Inauteri giroko seriotasuna

Inauteri giroko seriotasuna

Unai Zubeldia

Donostiar bakoitza hari mutur fin bati tiraka hasten da danborradaren festa noiz eta nola sortu zen azaltzen saiatzen denean. 24 orduko festa eztabaida iturri ere izan da sarritan, baina, historiaren orrietan bila hasita, Iñaki Egaña idazle eta historialaria (Donostia, 1958) oinarri-oinarrira joan da Gipuzkoako hiriburuaren garai bateko errealitatearen argazkia ateratzeko: “Hiria harresiz inguratuta egon izan da betidanik, eta, mugatik gertu egonik, militar asko egon izan dira beti”. Historialariaren hitzetan, gerra garaian-eta moztu egiten zuten ur hornidura, eta, halakoetan, harresitik kanpo edukitzen zuten iturria. “Orduko datuen arabera, Morlansetik eramaten zuten ura Donostiako gainerako lekuetara, eta gazteluaren inguruan beste hiruzpalau iturri ere izaten zituzten”.

Emakumeak kupelak edo ontziak urez betetzeko ilaran egoten ziren bitartean, desfileak eta txanda aldaketak izaten zituzten militarrek. Egañak azaldu duenez, “oso zirikatzaileak eta kaskarinak” izaten ziren emakume haiek. “Trufa egiten omen zieten, eta, dirudienez, errealitate horren parodia gisa sortutako festa da danborrada, inauteri kutsukoa”. Bigarren karlistaldiaren ondoren —1872 eta 1876 artean—, beste errealitate bat izan zuen danborradak. “Garai hartan, sokamuturra izaten zen ospakizun nagusia festa guztietan, baina debekatu egin zuten XX. mendearen hasieran, eta matxinada handia izan zen Donostian; manifestazioak, eta abar”.

Egañak gogoratu duenez, La Fraternal izeneko elkarteak desfile txiki bat antolatu zuen errealitate haren aitzakian, aurreko parodia berpizteko, imitatzeko edo oihartzuna emateko helburuarekin. “Pixkanaka, inauterietan gorpuztuz joan zen ideia, eta parodia beste hainbat elkartetara zabaltzen hasi zen”.

Bertakoak ez diren askorentzat “oso festa serioa” dela onartu du donostiarrak. “Baina inauteriekin lotuta egon izan da betidanik; Union Artesanak, esaterako, lanpernen mozorroak-eta erabili izan ditu”. Alde horretatik, historialariak azpimarratu du XIX. mendean inauteriek “izugarrizko indarra” zeukatela Donostian. “Gaur egun Tolosan daukatenaren parekoa. Orduan oso luzeak izaten ziren inauteriak”. Frankismo garaian debekatu egin zituzten, ordea. “Tolosa izan zen salbuespena. Udaberriko Festak antolatzen zituzten han, baina inauteriak ziren. Debeku hark eragin zuen aldaketa; askoz festa serioagoa bihurtu zen danborradarena”. Haurren danborrada sortu zen, KTE Kultur eta Turismo Ekintzetxeak hartu zuen desfileen ardura turismoa berpizteko helburuarekin… “Azken 40-50 urteotan seriotasun handiarekin bizi izan da danborrada, nahiz eta azkenaldian festa pixka bat aldatzen ari dela ematen duen”. Gustatzen zaio, adibidez, desfileetan militarren seriotasunaren parean sukaldariek-eta “askatasun handiagoa” edukitzea. Azpeitira, berriz, Donostiako bi apaiz gazteren eskutik iritsi zen danborrada, 1956an.

Egañak azaldu duenez, danborradaren seriotasun hori ezbaian jartze aldera, askotan tradizioaren izenean hitz egiten da. “Baina aspaldi aldatu zen tradizio hori, ia-ia militarren desfile bihurtu baita inauterietako kontua”. Hori bai, parte hartzeari dagokionez, danborrada “salbuespena” dela uste du historialariak. “Donostiarrak gehiago gara ikustekoak parte hartzekoak baino, eta horren erakusgarri dira aro modernoko inauteriak. Seriotasun handiz bada ere, danborradan, behintzat, parte hartzen dugu donostiarrok”.

Musikari dagokionez, 1960ko hamarkadan hartu zituzten Raimundo Sarriegi musikagilearen lanak, San Sebastian martxa tartean. Serafin Barojarenak dira hitzak, nahiz eta, garai hartako Urumea izeneko egunkari baten arabera, gaur egungo hitzak ez diren Barojak idatzitako berberak. Sarriegiren ekarpenaren aurretik, berriz, Jose Juan Santestebanen melodiak baliatu zituzten danborradarako.

Emakumeen parte hartzea

Jantziei dagokienez, bi zatitan banatuta daude konpainia guztiak. “Erabat militarra da horietako bat, eta sukaldariena edo urketariena bestea”.Horretan Ramon Labaien Donostiako alkate ohia izan zen aditua. “Benetako jantziak eta banderak aukeratzen zituen hark”. 1980. urtean, aldaketa garrantzitsu bat izan zuen danborradak, “liskar artean”, Kresala elkartearen ekimenez lehen aldiz emakumeek ere parte hartu ahal izan zutelako upelak joz. “Gaur egun, militarrez jantzita ere ateratzen dira zenbait elkartetan, nahiz eta batzuek, tradizioaren izenean, asko kritikatzen duten hori”.

Gaur gauerditik bihar gauerdira, Donostian historiari keinuka ariko dira 18.000 heldu, 143 danborradatan banatuta —eguraldiaren mende egongo dira bihar eguerdian 8.043 haur—.

Leave a Reply

Your email address will not be published.