Twitter

Foru aldundiak mendekotasun laguntzen aldaketa iragarri zuenean, garun paralisia duen ume baten aitak hari bat zabaldu zuen Twitterren murrizketen inguruan. Maite Peña Gizarte Politikako diputatuak erantzun eta bilerara deitu zuen. Harekin eta hainbat elkarterekin egin zituzten bilerak, eta adingabeen kasuan diru laguntzei eutsi eta apur bat igotzea erabaki zuen aldundiak. Hona Twitterreko elkarrizketa:

@Xabier_Martin (abenduak 15)

Mendekotasuna onartua duten pertsonentzako laguntzak aldatzera doa @OrainGipuzkoa, eta iragarritakoa betez gero injustizia handia eragingo du. Hauxe da gure kasua.

3.2 gradua onartua dauka 9 urteko semeak, buru paralisiak erabat baldintzatzen duelako. Hain justu gradu horretakoei egingo die @maitepenalopez-en sailak murrizketa handiena.

Hilero ia 100 euro gutxituko dute jasotako laguntza, urtean 1.200 eskas. […]

@OrainGipuzkoa-ren asmoa laguntza profesionalizatzea omen da; ongi, ulertzen dut zein den ideia, baina arazo bat dago.

[…] Haurrak sartu behar ditugu zentro profesionaletan? Ez ote daude hobe gurasoekin?

[…] Ez ote zekien @maitepenalopez-ek mendeko haurrak familiaren zaintza beroan daudela hoberen, eta familien ahalegin amaiezinak ez zuela horrelakorik merezi?

Pentsatu nahi dut umeekin salbuespena egiteko garaiz dabilela @OrainGipuzkoa, zaintza horretan 1.200 euroko aizkorakadak sufrikario galanta dakarkigu eta.

Begirune osoz esaten dizut, @maitepenalopez: eman beste buelta bat aurreikusitako murrizketa horri, mesedez, ez da bidezkoa, ez da eraginkorra eta samin handia eragingo du. Segi ondo.

@maitepenalopez (abenduak 18)

Kaixo, Xabier! Maite Peña naiz. Milesker zure mezuagatik. Modu argian azaldu duzu prestazioaren aldaketak nola eragingo lizuekeen semearekin. Horregatik bilera batera deitu nahi zaitugu konponbide bat bilatzeko.

@Xabier_Martin (abenduak 18)

Kaixo, Maite. Esan beharrik ere ez dago: niregatik primeran. Noiz batzartuko garen zain geratzen naiz. Eskerrik asko eta gabon pasa.

@Xabier_Martin (abenduak 26)

@maitepenalopez diputatuaren sailak jakinarazi du mendekotasunaren laguntzetan egingo dituzten aldaketek ez dietela eragingo adin txikikoei.

Are, zertxobait gehiago jasotzen hasiko dira eta, beraz, 3.2 graduan aurreikusi zen ia 100 euroko murrizketatik kanpo utzi dituzte haurrak, haien zaintza ohikoena familian dagoela erabakita.

Nik neuk hementxe egindako eskaera aintzat hartu dute diputatuak eta Aldundiak, arazoa aztertu eta erabakiak hartuta. Beraz, esker ona adierazi nahi diot Maite Peñari, erabakiak hartzeaz gain, nirekin erakutsitako gertutasunarengatik. Segi bizkor!

Leave a Reply

Your email address will not be published.