Aterpe bat ikusezinentzat

Aterpe bat ikusezinentzat

E. Goenaga Lizaso

Goiz da, 07:55, baina Zarauzko Neguko Etxean jada nabari da mugimendua. Osasun etxearen atzeko langa pasatu, bide lokaztuan 50 bat metro egin, eta atera iristean, lau lagun daude zigarroa erretzen. Gosaldu dutela diote, barruan daudela besteak; batzuk gosaria prestatzen, beste batzuk gosaltzen, baten bat ohean dago oraindik, baina gehienak denbora-pasa daude. 09:00etan atera behar dute, 19:00ak arte ezin dira itzuli, eta, ahal dela, nahiago dute epelean egon. Hamabost lagunentzako tokia dago Neguko Etxean, eta, bertako langileak azaldu duenez, “beti egoten da beteta”. Hotz handirik ez da kalean, baina euria ari du. Ez da egun erraza izango.

Sorbaldak altxatuz erantzuten diote “zer egiten duzue egun osoan?” galderari. “Ahal dena”, erantzun du batek. “Euriarekin, estalpe bat bilatzen dugu; ateri bada, egun osoa kalean gora eta kalean behera. Oso nekagarria da”, dio Ainhoak. Andonik eta biek —asmatutako izenak dira— astebete daramate etxerik gabe. Gipuzkoarrak dira, eta senide baten etxean egon dira bizitzen, Nafarroan, baina orain ez dute non lo egin. “Behin-behineko kontua da; uste dugu hamar bat egunean konponduko dela egoera”, gehitu du Andonik. Astelehen arte dute Neguko Etxean gaua egiteko aukera; gero, beste aterpe batera jo beharko dute.

Horrela egiten dute gehienek. “Hemen inguruko aterpe guztiak ezagutzen ditugu guk”, dio batek. Grabagailua martxan jartzerik ez dute nahi, baina berriketan ari dira, lasai, kazetariarekin. Adin guztietako erabiltzaileak daude jangelan, gehienak gizonak; hiruzpalau gazteak dira, 20 urte ingurukoak, baina gehienak 50 urtetik gorakoak dira. Txukun doaz denak, bezperan dutxatu eta bizarra eginda, eta ondo orraztuta abiatuko dira kalera. Kalean bizitako urteak ez direla alferrik pasatzen esan du haietako batek; ordea, asko higatzen duela kaleak. 60 urte inguru dituela dirudi: “Ni 25 urte nituenetik nago kalean”.

“Ez da nahikoa pare bat erabiltzailerekin hitz egitea. Gure errealitatea jakiteko, batekin baino gehiagorekin hitz egin beharko zenuke, gutako bakoitzak baitu bere istorioa”, aholkatu dio kazetariari. Euren bizimoduak behin kalean daudenean berdintzen direla gehitu du. Beste erabiltzaile batek ezetz dio buruarekin aldamenetik: “Egongo dira salbuespenak, baina alproja hutsak gara hemen gauden gehienak. Gehienek edateko erabiltzen dute lortzen duten diru apurra”. Hirugarrenak gezurtatu egin du hark esandakoa. “Eskatzen ari zarela, batek baino gehiagok esaten dizu ‘segi lanera!’. Hori nahi nuke nik”. Hizketan ari direla, gainetik eta orokorrean esaten dituzte kontuak, bakoitzaren kasuan gehiegi sakondu gabe, ni erabili beharrean gu erabiliz.

“Inor ez da gutaz arduratzen, ez gaituzte inon nahi. Gobernuak, nahiko balu… baina ez du nahi. Ez gaituzte ikusi nahi, ez gobernuek, eta ez herritarrek”, esan dio erabiltzaile batek besteari. Ikusezinak diren galdetuta, hiru erabiltzaileek batera erantzun dute baietz. “Askotan gertatu izan zait, eskatzen ari naizela, aldamenetik pasatu den norbaitek kartoizko afixa lurrera botatzea. Batzuek barkamena eskatzen dute; beste batzuek hori ere ez. Baina ez al nauzu ikusi? Nora begira joaten da jendea?”. Ikusteko moduan egoten direla diote, baina jendeak nahiago duela ez begiratu, nahiago duela ez ikusi. “Eta, hori gutxi balitz, batzuetan nahita ematen diote ostikoa afixari, eta zuri ere bai. Eta ez naiz umeez ari”. Putakeria txikiak maiz egiten dizkietela kontatu du.

Ainhoa eta Andoni bikotea dira, urtebete daramate elkarrekin, eta kalean egon beharrari elkarrekin aurre egitea errazagoa dela aitortu dute. “Gu biak gaude, eta epe motzean gure egoera konpontzeko itxaropena ere badugu. Eskerrak horri. Egoera hau luzaroan eta bakarrik bizi beharko banu, ez dakit ahalko nukeen. Eta hemen dauden askok urteak eta urteak daramatzate egoera honetan. Izugarria da, oso gogorra”, dio Ainhoak.

Aterpe txikia

Udal zerbitzua da Zarauzko Neguko Etxea, neguko hilabeteetan soilik egoten da irekita, martxoaren 31 bitartean, eta hamabost ohe ditu. RAIS elkarteak kudeatzen du, eta lau langile aritzen dira, txandaka. “Aterpe txikia da hau, eta horrek laguntzen du giro ona izateko. Donostian aritu nintzen lanean, eta han zailagoa da, erabiltzaile asko izaten direlako”, dio asteazkeneko txanda bukatu berri duen langileak.

Funtzionatzeko modu ezberdina izatea ere ahalbidetzen du tamainak. “Hemen, ez zaie dena egina ematen. Beraiek moldatu behar dute, eta eurek prestatu behar dituzte gosaria eta afaria, eta baita harrikoa egin ere”. Hozkailuan dagoenarekin, erabiltzaileek erabakitzen dute zer afalduko duten eta nola prestatuko duten. “Baldintza bakarra dago, afaria egiten duenak denentzako prestatu behar duela”. Autonomia txiki hori eskertzen dutela azaldu du RAISeko langileak. “Erabilgarri sentitzen dira, eta askotan goizean aritzen dira hizketan gauean zer afalduko duten, eta izozkailutik ateratzen dute jana, gero gauean prestatzeko”.

Erabiltzaileek neguko aterpeen funtzionamendua langile askok baino hobeto ezagutzen dutela azaldu du. “Guk baino denbora gehiago daramate hemen, eta, neguan, aterpe batetik bestera antolatzen dute euren bizimodua. Beraz, badakite nola jokatu, badakite ezin dela kontsumitu, ezin direla mozkor-mozkor eginda etorri… Badakite, baldintzak betetzen ez badituzte, kalean geldituko direla, eta ez dute nahi”. Zarauzko aterpean zazpi gau pasatu ditzakete, eta, horretarako, Udaltzaingoan edo Gizarte Zerbitzuetan eskuratu behar dute txartela. Zazpi gau igarota, beste zazpi egunez ezin dira itzuli, lo egiteko beste toki bat topatu behar dute.

Ainhoak eta Andonik “kutxa automatiko batean” egin zuten lehen gaua. “Hau pasatu ez duen inork ezin du imajinatu zer den. Hotza, lorik ez, bizkarreko mina, biharamunaren beldurra…”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.