“Teknologia oso hotza da, baina txotxongiloak barrena mugi diezazuke”

“Teknologia oso hotza da, baina txotxongiloak barrena mugi diezazuke”

Itzea Urkizu Arsuaga

Txotxongiloez hitz egitean, aldamenekoak kutsatzerainoko pasioa dario Idoya Otegiri (Tolosa, 1960). Lanez, bizipenez eta betetako ametsez jantzi du Tolosako Ekinbide Etxean behinola hasitako bidea, eta Unima Txotxongiloen Nazioarteko Elkarteko idazkari nagusi postuarekin uztartzen du orain Topic zentroko zuzendaritza, 24 orduren moldeetan nola hala sartuz. Hamar urte betetzeko urtebeteren faltan, Topic, oraindik ere, harribitxi ezezaguna dela azaldu du tolosarrak.

Gogoan duzu noiz maitemindu zinen txotxongiloekin?

Tolosako Ekinbide Etxean [TEE] hasi nintzen lanean, abesbatza lehiaketan, abesbatzen laguntzaile moduan. TEEk jarduera berri bat antolatzen hastea erabaki zuen, txotxongiloekin, eta parte hartu nahi ote nuen galdetu zidan Migel Arretxek. Betidanik izan dut gustuko kultur ekitaldiak antolatzea, eta, beraz, bi aldiz pentsatu gabe, baiezkoa eman nion Titirijairi. Garai hartan, lantaldeko kideok ez genekien ezer txotxongiloei buruz, eta ezinbestekoa izan zen Encarni Genua eta Manolo Gomez Txotxongilo taldeko kideen laguntza. Pixkana-pixkana, liluratu egin gintuen txotxongiloen munduak. Egia esan, txotxongilo ikuskizun on bat ikusi eta liluratuta geratu ez den jende gutxi ezagutzen dut.

Zerk bereizten ditu txotxongiloak gainerako arte adierazpenetatik?

Txotxongiloek badute musika eta antzerkia, badute dantza, badute pintura nahiz eskultura, eta zinema ere izan dezakete. Arte adierazpide guztiek bat egin dezakete txotxongilo ikuskizun berean, eta, gainera, magia berezia dute: hezur-haragizko aktore batek egin ezin ditzakeen gauzak egin daitezke txotxongilo batekin. Nire ustez, zoragarria da txotxongilo ikuskizun on bat. Badira arrasto handia utzi didaten txotxongilo ikuskizunak.

Esaterako?

Adibidez, gogoan dut Phillippe Gentyren ikuskizun bat. Ikusi, eta ondorengoa izan zen pentsatu nuen lehen gauza: “Hau Tolosara eraman beharra daukagu, nola edo hala”. Leidorren programatu genuen, azkenean, eta nire osaba-izeba guztiak ikustera joatea lortu nuen: “Txotxongilo ikuskizun bat guretzat? Erotuta dago gure iloba”, esaten zuten. Baina, emanaldia amaitu, eta maiteminduta irten ziren denak, ordura arte ez baitzekiten ikusi zituzten haiek txotxongiloak zirenik ere. Begiak ireki zitzaizkien, nolabait.

Arrastoa utzi zidan Pájaro de fuego [Suzko txoria] ikuskizunak ere. Betidanik ametsa izan da ikuskizun hori Tolosara ekartzea, eta jakin berri dut berriro hasi direla emanaldia eskaintzen. Ea lortzen dugun. Txotxongilo, itzal eta dantza ikuskizun bat da, gozamen hutsa; zoragarria. Memorian iltzatuta geratu zitzaidan. Eta, beste bat ere aipatuko nuke, Hugo eta Ines bikoteak Titirijain aspaldi eskainitako bat. Zigarrokinekin egiten zuten guztia; hain sinple eta hain zoragarri. Hori da txotxongiloen magia.

Aurreiritzi asko al daude txotxongiloen inguruan?

Alde batetik, haurren munduarekin lotzen dira beti, baina horrek ez du ezer txarrik. Denbora luzez, ordea, mundu marjinal edo bazterreko batekin lotu izan dira txotxongiloak. Baina denetik dago mundu horretan, diziplina guztietan bezala, eta irudi hori aldatzen ari da pixkana. Hala ere, uste dut estereotipo horrek min handia egin diola txotxongiloen munduari.

Azken urteotan berriro txertatu dituzue helduentzako ikuskizunak Titirijain. Harrera ona izan al dute?

Bai, oso ona; oso fidela da Tolosako publiko heldua. Kalitatea eskainiz gero, ikus-entzuleek ondo erantzuten dutela uste dut.

Zein garapen izan du Titirijaik?

Topic-ekin batera garatu da Titirijai. Jaialdiak, gaur egun, ez du lehen zuen dimentsiorik, Topic dagoelako. Lehen, askoz gehiago eman behar izaten genuen jaialdian, urte osoan beste ezer ez zelako egoten. Orain, ordea, urte osoan izaten ditugu txotxongilo ikuskizunak. Beraz, nazioartean egiten dutena erakusten saiatzen da jaialdia. Egia da krisi ekonomikoak gogor jo gintuela, eta urte gogorrenetan gure aurrekontua %50 murriztu zela; irabazi asmorik gabeko elkarte batentzat kolpe handia da hori. Hala ere, aurrera jarraitu ahal izan dugu, sakrifizioarekin, eta bizirik mantendu ditugu Titirijai eta Topic. Titirijain iritsi izan ginen ikuskizunak zazpi aretotan batera programatzera. Orain, Leidorren eta Topic-en bakarrik antolatzen ditugu saioak, eta kalera begira ere lan egiten dugu, txotxongiloak antzokira bertaratzen ez direnengana gerturatuz.

Zer eman dio Titirijaik Tolosari?

Antzinako arte diziplina ezezagun bat eman dio, eta baita txotxongilogintzaren balioak ere, ez baita aisialdirako arte adierazpen bat bakarrik: tresna pedagogiko eta terapeutiko oso baliagarria da txotxongiloarena. Gainera, frogatuta dago gizakia existitzen denetik existitzen direla txotxongiloak; badira haitzuloetako aztarnak, eta baita inka eta maienak ere. Baina sekulako eztabaida akademikoak daude gai horren inguruan.

Zein da eztabaida nagusia?

Zenbait adituren ustez, entretenimendurako edo istorio bat kontatzeko erabiltzen dena bakarrik da txotxongiloa, eta aurkakoa diote beste batzuek. Ni neu ez naiz sartzen ika-mika horretan, baina egia da xamanek txotxongilo txikiak erabiltzen zituztela jainkoekin hitz egiteko, eta badirela hori erakusten duten argazkiak.

Diziplina ezezaguna zela esan duzu.

Bai. Horrekin ez dut esan nahi Euskal Herrian txotxongilogintza existitzen ez zenik. Iazko maiatzean, Granadako [Espainia] jardunaldi batean parte hartu nuen, eta Argentinako ikertzaile bat ezagutu nuen. Argentinako dokumentu batean euskal titiritero baten aipamenak aurkitu zituela esan zidan; antza, hara joana zen 1600-1700. urteen artean. Harrituta geratu nintzen, eta informazio gehiago emateko eskatu nion. Izan ere, hemen existitzen zen txotxongilogintza, baina galdu egin zen. Ederra litzateke norbaitek ikerketa lerro hori zabaltzea. Gaitasun ekonomiko handixeagoa izateko zain nago gaiarekiko interesa duen ikertzaile batek euskal txotxongilogintza hura non dagoen argitu dezan.

Zein izan daiteke euskal txotxongiloak galdu izanaren arrazoia?

Deserosoak zirelako galdu ziren leku askotan. Langile klaseak txotxongiloak baliatzen zituen boteredunen aurka protesta egiteko. Botereari enbarazu egiten ziotenez, desagertuz joan ziren helduentzako txotxongiloak, eta haurrentzako kontu bilakatzen hasi ziren. Baina, hastapenetan, helduentzako ziren txotxongiloak, izan norbere jainkoekin hitz egiteko, izan aldarrikapenak plazaratzeko.

Zer izan da Topic eraikitzea, ametsa betetzea?

Bai, noski. Migel Arretxek eta biok geure buruari galdetu genion zergatik ikus ote genitzakeen txotxongiloak Titirijain bakarrik. Hara eta hona bidaiatzen genuen jaialdiak ikusteko, eta txotxongiloei eskainitako lekuak ezagutzen genituen. Ametsetan hasi ginen atzerrian ikusitakoarekin, eta proiektua hamaika aldiz atera eta sartu genuen tiraderatik hogei urtean baino gehiagoan. Ideia zoragarria zela esaten ziguten denek, baina inork ez zuen ematen pausorik. Azkenean, baldintza guztiek bat egin zuten gure alde.

Bakarra al da Topic zentroa?

Mundu osoan ez dago Topic bezalako zentrorik. Badira aldamenean antzoki bat duten museoak; edo, alderantziz, badira dokumentazio zentroa duten antzokiak ere. Baina ez dago guk hemen dugun guztia biltzen duen zentrorik.

Izan ere, museo bat baino askoz gehiago da Topic, ezta?

Jende askok uste du hemen ez dugula ezertxo ere egiten. Baina, besteak beste, sormen egonaldiak egiten ditugu Topic-en; iaz, bost izan ziren; eta 2016an, 11. Orain, adibidez, Ertza dantza konpainiakoak hiru asteko egonaldia egiten ari dira ikuskizun bat sortzeko, eta antzerki konpainia bat sartuko da haien atzetik. Hori guztia ez da ikusten, baina hor dago. Zentroko azpiegiturak eta egoitza txikia erabiltzen dituzte sortzeko, eta sekulakoa da hori. Inolako luxurik gabe, baina luxua da. Eta ikertzaileek ere egiten dituzte egonaldiak. Iaz, hiru astez lanean aritu zen Brasilgo unibertsitate bateko irakasle bat, txotxongiloen inguruko dokumentazio zentro ikaragarria baitu Topic-ek; munduko bakanetakoa. Harribitxia da.

Jendeak, beraz, ez ditu behar adina baloratzen Topic-en jarduna eta ondarea?

Hemen egiten duguna eta hemen dagoena ezagutzen dutenean, bai. Baina uste dut jende askok eta askok ez dakiela. Adibidez, askok ez dakite ia 2.200 txotxongiloko ondarea dugula; edo pedagogiaren esparruan lan egiten dugula; edo nerabeak eta hirugarren adina lotzeko proiektu bat martxan dugula; edo iaz 3.000 neska-mutil baino gehiago pasatu zirela gure tailerretatik.

Sariek ere eman dizuete aitorpena.

Bai. Ibermuseos saria irabazi genuen, adibidez; sekulako garrantzia du Latinoamerikan, baina hemen ez du izan oihartzunik. Siletto saria jaso genuen 2012ko EMYA European Museum of The Year Award sariketan ere, eta Assitej saria ere jasota gaude, haur eta gaztetxoentzako antzerki elkartearen eskutik. Egia esan, ez dago gaizki oraindik hamar urte bete gabe izateko.

Topic-ek balio izan du txotxongiloekiko afizioa sortzeko?

Baietz uste dut, eta hala erakusten dute zenbakiek. Aurreko eskoletako kanpainarekin alderatuta, %93ko igoera izan du 2017-2018koak, pentsa. Eta igo egin da bisitari kopurua ere.

Munduko txoko batetik bestera nola aldatzen dira txotxongiloak?

Lekuaren arabera, oso desberdinak dira txotxongiloak. Txinakoa, adibidez, izugarria da. Herrialde hartan sekulako baliabideak eskaintzen ari dira txotxongilogintzari, tradizioaren eta teknikaren jabe direla konturatu direlako. Eta trebatu egin nahi dute falta zaien horretan ere, badutelako horretarako dirua. Ikaragarria da zer-nolako antzokiak dituzten, baina oso gutxi pentsatuta eraiki dituzte gauza batzuk. Frantzian, berriz, Txinako baliabide ekonomikorik ez izan arren, sekulako babesa eta aitorpena dute txotxongiloek. Gobernuarekin akordio bat egin dute berriki txotxongilo zentroen lege bat onartzeko eta zentro piratak sortzea saihesteko. Hortik oso urrun gaude gu, baina Herbehereetan gu baino askoz okerrago daude. Norekin alderatzen den, hori da kontua.

Topic-eko zuzendaritzarekin uztartzen duzu Unimako idazkari nagusi lana. Nola egiten diozu aurre egunerokoari?

Lan handia eskatzen dit Unimako karguak, eta, ondorioz, ordu luzez aritzen naiz orain lanean. Bi kargu nagusi daude Uniman: lehendakariaren ohorezko kargua, eta idazkari nagusiaren kargu betearazlea; nirea. Topic-ekoa da nire lana; Unimakoa boluntario lana da, eta ordu asko eskainiz bakarrik atera dezaket aurrera; oso goiz jaikiz eta oso berandu oheratuz, horrela ibiltzen naiz.

Teknologiaren eta irudiaren garaian, zergatik uste duzu jarraitzen dutela ilusioa pizten txotxongiloek, antzinako panpina artikulatuek?

Gertukoagoak direlako. Teknologia oso hotza da, baina txotxongiloak barrena mugi diezazuke. 2017ko Titirijain laugarrenez ikusi nuen Oscar, el niño dormido, eta negarra eragin dit lau aldietan; sare sozialek edo teknologiak niri ez didate halakorik eragiten. Teknologia oso baliagarria da euskarri gisa, baina ezin da alderatu zuzeneko ikuskizun batekin. Inork ordezkatuko al luke zuzenean abestutako kantu bat disko batekin? Ez dut uste, eta edozein esparrutara zabal daiteke hori. Esaterako, plazer hutsa da La Rous konpainiaren Hilos txotxongilo ikuskizuna zuzenean ikusi ahal izatea; martxoan dator Topic-era, eta edonori gomendatuko nioke ikuskizun hori ikustera joateko.

Izan ere, nabarmendu nahi dut Topic zentroak beti egingo duela kalitatearen alde; horixe da gure lehentasuna. Kritikak jaso izan ditugu hau edo hura programatu ez dugulako, baina berriro diot: gure baliabide ekonomikoen mugetan, baina kalitate gorenaren bila aritzen gara etengabe. Horregatik gara nazioarteko zentro bat, edo horregatik deitzen digute guri Espainiako zentro dramatikotik ikuskizunak programatzeko. Ikuskizunak eta konpainiak ezagutzeko sukaldeko lan handia eskatzen du horrek, noski, baina merezi du.

Leave a Reply

Your email address will not be published.