte harakinek eta enpresek kanpora jotzen zuten haragia erostera, hemen ez zutelako aurkitzen eskatutako kalifikazioa; orain, abeltzainek, idisko hobea erabiliz, merkatu horretara iristeko aukera izango dute”.

Ukuilua, berrogeialdirako

Zentroaren norabide berriaren aurrean, aldundiak ekainean handitu egin zituen hango azpi-egiturak, animalia gehiago sar daitezen. Testatze mota desberdinak egingo direnez, gainera, berrogeialdirako ukuilu bat eraiki dute, zentroak berme handiagoa izan dezan: “Animaliak sartzen direnean, aurrez baldintza sanitario batzuk beteak izan behar dituzte, baina ezin ditugu zuzenean behin betiko ukuilura sartu nola dauden ziurtatu gabe. Hilabete eta erdiz egoten dira hasierako ukuiluan, eta han analitikak errepikatzen dizkiete, baldintzak bermatzen dituztela ikusteko”.

Berrikuntzak ekainean egin bazituzten ere, abenduan ikusi ahal izan zen horren guztiaren emaitza, enkantearekin. “Ordura arte, hautatutako abelgorriak kanpora eraman behar izaten genituen saltzera, eta horrek kostu handia eta denbora asko eskatzen zuen. Orain, bertan egiteko aukera dugu”. Abenduaren 17an zentroan egin zuten lehenengo salmentan, 37 buru jarri zituzten enkantean, eta haietatik 22 saldu zituzten, 2.200 eta 3.900 euro artean. Lehenengo saioaren helburua izan zen martxan jarri duten enkantea “mapan eta egutegian” kokatzea, kanpora begira ere erreferente izan nahi baitute. Hori kontuan hartuta, estreinako enkantearen balorazio ona egin du albaitariak. “Jende asko enkanteak nola funtzionatzen duen ikustera bertaratu zen. Uste dugu bigarren saiora erosteko asmoarekin etorriko direla. Kanpoko abeltzainak ere asko zeuden, eta hori garrantzitsua da”.

Hasiera batean, urtean lau enkante egiteko asmoa dute, eta edozein joan daiteke erostera. Salgai, berriz, soilik testajea gainditu duten abelgorriak jarriko dituzte, bermea mantentzeko asmoz. Agirrek jakinarazi duenez, zentroan sartzen diren animalien herenek gainditzen dute testajea. “Horrek ez du esan nahi animalia txarra denik. Beste komertzializazio mota baterako erabil daiteke”. Idiskoak enkantean saldu gabe geratzen direnean, berriz, jabeek gero etxera eraman ditzakete, betiere bizitzarako testatutako abelgorriak baldin badira. Izan ere, haragitarako idiskoen kasuan, zuzenean hiltegira eramaten dituzte saldu gabeko abelgorriak, merkatu paraleloak saihesteko.

Leave a Reply

Your email address will not be published.