Lehen “ikasleak”

Eskolaratzea erabaki duten lehen bi eragileen artean Ikasle Abertzaleak (IA) eta Tolosako Neska Taldea (TNT) daude. “Nazio mailako antolakuntza baten barruan gaude; beraz, bertatik etortzen diren lanketak aurrera eramaten ditugu. Hala eta guztiz ere, Tolosalde mailan gure autonomia daukagu, gure jarduerak aurrera ateratzeko. Kaleko Eskola horretarako tresna egokia dela uste dugu”, diote Ikasle Abertzaleak taldeko kideek. Eskualdean Batxilergo mailan mugitzen dira, nahiz eta DBH 3-4koek ere harremana duten: “Militantziarekin lehen kontaktua izaten da, eta horregatik da hain garrantzitsua; beste ikuspuntu zabalago bat ematen zaio gazte mugimenduari, eta Kaleko Eskolak, adibidez, funtzio hori ondo betetzen du, beste eragile batzuekin harremanak sortzen dituzulako”.

Normalean, ikastetxeetara bideratzen dute euren lanketa IA-koek. Kasu honetan, hezkuntza esparru horretatik harago joateko aukera ematen die Kale Nagusiko eskolak. “Hau da, gure esparrua zabaldu eta beste lanketa mota batzuk aurrera eramateko aukera ematen digu Kaleko Eskolak”.

Ikastetxetik eskolara, udaletxetik pasatu gabe: “Guk daukagun filosofiarekin ez gara udaletxera lokal bat eskatzera joango. Okupazioarekin guztiz bat gatoz, okupazioa legitimoa delako”.

Topagune izaten ari den horretara elkartu den beste eragile bat TNT da. Ez ditu gune baten beharrak eraman Kaleko Eskolara; udaletxeak utzita Abastos eraikuntzan gela bat baitute. Aldiz, beste eragileekin harremanetan jartzeko jo dute Tolosa erdiguneko “gune askera”: “Beste esparru batzuetan lan egiteko aukera ematen digulako, beste lanketa batzuk eginez”.

Tolosako Neska Taldeko kideen esanetan, okupazioaren inguruan ideologikoki “aniztasun handia” dago TNTn. Kaleko Eskolara jotzearen arrazoia, ordea, lehen aipatutako esparruan kokatzen dute. Orain arteko esperientziarekin gustura daude, eta beste eragileei ondorengo mezua zabaltzen diete: “Hasiera-hasieratik esku zabalik hartu gaituzte, inongo mugarik jarri gabe. Beste eragileekin elkarlanean aritzea izugarrizko aukera dela esango genieke”.

TNTren lanketa feminismoan zentratzen da gehienbat. “Baina feminismoaren ikuspegia aldatu nahi dugu, esparru parekide batzuk eraikiz”, diote: “Ez gatoz bat gaur egun zabaltzen den berdintasun eredu horrekin. Azkenean, gizarte arazo bat dagoela zabaltzen da, baina ez da hori soilik. Arazoa sistemaren estrukturatik dator. Erakundeetatik ateratzen diren kanpaina horiekin ez gatoz bat”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.