Etsaia inoiz baino indartsuago dabil

Danel Agirre

Espezie moduan piperrik ez dugula balio agerian uzten du, lanaren automatizazioa mehatxu moduan hautematen dugunak. “Makinek tailer bateko 200 beharginak ordezkatuko dituzte” dioen izenburu bakoitza hileta tonuarekin nabarmendu ohi da, harridura-marka euforikoekin lagundu beharrean. Osasuntsu dagoen pertsona heldu oro ordainpeko zereginen batean ipintzea ideal kolektibotzat dugu, gehienok —zerbitzuetan ari garen ia guztiok, adibidez— denbora galdu baino egiten ez dugula kontuan izan gabe. Gizateria denetik, gizateriari erasaten dion izurriterik ankerrena enplegua da. Eta ia deuseztaturik behar lukeen aroan, sekula baino indartsuago dabil.

Geure buruari ezarritako kondena hain da bihurria, trasteen artean bandoak bereiztera behartzen gaitu. Roomba xurgagailua, esaterako, esker oneko aurrerabidea da, emakume baten lansaririk gabeko sufrikarioak arintzen dituelako. Biltegi batean paletak kargatuz gerriak txikitzen ari den behargina ordezkatuko duen robota, berriz, deabruaren anaiaorde moduan hartu ohi da, 800 euroko soldata kaskar bat desagerrarazten duelako. Aparatu batek ekar dezakeen deskantsua bake pozoiduntzat dugu, norbaiten —aldi baterako bada ere— aurrezki-libretari eragiten badio soilik.

Sortzen duen lanpostu bakoitzeko Amazonek kale nagusiko lau “suntsitzen” dituela irakurriko zenuen zuk ere. Aditzaren aukeraketa ezkorra iruditzen zait niri. Ekonomia saileko berriemailea banintz, lanpostuak suntsitu idatzi beharrean, lanpostuez libratu garela idaztea izango litzateke bulkada automatikoa. Arinkeria litzateke hori, bistakoa da, enpleguak zorroztasunez alderatzeko hainbat aldagai kontuan hartu behar direlako. Esaterako, guztiok maite dugu merkatu plazan otarra lur arrastoz betetako porru ebaki berriekin eta intxaurrekin betetzearen ideia erromantikoa. Gero ideia erromantiko hori asteko erosketa egitera Mercadonara autoz joanez defendatzen badugu ere, sarrerako biribilgune trakets eta guzti (espezie moduan ez dugu piperrik balio, lehen ere abisatu dizut).

Etsigarria da lanaren baldintzatzaile sozial horiek inork kontuan ez hartzea. Egite hutsa eta inor geldirik ez geratzea da jomuga bakarra, zertan ari garen hausnartu gabe. Beharrezkoa bada, alferrikako atazak sortzera iristen gara. Morroi ezin epelagoa nauzu, baina pozarren hasiko nintzateke oraintxe bertan hainbat sektore osorik eraisten. Ezinikusi pertsonalagatik, publizitatea —asmatu dugun lantegirik erdeinagarriena— galaraziko nuke ezer baino lehen. Ordurako, bidalia izango nuke udaltzaingoa burtsaren eraikinaren ateari giltzarrapoa ipintzera. Armagintzan ari diren fabrikak geldirik leudeke bazkalordua iristerako, zer esanik ez. Lanaren aurkako gerrari ekiteko, bataila horietakoak ez lirateke garaipen txarrak. Baina espezie moduan piperrik balio ez dugunez, okurrituko zaigu aitzakiaren bat, baboarena egiten beltz jarraitzeko.

Leave a Reply

Your email address will not be published.