Artzeren lagun gazteak

Artzeren lagun gazteak

Asier Zaldua

Iragana eta etorkizuna ehundu zituen Joxean Artze poeta eta musikari usurbildarrak. Txalaparta bezalako instrumentu tradizional bat berreskuratzeaz gain, belaunaldi berriekin lan egin zuen. Urretxu eta Zumarragako Hits&Fits bandako kideekin, adibidez. Mundua gizonarentzat egina da, baina ez gizona munduarentzat ikuskizuna prestatu zuen gazte haiekin. 1994ko abenduaren 13an estreinatu zuten, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian. Orain, ikuskizun hartan parte hartu zutenetako batzuek Artze omenduko dute, otsailaren 24an, Beasainen.

Artea eta kultura gustuko zituzten gazte batzuek sortu zuten Hits&Fits taldea, 1990eko hamarkadaren hasieran. Horietako bat zen Miriam Luki. “1992an batu nintzen taldera. Ordurako martxan zen. Jose Luis Padron poeta izan zen taldearen sorreraren arimetako bat”. Lukik zehaztu du hitzaldiak, kontzertuak eta erakusketak antolatu zituztela. “Henri Matisseren Dantza margolanean oinarritutako karroza egin genuen Urretxuko jaietan; aldizkari bat argitaratu genuen; Segura irratian irratsaioak egin genituen…”. Asteburuetan egiten zituzten bilerak. “Eta sormena lantzen genuen han. Bakoitzak berea ematen zuen”. Garai bertsuan antzeko beste banda batzuk sortu zituzten Gipuzkoan; Lubaki banda, adibidez. Bertako kidea zen Harkaitz Cano idazlea.

Lukik gogoan dauka Felix Maraña idazle eta kazetariarekin zuten harremana: “Autoaren bozina jo eta maletategitik liburuak ateratzen hasten zen. Idazle asko ezagutu genuen haren eskutik. Beste behin, Arantzazura eraman gintuen, eta Gandiagak basilika erakutsi zigun”. Jorge Oteizaren obra izan zen taldearen erreferentzietako bat.

Joan-etorri horietako batean jaso zuten Joxean Artzeren proposamena: ikuskizun bat prestatzen ari zen orduan, eta koru bat osatu nahi zuen bere poemak errezitatzeko. Hits&Fits taldekoek baiezkoa eman zioten, noski. “Guk ez genekien errezitatzen. Lehenik eta behin, ahoskatzen irakatsi zigun. Hitzez hitz baino gehiago, hizkiz hizki errezitatzen erakutsi zigun”. Larunbatero elkartzen hasi ziren, Urretxu-Zumarraga ikastolako antzokian. “Mugimendurik txikiena ere patxadaz egitearen garrantzia transmititu zigun. Dotorea zen oso. Errespetu handiz tratatu gintuen, eta hori ere ikasi genion. Gizon espirituala zen, eta gutako bakoitzak hortik bere erara edan zuela esango nuke”.

Ainhoa Jauregi urretxuarrak bakarlari lanak egin zituen errezitaldian, Pello Biain koruko buruzagia izan zen, eta Andoni Salamero “batzailea”, Artzeren beraren hitzetan. Beste hamaika lagunek parte hartu zuten ikuskizunean. Ines Elortza Legazpiko ehulea ere oholtzan zen; kiribil bat ehundu zuen bertatik bertara. “Jexux Artze ere ezagutu genuen, Joxeanen anaia; hark ere parte hartu zuen ikuskizunean. Zorte handia izan genuen haiekin lan egin ahal izan genuelako”.

Entseguak egiteaz gain, gazte haiek irteerak ere egin zituzten. “Herniora joan ginen behin. ‘Mendian, mendiko pausoa; kalean, kaleko pausoa. Ez al zara konturatu ardiak sigi-sagan ibiltzen direla?’, esan zidan”. Usurbilera eraman zituen beste batean, bere etxera. “Taberna batean bazkaldu genuen denok elkarrekin. Askotan egoten ginen Artzerekin”.

Lukik oraindik gogoan ditu poema zati batzuk. “Eta etxean daukat ikuskizun hartan erabili nuen jantzia. Artisautza lana zen hura ere; eskuz tindatuta, bakoitzaren jantzia kolore tonu batean… Emakumezkook belo batekin estalita generaman ahoa, begiekin hitz egiten dugula baitzioen”. Gizonezkoek, berriz, begiak zituzten estalita. “Ahoarekin hitz egiten dutelako. Besteak beste, gizarteari buruzko gogoeta sakona zegoen poema haien atzean”.

Bidean ikasitakoa gogoan

Donostiakoaz gain, Hits&Fits bandak ikuskizun gehiago ere egin zituen Artzerekin. Lukik Donostiakoan baino ez zuen parte hartu, atzerrira joan zelako ikastera. Aparteko zeregin bat izan zuen Donostian: “Ikusleengana jaitsi ginen Ibon Salaberria eta biok, eta Artzek idatzitako txartelak eskaini eta belarrira irakurri genizkien. Honako hau irakurri nion ikusle bati: ‘Zein da bi punturen arteko bide laburrena? Biderik ederrena'”. Gordeta dauka txartela, Artzek eskuz idatzia. “Ederra izan zen ikuskizunean parte hartzea, baina bidean harekin ikasitakoa gelditu zait gerora”.

Diskoa ere grabatu zuten, eta Lukik azaldu du grabazioa bera ere “gogoangarria” izan zela. “Irunen egin genuen grabaketa, eta benetan dibertigarria izan zen. Barrenak askatzen ere erakutsi zigun; errezitatu bai, baina barruan geneukana askatuta”. Hits&Fitseko kideak onartu du Artze “erreferente” izan dutela ordutik. “Ez artista bakarrik, baita pertsona ere”. Gerora Artzeren hainbat poema erabili izan dituzte taldean. “Kontzertu batean, adibidez, bere hitzak erabili genuen abesti bat sortzeko”.

Bakoitzak bere bidea hartuta, Hits&Fits banda desegin egin zen pixkanaka. “Baina oso sasoi aberasgarria izan zen niretzat”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.