Bizimodu berri baterako giltza

Bizimodu berri baterako giltza

Eider Goenaga Lizaso

Harritu egiten gaitu sei urte baino gehiago etxerik gabe daramaten eta kaleko egoera kronifikatuan dauden pertsonei etxe bat emanez gero nola erantzuten duten ikusteak”. Alejandra Puente Garcia RAIS-Euskadi gobernuz kanpoko erakundeko zuzendariarena da adierazpen hori; Lan Munduan eta Gizartean Txertatzen Laguntzeko Sarea da RAIS, eta Gipuzkoan erakunde horrek kudeatzen du Housing First metodologian oinarritutako Habitat programa. Gipuzkoako Foru Aldundiaren ekimenez jarri zen martxan, iazko udan, eta irailean etxe bana eman zieten bost etxegaberi —lau gizon eta emakume bat—, hortik abiatuta bizimodu berri bat eraikitzeko. Urtarrila amaitu aurretik, beste etxe bat esleituko dute Irunen, eta lurralde guztian hamar etxebizitza kudeatzea da helburua. Aldundia zenbait udalekin ari da gaia jorratzen.

Kalean hiru urte baino gehiago eramatea da etxebizitza eskuratzeko baldintzetako bat. “Etxea eskuratu duten bost lagunek batez beste sei urte eta erdi zeramaten kalean”. Adinez nagusia izatea da bestea, eta hirugarrena, berriz, kontsumo dependentzia bat izatea, elbarritasunen bat edo buruko gaitzen bat izatea. “Kaleko egoera kronifikatua dute, eta higadura handia da, bai osasunari, bai kontsumo ohiturei eta bai gizartearekiko hausturari dagokionez”.

Lehen urratsa, etxea

Puentek argi du etxebizitza dela kaleko egoera hori konpontzeko gakoa; esperientziak hala erakusten duela ziurtatu du. “Metodologia hau AEBetan jarri zuten martxan, New Yorken, 1990eko hamarkadan; Kanadara eraman zuten gero, eta handik iritsi zen Europara”. Muturreko klimatologia duten zenbait lurralde izan ziren lehenak: Finlandia, Irlanda, Danimarka… Eta zabalduz joan zen. Frantzian, esaterako, 500 bat etxebizitza daude gaur egun. Espainian, duela bi urtetik ari da RAIS Habitat programa kudeatzen, eta Gipuzkoan bost hilabete egitera doaz. Alokairua eta etxeak eragiten dituen gastuak —argindarra, ura…— foru aldundiak hartzen ditu bere gain; kudeaketa eta jarraipena RAISek egiten du; eta, diru sarreraren bat lortzen ez duten bitartean, astean diru kopuru bat ematen die RAISek. “Oinarri-oinarrizko beharretarako eta, behar dutenen kasuan, medikaziorako”. Helburua da, prozesuak aurrera egin ahala, euren gastuak euren gain hartzea, egunen batean alokairuari aurre egiteraino.

Housing First, esanahiari erreparatuta argi dago zein den helburua, ez? Lehendabizi etxea eman behar zaie etxerik ez dutenei”. Etxegabeekin urteetan jarraitu izan den sistema klasikoaren kontrakoa litzateke Housing First. “Etxerik gabeekin eskailera eredu bat jarraitu da beti; alegia, lorpen jakin batzuk egiten dituzten heinean lortzen dute sisteman aurrera egitea: erroldatu, desintoxikatu, sozializatu, lan munduan sartzeko pausoa eman… Meritokrazia irizpideak gailentzen dira, eta, pauso horiek guztiak ematen dituztenean, ulertzen da prest daudela autonomoak izateko”.

Eskaileraren azken mailan dagoen hori aurretik jartzen dute, beraz, kasu honetan. “Etxe baten jabe egiten duzu kalean dagoen pertsona hori, inolako eskakizunik gabe eta aurretiazko baldintzarik gabe. Eta, hortik abiatuta, berak eman behar ditu pausoak bere bizimodua berreraikitzeko”.

Gizarte Larrialdietarako Udal Zerbitzura (GLUZ) jo zuten Donostian martxan jarritako bost etxebizitzak zeini eman erabakitzeko garaian. “Haiek dakite inork baino hobeto kalean bizi direnen artean nork betetzen dituen baldintzak. 25 laguneko zerrenda pasatu ziguten”, azaldu du Puentek. Bost hautatu behar zituzten, eta aleatorioki egin zuten aukeraketa. “Denek betetzen zituzten baldintzak, denen egoera zen muturrekoa…; egoera horretan nor sartzen da aukeraketa bat egitera? Babes ofizialeko etxebizitzetan bezala, bakoitzari zenbaki bat eman eta ordenagailuak egin zuen gainerakoa. Baten batek etxea utziko balu, hurrengoa sartuko litzateke”.

Puentek, ordea, datu bat eman du. “RAISek Espainian kudeatzen dituen etxeetan %100ekoa da iraunkortasuna, inork ez du etxea utzi. Askotan entzuten duzu jendea esaten pertsona hauek nahi dutelako daudela kalean, ez daudela prest etxe batean bizitzeko. Bada, datuek kontrakoa diote, inork ez du etxea uzten. Gerta liteke baten bat hiltzea, hori bai; tamalez oso osasun egoera larrian iristen baitira batzuk, baina etxea uztea… inoiz ez zaigu gertatu”.

Alderantziz, etxera sartzearekin batera pertsona horien bizimodua erabat aldatzen dela dio, eta azaldu du euren kabuz hasten direla pausoak ematen. “Kontsumo ohiturak, adibidez, lehen momentutik eta automatikoki murrizten dituzte. Kaleko kontsumoa oso altua da, eta ez dute bat-batean utziko, noski, baina kontsumoa, etxean, pausatuagoa da, seguruagoa; jada ez dute ardo kaxa osoa edan behar euren errealitateaz ahazteko, eta, hortik abiatuta, errazagoa da uztea”.

Etxearen babesera nahiko erraz ohitzen direla azaldu du RAISeko arduradunak. “Lehenengo bi asteetan ez dira ausartzen ezer ukitzera, agian beldur direlako, berriro ere utziko ditugula pentsatzen dutelako. Baina berehala hasten dira etxea pertsonalizatzen, eta, jende askok pentsa dezakeenaren aurka, ikustekoa da zein txukun edukitzen duten etxea. Berehala ohitzen dira horretara; gehiago kostatzen zaie, ordea, konfiantza berreskuratzea”. Puenteren esanetan, konfiantza erabat galdua izaten dute; bai euren buruarekiko eta euren gaitasunekiko konfiantza, bai gizartearekiko konfiantza eta baita laguntzera joaten den edonorekiko konfiantza ere. “Kaleko bizitzak konfiantza erabat galtzera eramaten ditu, ez dira inorekin fio, eta are gutxiago laguntza ezeren truke eskaintzen dienarekin”.

Hain zuzen ere, aldundiak jarritako bost etxebizitza horietako batean sartu behar zuen etxegabe bati albistea ematea egokitu zitzaion Puenteri. “Harengana hurbildu eta etxe bat izango zuela kontatu nionean, adarra jotzen ari ote nintzaion galdetzea izan zen bere lehenengo erreakzioa. Azaldu nion programa, azaldu nion aukeraketa, azaldu nizkion baldintzak, baina ezin zuen sinetsi, ia konbentzitu egin behar izan nuen”.

Bakoitzak, bere bidea

Housing First metodologiaren arabera, behin etxean daudenean, bakoitzak erabaki behar du bere bidea zein den, eta berak erabaki behar du zein pauso, noiz eta nola eman nahi dituen. “Guk ez diogu eskatuko desintoxikatzea, ez diogu eskatuko paperak egunean jartzea edo medikutara joatea. Beraiek eskatu behar dute, eta beraiek egin behar dute bidea”. Teknikari baten laguntzarekin, noski.

Martxan dauden bost etxeetan RAISeko teknikari batek egiten du jarraipena. “Jartzen den baldintzetako bat da astean gutxienez bisita bat egingo duela etxe bakoitzera. Bisita hori izan daiteke ordu erdikoa edo bi ordukoa, ez dago zehaztuta zenbateko iraupena izango duen. Hortik aurrera, eskaeraren arabera egiten dira bisitak; etxean sartu den horrek adierazi behar du teknikariarekin egon nahi duela, haren laguntza behar duela. Hortik gora ez dago mugarik”.

Konfiantza galera horren eraginez hasieran ia laguntzarik ez dutela eskatzen azaldu du Puentek. “Ez daude ohituta inoren laguntza jasotzera, eta kosta egiten zaie eskatzea. Gehienetan teknikaria joaten da etxera, eta, zer moduz dauden galdetuta, ‘ondo’ erantzuten dute. Hozkailua begiratzera joan, eta hutsik egoten da, ordea. Nola egongo dira ondo, janaririk ez badute? Baina normala da, erosketa egitera ere ez daude ohituta, eta hori ere erakutsi egin behar zaie maiz: dirua nola administratu, dena egun batean ez xahutzeko zer egin, nola egin erosketak elikadura orekatua izateko, elikagaiez gain higiene pertsonalerako produktuak behar dituztela…”.

Pixkanaka joaten dira ikasten, asko beraien kabuz, eta ia laguntzarik gabe; beste batzuk laguntza gehiagorekin. “Apurka-apurka joaten dira galdutako gaitasunak hartzen, eta ondoren abilezia sozialak eraikitzen hasten dira. Izan ere, guretzat ezinbestekoa da hori, gaitasun sozialak berreskuratu eta komunitatean txertatzea, bat gehiago izatea”.

Teknikariak kontu handiz ibili behar duela azaldu du, ordea, RAIS-Euskadiko zuzendariak. “Iradoki dezake, galdetu dezake zerbaitetan laguntza behar duten, zertan huts egiten duen ikusi eta horretan eragiten ahalegindu daiteke, baina beraiek eskatu behar dute, beraiek egin behar dute bidea; autonomo sentitu behar dute, eurak direla euren bizitzaren jabe, eta nahi ez duten ezer ez dutela zertan egin”.

Irailean sartu ziren bost pertsonen bilakaerarekin “harrituta” daudela dio Puentek. “Oso denbora gutxi da, baina izugarria da aldaketa. Pertsona batek ia erabat utzi du alkoholaren kontsumoa, eta, lehen zituen kontsumo tasak kontuan hartuta, ikaragarria da lau hilean hori egitea”. Pertsona hori, gainera, lan munduan sartzeko lehen pausoak ematen ari da. “Beste pertsona batek, paperik gabe hainbat urtez bizitako atzerritarra bera, dokumentazio guztia egunean jartzea lortu du, berak bakarrik. Eta osasun aldetik oso-oso egoera kaskarrean zegoen beste bat txukun-txukun ari da medikuaren tratamendua jarraitzen, eta pisua irabazi du. Agian ez dirudite lorpen handiak, baina kontuan hartu behar da nondik datozen, nolako higadura maila duten; gizarte bazterketaren katean azken-azken mailan zegoen jendea da”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.