“Ziklo-krosean urte osoan aritu behar da bete-betean egoteko”

“Ziklo-krosean urte osoan aritu behar da bete-betean egoteko”

Iñaki Gurrutxaga

Joxe Ramon Izagirrek (Ormaiztegi, 1963) bitan irabazi zuen profesionaletan Espainiako ziklo-kros txapelketa, eta seitan Euskadikoa, Iñaki Maiorak irekitako bideari segika. Eta katea ez da eten, Gorka eta Ion Izagirre semeek aitaren arrastoari jarraitu baitiote.

Goazen mutiko garaira. Zerk bultzatu zintuen txirrindularitzara?

Gehienbat, Iñaki Maiora hemen entrenatzen ikusteak. Ni baino bederatzi urte zaharragoa da. Atsedenaldietan-eta hari begira egoten ginen. Eskolaren goialdean dauka baserria, eta ikusi egiten genuen zelaian goitik behera nola jaisten zen ziklo-kroseko bizikletarekin. Hemengo karrera ere irabazten zuen… Maiorarekiko fijazio handia nuen.

Ume-umetan ezagutuko zenuten Ormaiztegiko ziklo-krosa…

Txikitatik. Pilotan ere ibiltzen ginen, eta dudan ere egon nintzen, baina ziklismoan hasi nintzen.

Orduan bi kirol horiek izango ziren nagusi inguru honetan?

Ziklismoak pilotak baino indar gehiago zuen hemen, eta irtenbide gehiago ere ikusten zitzaion. Lanean 14 urterekin hasi nintzen, eta 15 urterekin bizikletan.

Oso gazte lanean. Zer esan nahi du horrek, eskola ez zenuela asko maite?

Ez gehiegi. Natura gustatzen zitzaidan, baina matematika, lenguaje… horiek ez zidaten grazia handirik egiten. Eta lanerako aukera ere sortu zen. Letag-en, hemen, Ormaiztegin, 30 urte egin nituen, eta azkeneko hamar urteetan Indarren nabil, Beasainen.

Zegamako talde batekin hasi zinen lehiatzen kadete mailan.

Hango lehengusu batek sartu ninduen. Albi-Telleria zen taldea, Elkartu Nahi soziedadekoa. Kadeteetan ez zegoen ziklo-krosik; gazte mailan hasi nintzen errepidean eta ziklo-krosean.

Lehenengo bizikletarekin gogoratzen al zara?

Garbi akordatzen naiz. [Jose Mari] Iurrebasori erosi nion tailerrean irabazitako diruarekin. 17.000 pezeta pagatu nuen, eta horrekin hasi nintzen kadeteetan. Berak ibilitako bizikleta bat zen, dena burdinazkoa; orduan ez zegoen gaur bezalakorik.

Garai hartarako diru pixka bat izango zen…

Bazen, bai! Lehenengo soldata 8.000 pezeta kobratu nuen.

Errepideko lehen garaipena Induraini esprintean irabazita lortu zenuen. Hori ez da sekula ahaztuko ezta?

Bai, egia da hori, 16 urterekin, Arbizun, lanetik ateratzeko baimena lortuta. Arratsaldean zen lasterketa. Biok egin genuen ihes. Tarte helmugako esprintak berak irabazi zituen, baina helmugan neronek izorratu nuen [barrez]. Artean bera ez zen ezaguna, baina gero egin zituenak ikusita, ba…

Nolako txirrindularia zinen?

Oso konpletoa; denetan ibiltzen nintzen ondo, bai ordekan, bai aldapan. Ez nintzen igotzailea, baina arina nintzen, eta azkar-azkarra ere ez, baina bizia bai.

Eta zergatik errepidekoa utzi eta ziklo-krosean zentratzeko erabaki hura?

Bietan aritu nintzen 22 urtera arte. Errepidean Orbearekin ibili nintzen, Jokin Mujikarekin, Peio Ruiz Cabestanyrekin… horiekin denekin. Baina lana egiten genuen zortzi ordura, eta kilometro askoko entrenamenduak egiteko denborarik ez nuen. 60 bat igual, baina gero karrerak 100dik gorakoak ziren, eta oso juxtu ailegatzen ginen. Errepidean ere lanean aritzen ginen taldeburuentzat. Izan nuen duda hori, urtebetez lana utzi eta txirrindularitzan zentratzeko, baina ez nintzen ausartu. Ziklo-krosean entrenatzeko denbora gutxiago behar zen, eta hor zentratu nintzen.

Baina jaso al zenuen errepidean profesionala izateko eskaintza garbirik?

Garbi-garbirik ez. Neronek ere ez nuen lana utzi nahi, ez nintzen itsutzen horrekin. Indurain-eta hasi zirenean, orduan kolpea jo zuen ziklismoak, dirua sartu zen, baina bitartean…

Dirurik ez zenuten ikusten orduan.

Orbean materiala eta bidaiak bai, baina dirurik batere ez. Gaztetan ez, baina gero, ziklo-krosean, beste soldata bat ateratzen nuen denboraldiak irauten zuen hiru hilabeteetan. Orain baino gehiago ordaintzen zen orduan. Nora zoaz orain 120 euroko sari bat irabazita? Orduan 40.000 pezeta jasotzen zituen irabazten zuenak, eta hori diru asko zen ordurako.

Maiora izan zenuen erakusle nagusia. Erabat autodidaktak izango zineten. Nola entrenatzen zineten?

Maiorarekin ziklo-krosean, eta Gabiriako [Santi] Izuzkizarekin errepidean. Entrenatzeko erabiltzen genuen zirkuitua hor dago oraindik. Maiora izan zen maisua; garai hartarako oso aurreratua zen. Gaur egun fisioterapeutekin egiten diren gauzak, hark egin zituen ordurako, luzaketak… Astelehenetan, karrera korritu eta gero, zirkuitura joaten ginen giharrak askatzera eta gimnasia egitera. Hori guztia lanean zortzi ordu sartu eta gero.

Profesionalak bai, baina lanarekin uztartuz.

Profesionala lizentzia bakarrik.

Titulu mordoxka bat irabazi zenuen, eta Munduko hamar txapelketatan parte hartu ere bai.

Alemanian, Herbehereetan, Belgikan, Suitzan, Txekian, Getxoko munduko txapelketan… Bazter batzuk ezagutu genituen, bai, baina ez pentsa bidaia zela; hotelean sartu, lehiatu eta buelta.

Igandean duzue Ormaiztegiko ziklo-krosa. Hor segitzen duzue antolatzaile lanetan.

Bai, hor segitzen dugu. Ea jende polita ekartzea lortzen dugun. Aitor Ruiz de Larrinaga, Aitor Hernandez, Felipe Hors ere nahi dugu ekarri…

Hor ere gorabeherak izan zenituzten, urte batzuetan antolatu ezinik…

Bai, guk korritzeari utzi genionean egon zen nolabaiteko desmotibazioa, baina gero mutikoak [Gorka eta Ion] korritzen hasi zirenean hasi ginen berriz.

Zuk behin bakarrik irabazi zenuen etxeko karrera. Urduri jartzen omen zinen.

Oso urduri. Oso nerbiosoa naiz. Kanpoko karreretan moldatzen nintzen, baina etxekoan sentitzen nuen erantzukizunak gainditu egiten ninduen. 1991n irabazi nuen azkenean; Francisco Plari, esprintean.

Gaur egun zer egoeratan ikusten duzu ziklo-krosa?

Euskal Herrian baxu samar. Ampo ari da saiatzen. Larrinagak eta Hernandezek urteak daramatzate. Espainian, Hors eta Esteban hor dabiltza; talde profesional bat atera dute. Larrinagak urte osoan korritzen du Lizarterekin, eta gero ziklo-krosean aritzen da; baina, hiru hilabetean bete-betean egoteko, urte osoan aritu behar da; ikusten ez den lan handia dago atzean.

Lur Zufiria, Ormaiztegiko neska bat, Gipuzkoako Txapeldun atera berri da ziklo-krosean, Oñatin, kadete mailan. Zuen garaian pentsaezina izango zen neskak ziklo-krosean ikustea.

Bai, neska fuertea da hori! Eta gure garaian? Orduan errepidean gu bakarrik ibiltzen ginen, ez mutil ez neska. Ez zen orain bezala; orain gazteak nahiz helduak ikusten dituzu errepidean.

Zu batere ibiltzen al zara?

Mendiko bizikletarekin. Errepideari beldurra hartu diot, horrenbeste istripu direla eta ez direla. Kuadrillatxo bat elkartzen gara, eta irteerak egiten ditugu uda aldean. Ondo pasatzen dugu.

Gorka semea hasi da berriz ziklo-krosean parte hartzen. Euskaltelen eta Movistarren ari zenean ez zioten uzten. Zergatik? Erorikoen beldurra?

Hori dena psikologikoa da. Errepidean ezin al da minik hartu ala? Erori, edozein tokitan eror zaitezke. Arriskutsua dela? Niretzat ez da arriskutsua. Mina har daitekeela? Bai, baina beste edozein tokitan bezala.

Zure eskarmentutik ari zara hizketan.

Nik ez dut sekula inolako hautsirik izan, ez sorbaldarik atera… Zortea? Ez dakit. Horregatik ematen diot nik garrantzi handia ziklo-krosa egiteari, teknika hartzeko eta erortzen ikasteko.

Ormaiztegin parte hartzekoa al da Gorka?

Ez; kasualitatea, igandean bertan Australiara abiatzekoak dira hango itzulia korritzera. Komentatu zigun ea eguna alda genezakeen, baina ezin zen ordurako.

Atzera talde berean ariko dira bi anaiak datorren denboraldian, Barhain-Meridan.

Bai, eta egutegi bera egin behar dute; ia urte guztia elkarrekin pasatuko dute, elkarren babesean. Zorte ona ez dakit, ea zorte txarrik ez daukaten behintzat.

Ionek iazko Tourrean zorte handirik ez zuen izan behintzat.

Eskerrak ez zuten irudirik eman telebistan! Sailkapenean ez zen inon azaltzen, eta segituan pentsatu nuen erori egin zela edo erretiratu egin zela, baina ez nuen pentsatzen horretarainokoa izango zenik. Dusseldorfera joan ginenean, eta esan zigunean bizkarreko muinetik milimetro batera hartu zuela min… Buelta emango dio, eta ikusiko dugu.

Semeei aholkuak eman zalea al zara?

Orain ja ez, lehen gehixeago. Hala ere, zerbait ondo ez dutela egin iruditzen bazait, esan izan diet, eta, normalean, kaso egin didate. Baina ez naiz izan erabat-erabat gainean egon den aita bat.

Gainera, orain ez dira Ormaiztegin bizi…

Tarteka etortzen dira. Eguberrietan ere hemen izan dira, baina, behin denboraldian bete-betean hasten direnean, gutxiago. Nekatuta etortzen dira, mugitzeko gogo handirik ere ez; familia ere sortua dute. Hori, azkenean, bizi legea da.

Ez omen zenuen nahi semeak bizikletara dedikatzerik, nahiago omen zenuen pilotara jo izan balute. Baina zer ikusi, hura ikasi.

Gorka oso ondo ibiltzen zen pilotan; estilo aldetik ondo, eta ezkerrarekin ere moldatzen zen. Ion ez horrenbeste. Baina, bueno, ziklismora jo zuten. Kirol oso exijentea da, sakrifizio handia eskatzen du, eta semeak ez dituzu horrela ikusi nahi. Baina atera dira, eta ni baino gehiago egin dute. Irabazi dituzten gauzak irabazteko asko ibili beharra dago.

Eta, aita bezala, nola bizi dituzu semeen lorpenak?

Adierazi ez dut egingo beharbada, baina oso harro, normala den bezala. Baina momentu txarrak ere pasatzen dira. Kanpotik ikusiz asko sufritzen da.

Leave a Reply

Your email address will not be published.