“Gurasoekin hitz egin ostean, laguntzei eustea erabaki genuen”

“Gurasoekin hitz egin ostean, laguntzei eustea erabaki genuen”

E. Goenaga Lizaso

Mendekotasun laguntzen aldaketak azaldu ditu Maite Peña Gipuzkoako Gizarte Politikako diputatuak (Errenteria, 1975), baita adingabeen kasuan lehengo moduan uztearen arrazoia ere.

Urte hasierarekin sartu dira indarrean mendekotasuna duten pertsonentzako diru laguntzen aldaketak. Zeintzuk dira?

Mendekotasun handia dutenei —2. eta 3. gradua dutenei— laguntza handitzea izan da helburua, eta, era berean, Mendekotasun Legera egokitzea, lehen sei gradutan banatzen zirenak hiru gradutan baitaude orain. Bestetik, etxeko zaintza profesionalizatzearen aldeko apustua egin dugu, eta kanpoko pertsonen kontratazioa sustatu. Kalkulatzen dugu 250 lanpostu sortzea ekarriko duela horrek.

Diru laguntzak, halere, ez dira derrigorrean pertsona bat kontratatzeko erabili behar, ezta?

Ez, orain dauden ereduek bere horretan jarraitzen dute, baina diruz gehiago lagunduko dugu zaintzarako norbait kontratatzea. Orain arte bezala, zaintza etxekoek egin ahalko dute, baita kanpoko pertsona bat kontratatuz edo zentro batean sartuz ere. Aukera edozein dela ere, diru laguntza jasoko dute; baina laguntza handiagoa izango da pertsona bat kontratatzen dutenentzat, eta txikiagoa zaintza etxekoekin egiten dutenentzat.

Formazioa eskainiko zaie zaintzaileei.

Bai. Laguntza jasotzeko ezinbestekoa izango da familiakoa den zaintzaileak formazioa jasotzea. Abuztura arteko epea jarri dugu horretarako, eta formazio ikastaroa foru aldundiak eman eta ordainduko du. Horrez gain, 85 urteko muga jarri dugu mendekoaren zaintzaile nagusia izateko.

Aldaketa honen atzean murrizketa ezkutatzen ari zaretela leporatu dizuete. Hala al da?

Ez, ez dago murrizketarik. 1. graduan daudenei zerbait jaitsiko zaie laguntza; baina mendekotasun handia dutenak lehenetsi ditugu, eta horiei igo egin zaie. Ia bost milioi euro gehiago erabiliko dira, eta, adingabeen kasuan, milioi erdi gehiago.

Adingabeen kasuan, hain zuzen ere, guraso baten txio bat tarteko, aldaketarik ez egitea onartu zenuten. Ez da ohikoa.

Agian ez, baina nik beti izaten ditut kontuan kalean jasotako kexak, proposamenak eta abar. Kasu honetan, garun paralisia duen ume baten aitak oso argi eta errespetu osoz azaldu zuen gaia Twitterren. Hori irakurrita, berehala ohartu ginen akatsaz. 16.000 lagunek jasotzen dute laguntza, eta umeak 805 dira; aitortu behar dut, gaia lantzen urtebetez aritu arren, ez ginela jabetu haien egoera bereziaz, batez ere adinekoei begira aritu ginela. Tarte horretan, aditu, tekniko eta elkarteek ere ez ziguten ezer aipatu. Baina atzera egin eta laguntzei bere horretan eustea erabaki genuen aita horrekin eta beste guraso eta elkarte batzuekin hitz egin ostean.

Leave a Reply

Your email address will not be published.