Agurtzane Garmendia: “Emakumea ausarta dela sinisten dut; hala jokatu nahi dut nik ere”

Eider Goenaga Lizaso

Baliarraingo Lopetedi baserriak magia du. Hamaika aukera ematen dute harrizko horma lodiek, egurrezko habeek, leihoetatik sartzen den argitasunak eta baserri barruko espazio irekiek. XVI. mendeko baserria da. 2005ean, Eusko Jaurlaritzak kultur ondasun izendatu eta monumentu gisa katalogatu zuen. Baserria eskuz aldatu eta berritua zegoen, Agurtzane Garmendia Zubeldia (Anoeta, 1972), kasualitatez-edo, bertara sartu zenean. Bere ametsa betetzeko tokia topatu zuen. Orain, ezkontzak eta enpresa ekitaldiak antolatzen ditu bertan; baita kultur jarduerak ere. Martxoaren 8aren harira, esaterako, Sakatu Power izenburuko jarduera antolatu du, martxoaren 10erako.

Nola bururatu zitzaizun proiektu honetan sartzea?

Ekintzailea naiz ni berez, eta, umeak pixka bat koskortu zirenean, banuen barruan nirea izango zen zerbait egiteko gogoa. Nire gaitasunetako bat gauzak antolatu eta planifikatzea denez, beti gustatu eta ongi egin dudan zerbait denez, hortik jotzea erabaki nuen. Bestalde, moda eta dekorazio mundua ere asko gustatzen zaizkit, eta biak uztartzeko modua zen ekitaldiak antolatzen hastea.

Hutsetik hasi zinen; hasiera batean toki bat eduki gabe?

Tokiarena gero etorri zen. Hasieran, emakume ekintzaileentzako foru aldundiaren Emekin programan sartu, eta hor lagundu zidaten bideragarritasun plan bat egiten, merkatu azterketa lantzen… Ikusi nuen Donostia inguruan-eta bazeudela wedding-planner deiturikoak, baina nik ez nuen soilik ezkontzetara mugatu nahi, zerbait pluralagoa nahi nuen. Hori dena buruan nuela, herrian buelta bat ematera atera eta eraikinarekin egin nuen topo aurrez aurre.

Ordu arte ez zenion erreparatu.

Ama hemengoa da, eta gu txikiak ginenean hau oilategi gisa ezagutu genuen. Banekien gizon batek erosi eta konpondu egin zuela, eta egun hartan sartu egin nintzen. Sorpresa izugarria izan zen.

Zergatik?

Monumentu historiko bat denez, berezko egiturari eutsi zaio, baina, 2004an, teilatu, lur eta leihoak konpondu zituzten. Sartu ahala ohartu nintzen mila aukera ematen zituela. Espazio zabal eta argiak; kanpoan, toki zoragarria… Eta barrukoa, ezer egin gabe eta altzaririk gabe dagoenez, edozertara molda daiteke. Jabeak baietz esan zidan, eta ekitaldiko ordaintzen dut alokairua. Oparia izan zen hau aurkitzea: ia inbertsiorik ez, nire herrian bertan… Ezin gehiago eskatu.

Lehen ekitaldia baliarraindarrekin egin nahi zenuen.

Ez nekien oso ondo nondik hasi, eta pentsatu nuen nik Lopetedirekin hartu nuen sorpresa bera hartuko zutela beste herritarrek ere. Udaletxera joan nintzen, eta udalari proposatu nion elkarlanean zerbait antolatzea herritar guztientzat. Baliarraindarrek herrian zer genuen ikustea nahi nuen, askok ez baitzuten inoiz barrutik ikusi, oilategi zaharra zuten buruan. Kultur astearen barruan, gaztaina jana egin eta festa antolatu genuen; udalak ordaindu zuen jana, eta ni arduratu nintzen festa antolatzeaz.

2016ko azaroan izan zen hori; zein bide egin duzu ordutik?

Batetik, Heu&Neu proiektuaren sustapena egiten aritu naiz, ekitaldi antolatzaile gisa ezagutzera emateko. Orain arte, ezkontzen gaiarekin aritu naiz, eta enpresa munduari begira jarri naiz orain. Tartean ezkontza pare bat izan dira, eta hemendik kanpoko beste bi ekitaldi ere bai, Hondarribian eta Donostian. Horrez gain, nire kabuz zenbait jarduera antolatu ditut; hori ere asko gustatzen zait.

Sustapenerako, ezkontza bat irudikatu zenuten.

Bai, bi lagunek egin zuten ezkongaien rola, baina festa erreala izan zen, eta gonbidatuak ere bai. Gertukoak eta lagunak izan ziren, baina baita aurrerantzean interesa izan zezakeen jendea ere, enpresak eta abar. Hura egiteko talde bat osatu nuen —dekoratzaile, ile apaintzaile, sukaldari…— eta haiekin egiten dut lan, talde lana ezinbestekoa baita halako ekitaldi batean. Sukalderako, adibidez, Roberto Ruiz sukaldaria aritzen da batzuetan, eta Basque Culinary Centerreko hiru gazte ere bai…

Lehen esan duzu, ordea, ez duzula ezkontzetara mugatu nahi.

Ez, iruditzen zait toki honek edozertarako aukera ematen duela; izan daiteke erakusketa bat, enpresa bilera bat, familiako ospakizun bat… Irudikatutako ezkontza hartan, adibidez, Etxe bakarlariak jo zuen; eta hortik bururatu zitzaidan kontzertu bat egitea Eñaut Elorrietarekin. Asko gustatzen zaidan abeslaria da, eta iazko maiatzean izan zen hemen. Bakarkako proiektuaren biran zebilen, eta oso giro berezia sortu zen. Neurria, tokia eta akustika oso onak ditu halako emanaldietarako. Apirilaren 28an, berriz, Izarok eskainiko du kontzertua.

Halako jarduera gehiago egiteko asmoa duzu?

Martxoaren 8aren harira, emakumeentzako jarduera bat antolatzen ari naiz. Beti sinistu izan dut emakumea indartsua eta ausarta dela; eta nik ere hala jokatu nahi dut. Martxoaren 10ean, larunbatean, arratsalde osoko jarduerak antolatu ditut: kirol saio eta aholkuak goiko solairuan; norbere buruaren zaintzara begirako guneak erdiko solairuan; eta mahai ingurua beheko solairuan. Mahai baten bueltan ausardia eta indar hori erakutsi duten emakumeak bildu nahi ditut. Denen baieztapenik ez dut oraindik, baina, ziur-ziur, Leire Olaberria txirrindularia, Maider Mendizabal palista eta Edurne Trancho Masterchef saioko lehiakidea etorriko dira. Baliarraingo emakumeekin landuko dut gaia, eta proposamenak jaso nahi ditut, elkarlanean aritzeko.

Zein da zure helburua proiektu honekin?

Egiten dudana gustura egitea. Egutegia ez nuke josi nahi ezkontzaz. Zaletasun gisa hartu dut nik hau; gogoz eta gustura egin nahi dudan zerbait da. Ikusiko banu dena oso ondo doala, ekonomikoki errentagarria dela…, baina oraingoz gustura nabil horrela. Ezkontza eta ekitaldiek, lan ordu pila bat sartuta eta gastu guztiak ordaindu ostean, etekin pixka bat uzten dute; nire kabuz antolatzen ditudan beste jardueretan, berriz, dirua ez galtzearekin, konforme.

Zein da orain arteko balantzea?

Bidean ikusi dudan gauza bat da pentsatu baino askoz ere pluralagoa izan daitekeela hemen egiten den eskaintza. Lehengoan etorri zen gizon bat pianoa afinatzera, eta harrituta gelditu zen tokiaren akustikarekin; berak komentatu zigun, adibidez, Donostiako Orfeoia halako tokien bila ibiltzen dela. Zinemagintzan aritzen den lokalizadore bat ere etorri zen, tokia bere katalogoan sartzeko. Nik hasieran halakorik ez nuen buruan… Gabezien artean, berriz, ikusi dut hemen zailtasun handiak daudela behar dituzun gauzak alokatzeko; aulkiak, dekorazioko objektuak, baxera, berogailuak… Gauza asko dira, eta ez da erraza horiek lortzen. Bartzelonan, adibidez, enpresa asko daude, eta ia edozer aloka daiteke. Agian, ez da ideia txarra beste emakume ekintzaile batentzat.