Atez ate, kopla kantuan

Atez ate, kopla kantuan

Ane Olaizola

Hilaren 2an Kandelario, 5ean Santa Ageda, usadioa galdu ez dadin etorri gera eskera”. Hala dio Santa Ageda egunaren bezperan kantatzen den koplaren zatiak. Ohiturari jarraituz, makila eskuan, Gipuzkoako herri eta txoko askotan aterako dira, beste urte batez, santa eskean, baserriz baserri koplak abestu eta bazterrak girotuz. Aurten, igandean egokitu da Santa Ageda bezpera, eta ez dute hutsik egingo eskean ateratzen diren auzoetako, ikastetxeetako nahiz lagunarteko kuadrillek. Bertsolarien eta trikitilarien laguntzarekin, egun osoan ariko dira han-hemenka sosak biltzen; Matxinbentan, adibidez. Santa Ageda festak ospatzen dituzte Azpeitia, Beasain, Ezkio eta Itsaso udalerriei dagokien auzo horretan, eta auzotarren artean galdu ez den ohitura da santa eskean ateratzea. Trikitilarien eta bertsolarien laguntzarekin, Azpeitiko auzo ugari igarotzen dituzte kantuan.

Juan Jose Eizmendi Loidisaletxe bertsolari errezildarra eta Xabier Olaizola Txikerra matxinbentarra auzoko santa eskeko taldeko bi kide beterano dira. Izan ere, biek ala biek gaztetatik hartzen dute parte hango santa eskean: Loidisaletxek 21 urte daramatza hango taldean koplak abesten; Olaizola, berriz, Matxinbentako Zuaneta baserrikoa da, eta 16 urte zituenetik aritzen da auzoan eskean. Ondo gogoan du taldean parte hartu zuen lehenengo urte hura: “Ordura arte, baserritik inora atera gabe nengoen ni; baserritik eskolara, eta eskolatik baserrira joaten nintzen. Lehenengo urtean, zeharo galduta ibili nintzen. Non nenbilen arrastorik ere ez nuen”, dio barrez. Loidisaletxe, berriz, aurretik Zumaian eta Asteasun aritu zen koplatan, eta urte batean Asteasuko taldeak ez zuela eskean jarraituko erabaki ostean hasi zen Matxinbentako taldean parte hartzen.

Eztarria sano, gibela prest

Santa Ageda bezperan goizean goiz hasten dira eskean. Ondo zehaztua dute urtero egiten duten bidea; zintzo betetzen dute ibilbide osoa furgonetan: “08:30ean elkartzen gara Loiolan, eta, kafe bat hartu ondoren, Izarraitz auzora abiatzen gara lehendabizi. Gero, Loiola auzoaren bestaldera joaten gara, eta inguruko baserriak eta taberna batzuk igarotzen ditugu”, hasi du kontaketa Loidisaletxek. Eguerdian Landetan izaten gara. Han bazkaltzen dugu, eta arratsaldean Urrestilla eta Nuarbe auzoetan izaten gara. Gauerdian amaitzen dugu santa eskea, Matxinbentan, eta afaria egiten dugu gero”.

Auzotarrek, Laja eta Izer trikitilariek, eta Loidisaletxe eta Iban Urdangarin bertsolariek ordu txikiak arte luzatzen dute santa eskea, eta 700 koplatik gora abesten dituzte egunean. Hori hala, Loidisaletxek azpimarratu du bertsolarientzat batez ere “gogorra” izaten dela eguna, eta momentu batzuk “kalbario” izaten direla ere aitortu du: “Une politak pasatzen ditugu, noski, baina, beheraldia etortzen denean, ez dugu jakiten zer abesten ari garen ere”.

Urtero baserri berberak igarotzen dituzte, eta baserritarrek “pozik” hartzen dute taldea. Etxejabeek atea irekitzen dietenean, gainera, janak eta edanak ez du hutsik egiten: “Badakigu etxe bakoitzean zer emango diguten. Ondo ikasia dugu baserri batean gosaria emango digutela eta bestean ardo ona aterako digutela”, dio Olaizolak. Hain zuzen, aitortu dute erruz jan eta edaten dutela santa eskean, eta edana zaindu beharreko kontua izaten dela eguna gauerdira arte luzatuko bada. “Pasatu egiten gara askotan. Zaila izaten da neurria hartzea”, aitortu du errezildarrak. Txikerrak, berriz, ondorengoa gehitu du: “Urteen poderioz ikasi egiten da, baina aurreneko urteetan guztioi pasatu zaigu tamaina ez hartzea. Urteko egunik ederrena da santa eskea, eta urteko egunik txarrena biharamuna”.

Umorez kontatzen dituzte santa eskeko kontuak. Urte horietan guztietan, hamaika bizipen izan dituzte, eta bi lagunek algaraz gogoratu dituzte pasarteak. Loidisaletxek, esaterako, gogoan du behin baserri batean diru zorroa ahaztu zitzaiela, eta beraiek ohartu ez eta baserritarra autoz joan zitzaiela poltsa itzultzera. “Beste urte batean, gurpila zulatu zitzaigun. Matxinbentara iritsi ginenean, gurpila aldatu behar izan genuen, eta bi anaion artean altxatu genuen furgoneta, katua ateratzea asko kostatzen zitzaigulako edo”, azaldu du Txikerrak. Errezildarrak ondorengo pasadizoa gehitu du: “Urte batean, kantuan egitetik furgonetara itzultzean, alper harri bat aurkitu genuen ibilgailuaren gainean. Eta, noski, bere kasa ez zen igoko…”.

Lekuko aldaketaren kezka

Umorea presente badute ere, ez dute hain itxaropentsu ikusten santa eskearen etorkizuna. Iaz, esaterako, 11 lagun inguru elkartu ziren santa eskean, baina urtero pertsona berberek parte hartzen dute, eta lekuko aldaketarik ez dagoela ikusten dute: “Duela bi urte gazte batzuk hasi ziren, baina horietatik bik ez dute jarraitzen jada. Matxinbenta oso txikia da, eta, Zuanetakoek huts egingo balute, ezin izango litzateke talderik osatu”, azaldu du bertsolariak. Olaizolak ere gogoratu du Matxinbentan festak izaten direla egunotan, eta auzotar askok ekintzak prestatzen aritu behar izaten dutela santa eskea egiten duten bitartean.

Loidisaletxeren ustez, santa eskean ateratzeko ohitura, oro har, berriro “indartzen” ari bada ere inguruan, gazteek parte hartzea beharrezkoa da ohitura zaharrak aurrera jarrai dezan. “Polita izango litzateke jendea animatzea. Sakrifizio txiki bat egitea eskatzen du. Izan ere, eguna jai hartu behar duzu, eta ondorengo eguna gogorra izaten da. Baina ohitura ez galtzeko ekintza gisa hartu behar da, eta ziur ondo pasatuko dutela”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.