Gazteentzat, baina gazteekin

Gazteentzat, baina gazteekin

Beñat Alberdi

Geure buruari galdetu genion: nola antolatzen ditugu aisialdiko ekintzak? Gazteentzat edo gazteekin?”. Hala azaldu du Amaia Etxabe Arrasateko Txatxilipurdi elkarteko zuzendariak. Gogoeta abiatu zuten galderari erantzuteko, eta ondorio argi bat atera zuten: gazteek izan behar dute protagonista; ekintzen hartzaile baino gehiago, ekintzen parte.

Baina zer da aisialdi hezitzailea? “Balio hezitzaileetan oinarritzen den aisialdia da; hala nola parekidetasunean, aniztasunean, naturarekiko errespetuan edo parte hartzean”, nabarmendu du zuzendariak. Edukiek berebiziko garrantzia dute eredu horretan, baina baita lantzeko moduak ere. Izan ere, nekeza izango da parekidetasuna lantzea, parekidetasuna bera ekintza antolatzeko bileretan kontuan hartzen ez bada. “Balio horiek presente egon behar dute egunerokotasunean”.

Udalen zerbitzuen kudeaketak hartzen du gehienbat Txatxilipurdiren eguneroko jarduna; besteak beste, ludoteka eta gazte txokoena. Haur eta nerabeekin jarduten dute lanean, eta, Arrasaten hasi baziren ere, jadanik hedatu dute lana beste herri batzuetara: Oñati, Aretxabaleta, Eskoriatza, Otxandio eta Zaldibarrera. Hala ere, makina bat ekintza antolatzen dituzte egunerokotik kanpo; besteak beste, Gabonetako haur parkea eta Jolas Truke azoka. Gainera, Euskal Herrian hainbat formakuntza saio, tailer eta ikuskizun eskaintzen dituzte.

Balioen artean, garrantzi handia lortu du haur eta nerabeen parte hartzeak; hartzaile izatetik antolatzaile, dinamizatzaile edo protagonista izatera pasatzeko ideiak. “Haurren autonomia landu nahi dugu”, argitu du Etxabek. “Beren erabakitzeko gaitasuna berreskura dezaten lortu behar dugu”. Haur eta nerabeen egunerokoa helduek markatzea baino gehiago, erabakitzen haiei uztea litzateke gakoa. Hamaika modu aurkitu dituzte parte hartzea bultzatzeko, dena ez delako batzarrak egitea soilik. Esaterako, talde txikiak sortu dituzte gazteekin, elkarren arteko komunikazioa errazteko; betiere, ekintzak antolatzeko bitartekoak haien esku utzita.

Parte hartzeak emaitza “bikainak” ekarri dizkiela nabarmendu du elkarteko kideak, eta azaldu du ezen, erabakiak haurren eskuetan utzita, ideiak ez dituztela falta izan. “Kontua da aukera eta laguntza ematea erabakiak hartzen trebatzeko. Autonomia guztia kenduta daukatenei lagundu egin behar zaie berreskuratzen”. Adibidez, Eguzkilaru eguna antolatu zuten Arrasateko jaietan, haur eta nerabeentzako eguna. Orduan ere, parte hartzea izan zuten bidelagun. Hiru saio antolatu zituzten auzoetan, egun horretarako proposamenak jasotzeko. Jolas guneetan, berriz, postontziak jarri zituzten familien ideiak biltzeko. Jaso zuten laguntzarekin osatu zuten eguneko egitaraua.

Arrakasta gorabehera, garbi dute elkarteko langileen lanak eragina duela. “Hezitzaileok bidelagunak izan behar dugu”, azaldu du Txatxilipurdiko zuzendariak. “Autonomia lortzeko bide horretan lagundu egin behar diegu haur eta nerabeei; ez dugu bideratzaile izan behar”. Garrantzia ematen diote hezitzailearen rolari; azken batean, helduak eragin zuzena izango baitu gazteengan. “Modu batekoa edo bestekoa izango da egiten eta esaten dugunaren arabera antolatuko dugun ekintza edo egitasmoa”.

Berramesten, sail propioa

Oraindik ez dute aurkitu hezitzaile eredu ideala, baina etengabeko hausnarketan eta analisian oinarritzen dute aurrera egiteko bidea. Gogoeta baten ondorioa izan zen, esaterako, parte hartzea sustatzea. Sail propio bat sortu zuten ideia horiek bideratzeko: Berramesten. “Horren bidez hausnartu genuen gazteentzako edo gazteekin lan egin behar genuen, eta baita erabakia hartutakoan nola landu behar zen ere”. Dena den, egunerokoan ere sortzen zaizkie beste hainbat kezka edo eztabaida gai. Ingurumenarekin duten harremanera —bai haur eta nerabeek, eta baita gizarteak berak ere—bideratu dute, adibidez, azken gogoeta; harrezkero, ildo bat sortu dute naturarekiko harremana lantzeko. Eraikineko lau pareten artean gelditu beharrean, kanpoan antolatzen dituzte aisialdi ekintza batzuk, inguruko txoko naturaletan. “Eguneroko hausnarketa horiek bultzatzen gaituzte aldatzera”.

Etengabeko gogoeta eta eguneroko praktikaren ondorioz, badute zer aztertu eta zer landu. Horregatik eskaintzen dituzte prestakuntza saioak, euren esperientzia partekatzeko. “Orain arteko ibilbideari jarraipena ematen diote formakuntzek”, azaldu du zuzendariak. Euskarari, jolasei zein parte hartzeari buruzko saioak eskaintzen dituzte. “Partekatzea da gure praktika hezitzailea. Praktika bat garatu dugu parte hartzea sustatzeko. Gaur egun, parte hartzearen inguruko formazio edo aholkularitza eskaintzeko prest gaude”.

Zaila da aisialdi hezitzailearen eraginak neurtzea. Baina igarri dute haiekin hezitako haur eta nerabe askok herriko hainbat eragiletan edo ekintzak antolatzen bukatu dutela. Are gehiago, haien egitasmoetan parte hartutako hainbat haur eta nerabeek Txatxilipurdin bukatu izan dute lanean. “Garrantzi handia ematen diogu zikloa ixte horri, erabiltzaile izatetik langile izatera pasatzeari. Nork daki: gurasoak direnean, akaso, Txatxilipurdira bidaliko dituzte haurrak”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.