Pentsioei eustea, gizarte osoaren ardura

Pentsioei eustea, gizarte osoaren ardura

A. Arzallus

Espainiako Gizarte Segurantza enpresa bat balitz, aspaldi legoke kiebran. Baina estatuaren babesa du, eta horrexek salbatzen du. Gauza da kontuak ez datozela bat pentsioekin. 2010az geroztik, diru sarrerak ez dira gastuak estaltzeko adinakoak, eta garai txarrei aurre egiteko aurreikusia zegoen erreserba funtsa hustu egin du legealdi bakar batean Mariano Rajoyren gobernuak.

“Datorren hileko pentsioak ordaintzeko dirurik ez dago, eta ez dakigu nondik aterako duten”, dio Marian Esnaola Duintasuna Gipuzkoako Jubilatu eta Pentsionisten elkarteko kideak. “Atera dezakete; beste gauza batzuetarako ateratzen dute. Baina gogor egiten ez badiegu, gure pentsioak arriskuan egon daitezke”.

Esnaolak oso garbi du: “Pentsio sistema publikoa muturreraino eraman nahi dute, ahalik eta gehien estutu nahi gaituzte, sistema pribatuaren mesedetan”. Hori horrela, bi gauza eskatu ditu: bata, Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako gutxieneko pentsio bat ezartzea, eta Espainiatik jasotzen duten pentsioa Jaurlaritzak osatzea; eta bestea, pentsio eta gizarte segurantzaren eskumenak eskualdatzea, Gernikako Estatutuak jasotzen dituen arren, oraindik aldaketa gauzatu gabe dagoelako.

Esnaolak “kapital finantzarioaren eskua” ikusten du pentsioen inguruko diskurtsoaren atzean. Etorkizunean pentsioentzat dirurik egongo ez den kontua gizartean beldurra sortzeko zabaldu den mezua dela dio. “Horren atzean finantza interesak daude, baina ez da Espainiara bakarrik mugatzen, munduko finantza sistemak bereganatu nahi ditu pentsio publikoen funtsak pentsio pribatuetarako”. Ohartarazi du, ordea, pentsio pribatuek ez dutela bermerik, burtsan daudelako, eta ez daudela herritar gehienen esku, garestiak direlako.

Zaharrak mantentzea gizarte osoaren ardura dela uste du Duintasuna elkarteko kideak. Pentsioak zerga bidez finantzatzea aukeretako bat litzatekeela dio; ez da, ordea, horretarako zerga jakin bat sortzearen aldekoa. Karga aberatsenen bizkar jarriko lukeen erreforma fiskal bat egitearen alde azaldu da.

Bitartean, borrokarako deia egin du Esnaolak. “Lehen ere halaxe irabazi genituen eskubideak, eta orain ere hala egin beharko dugu. Kalera atera behar dugu, eta gure eskubideak aldarrikatu. Bizitza guztia lanean pasatu dugu, eta ez dugu onartuko dagozkigun pentsioak ukatzea”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.