Atzeratuz doan errealitatea

Atzeratuz doan errealitatea

Unai Zubeldia

Erabaki zaila izan da, baina erabat beharrezkoa; kudeatzaile on orok bere esku dauden proiektuen bideragarritasuna bermatzeko eta herritarren interesak defendatzeko egokitzen zaion momentuan hartu beharrekoa”. Jon Iriondo Eibarko Udaleko Hirigintza eta Ingurumen zinegotziak onartu duenez, nahi baino gorabehera gehiago izaten ari dira Errebal proiektuarekin. Dragados S.A. enpresari adjudikatu zizkioten lanak 2015eko abenduaren 1ean, eta, 4.952.683,23 euroko aurrekontuarekin, 30 hilabeteko epea zehaztu zuten askotariko funtzioetarako eraikina eta kultur ekipamendua eraikitzeko lanak amaitzeko. Oraingoz, ordea, erdibidean gelditu da proiektua.

Dragados S.A. enpresak 2016ko otsailaren 1ean ekin zien Errebal merkatu guneko lanei, eta kostua 365.044,39 euro garestituko zela adostu zuten abenduan: guztira 5.317.727,62 euro —proiektua 2015eko maiatzean atera zuten lehiaketara, 8.276.542,84 euroko aurrekontuarekin—. Udalak jakinarazi duenez, 2.141.316,83 euroko balioa edukiko luketen lanak egin dituzte 2017ko abendura arte. “Baina lanak atzerapenarekin zihoazen, eta proiektu honetarako tarteko epe batzuk zehaztu genituen, idatzitakoa betetzen ari zirela ziurtatzeko”.

Epe horien arabera, joan den urteko irailerako amaituta behar zuen Errebal proiektuaren hormigoizko eta metalezko egiturak, baina abenduaren 1ean artean amaitzetik urrun zeuden lan horiek. “Kontratuan argi gelditu zen lanen esleipena bertan behera geldituko zela tarteko edozein epe hiru hilabete baino gehiago atzeratuz gero”. Eta udal gobernuak horregatik hartu du erabakia.

Eibarrentzat kolpea da 2007tik birmoldatu ezinik dabiltzan gunea beste behin ere geldirik egotea —2017ko otsail erdialdetik martxo amaierara ere geldituta eduki zituzten lanak, Dragadosek azpikontratatutako enpresa batekin zeuzkan gorabeherak tarteko—. Baina Iriondok argi utzi du “Errebalen proiektua gauzatuko dela bermatzeko” hartu dutela Dragadosekin zeukaten akordioa bertan behera uzteko erabakia. “Hirugarren enpresa batek hartu beharko du lanak amaitzeko ardura”. Otsail-martxoan Dragadosen kontratua behin betiko etenda, lanak zertan diren ikusi, proiektua idatzi, eta lehiaketa publikoa egingo dute berriz ere.

2007ra arte jauzia egin beharra dago Errebal proiektua izaten ari den atzerapenaz jabetzeko. Hori bai, Iriondok argi utzi du orduko egitasmoak ez daukala zerikusirik egungoarekin. Orduko merkatu plaza eraitsi eta merkataritza gune berria eta aparkalekua eraikitzea zen 2007ko asmoa, baina, krisi ekonomikoa tarteko, lanak gauzatu ezinik gelditu zen SPV Eibar Boulevard S.L. sustatzailea —2009tik 2016ko otsailera arte aparkaleku gisa erabili zuten gune hori—. Ideia lehiaketa abiarazi zuen gero udal gobernuak, eta Vaumm Arkitektura eta Hirigintza enpresaren esku gelditu zen proiektua idazteko ardura; 2015eko maiatzaren 15ean onartu zuen udalbatzak. Hamahiru enpresak aurkeztu zuten proiektua, eta lehiaketa hartan esleitu zizkioten lanak Dragadosi.

Mojen lur saila, desjabetzear

Errebalekoa ez da, ordea, Eibarren gauzatzeko zain dagoen azpiegitura lan bakarra. 2017ko abuztuan Ipurua futbol zelaiaren ondoan dagoen moja kontzepzionisten kongregazioaren lursailak desjabetzeko eskaera egin zuten mojek eurek —2009tik hutsik dago eraikina—, eta desjabetze auzitegiak zehaztuko du zenbatekoa den lurren balioa. Ondoren, udalak erosiko luke lur saila —kirol erabilpenerako jabetza publikoko zoru gisa dago izendatuta—. Leku estrategikoan dago lursaila, Ipurua futbol zelaiaren eta kiroldegiaren artean, eta mahai gainean daude bi azpiegitura horiek handitzeko proposamenak.

Bestalde, “berandu baino lehen” udalak zaharberritze lanak egin nahi ditu Astelena pilotalekuaren ondoko udal eraikinean. “Balio handiko eraikuntza da, baina oso egoera txarrean dago”. 845.734 eurokoa da aurrekontua. Besteak beste, bertara eramango lukete Andretxea Eibarko Emakumearen Etxea.

Leave a Reply

Your email address will not be published.