Oroimena ez da hondoratu

Olatz Mitxelena

Abenduaren 20a ez da data hutsala Pasaiako arrantzaleen komunitatearentzat. Halako egun batez, 1998. urtean, Marero itsasontzia desagertu zen, eta, harekin batera, zortzi arrantzale pasaitar. Horregatik, Pasaian data oso esanguratsua delako, Javier Mazpulek eta Ana Mari Benitok egun hori aukeratu zuten elkarlanean ondu duten liburua aurkezteko.

Naufragios en la costa vasca 1976-2016 izenburupean, azken 40 urteetan euskal itsasertzean gertatu diren 43 naufragioen gaineko dokumentazioa bildu eta argitaratu berri dute, Elkarrekin, Txertoa bildumaren barruan. “Oso garrantzitsua iruditzen zitzaigun aurkezpena egun berean egitea”, adierazi du Benitok, eta gaineratu du eguna zehaztu aurretik ere argi zutela liburuaren lehen aurkezpena San Pedron egin behar zela, “naufragio eta naufrago pasaitarren zenbatekoa handia delako”.

Izan ere, Pasaiako azken urteetako naufragioen kronika beltzean Marero ez da izen bakarra. Carreira ontzia bi urte lehenago hondoratu zen, 1996. urtean. Hamar arrantzale hil ziren hartan. Liburuaren aurkezpenean itsasoan bizitza galdu duten denak gogoratu zituzten —horietako 21, pasaitarrak—.

Arrantzaleak soilik ez

San Pedroko aurkezpenean Marero eta Carreira-ren naufragioak ekarri zituzten gogora, han bildutako senideen aitortza gisa, baina ez horiek bakarrik. Javier Mazpulek Gulstrav Trader eta Mareike B ontzienak nabarmendu zituen. Izan ere, Mazpulerentzat, Gulstav Trader-en naufragioa da guztietan esanguratsuena.

1979. urteko abenduaren 19an, Jaizkibelgo mendi-hegalean hondoa jo, eta itsasontziaren poparia eta zubia harkaitzetan trabatuta geratu ziren, urte luzez. “Zortzi urtetan zehar joan nintzen bertara, argazkiak egitera. Telegrama batzuk ere topatu nituen, oraindik etxean jasota dauzkadanak”.

Ondoren gertatu zirenak ere memorian ederki iltzatuak ditu Mazpulek: “Punta Ondartxo atoiontzia laguntzera irten zen, baina, zoritxarrez, olatu erraldoi batek bi praktiko eraman zituen berekin”. Manu Herrero eta Maximo Pedrosa antxotarrak ziren. Aitzitik, eta zorionez, Gulstav Trader ontziko tripulazioa osorik irten zen bizirik. Ez edonola, hala ere. “Lehen unean desagertutzat eman zituzten, bai itsasontzia eta baita eskifaia ere”, gogoratu du. Gaua zen, eta merkantzia ontziko marinel batek, kapitainaren aginduaren kontra, lurrera jauzi egin zuen, eta Jaizkibel mendian gora igo zen Donibaneko Larrabide auzora iritsi arte. “Gure Kabia baserriko atea jo, eta laguntza eskatu zuen marinel portugaldarrak. Berari esker erreskatea egin zen, eta onik irten zen eskifaia osoa. Oso naufragio txundigarria izan zen”.

Mazpulek gordeak zituen orduko argazkiak eta prentsa-ebakinak, 1976. urteaz geroztik naufragioekin zerikusia zuen guztia jasoa duelako. Dokumentazio hori izan da, hain zuzen, orain argitaratu duten liburuaren oinarria.

Dokumentazioa osatzeko, baina, hemeroteketan “urpekaritzan” aritu direla azaldu du Benitok. “Baionako liburutegiak lana asko erraztu digu”, nabarmendu du. Kofradietan ere bildu dute materiala, eta baita Pasaiako Portuko Itsas Kapitaintzan ere. “Bertan ontzien gaineko datu zehatzak jaso ditugu: itsasontzi mota, zein ontziolan eraiki zuten, urtea, armadorea…”.

Liburua, hala ere, datu bilketa baino askoz gehiago da. Naufragioen ikuspegi humanoari toki egin diote argitalpenean, betiere gaiak duen “karga emotiboa” kenduta.

Horrez gain, naufragioak zergatik gertatzen diren aztertu dute. Ondorioa, zentzu horretan, argia da: “Gutxitan egoten da kausa bakar bat”. Denboraleek eragina dutela zalantzarik ez da, baina, Benitok ohartarazi duenez, badira bestelako eragileak: “Motorraren mantentze falta, aingura bolaren akatsak, eta giza faktorea, askotan aitortu nahi izaten ez dena, baina naufragio askoren iturburu izaten dena”. Itsasoan lan baldintzak ez dira xamurrak, eta, askotan, segurtasunari ez zaio behar adina arreta jartzen, Maro-ren naufragioa adibide (2008. urtean): “Merkantzia ontzia Baionatik Pasaiara zetorrela, kapitaina lotara joan zen, eta pilotu automatikoaren akats bat zela medio, itsasontziak Jaizkibelgo arroketan bukatu zuen”.

Zaletasunak elkartuta

Argazkilari afizionatua, urpekaria eta, oro har, itsasoaren eta itsasontzien maitalea da Javier Mazpule. Aitak 1976. urtean Grosen hilabeteetan hondartuta egon zen Modern Express itsasontzia ikustera eraman zuenetik jarraitzen du gaia pasioz.

Ana Maria Benito, berriz, historialari eta arkeologoa da, eta bere ibilbidea itsas arkeologiari lotuta dago aspalditik. Hondarribiko eta Getariako portuen historia idatzia du, eta, horrez gain, Getariako Iturritxikiko urpeko indusketetan parte hartu zuen. Getariako indusketetan ezagutu zuten elkar Benitok eta Mazpulek, eta ordutik ari dira elkarlanean, naufragioen gaineko “bibliografian hutsunea handia” dela jabetuta.

Horregatik, liburua kaleratu ondoren ere ikertzen jarraitzen du bikoteak, eta dokumentazioa pilatzen, noizbait XX. mendearen lehen erdian gertatu ziren naufragioen gaineko liburua argitaratzeko itxaropenez.