Helduentzako bertso tailerrak Tolosan eta Ibarran

“Bertsolaritzaren mugimenduan, helduen bertso eskolek ardatz indartsua osatzen dute berez, baina azken urteotan Tolosaldean ez dute izan indar handirik”. Hala azaldu du Unai Mendizabalek, Harituz bertsozale taldeko koordinatzaileak. Horren jakitun, Harituz taldeak helduentzako bertso tailer bat antolatu du Tolosan eta Ibarran. Bi talde elkartzen dira gaur egun. Tolosako garai bateko bertso eskolako hamar bat kidek euren kasa berriz ere martxan jarritakoa da bat; Alegiako Gaztetxean biltzen dira horiek gaur egun. Eta Amasan biltzen den taldetxoa da bigarrena. “Hori sustatzeko beharra zegoela ikusi genuen, eta horregatik pentsatu dugu tailerrak antolatzea”.

Ibarran, otsailaren 19tik martxoaren 19ra izango da tailerra; astelehenetan, kultur etxean, 19:30etik 20:30era. Tolosan, berriz, otsailaren 20tik martxoaren 20ra, astearteetan, Abastos eraikinean, 19:30etik 20:30era. Bost bat saio izango dira guztira, eta Mendizabal bera ariko da irakasle lanetan. Izena ematen dutenen arabera aztertuko dute klaseak nolakoak izango diren. “Lagun talde bat elkartzea, bertsoekin ondo pasatzea, eta zerbait ikastea da helburua”. Hala adierazi du irakasle lanetan ariko denak. “Gogoari eta interesari” garrantzia emanda, ez da beharrezkoa izango maila jakin bat izatea.

40 euro balio du ikastaroak, eta harituz.bzt@gmail.com helbidera idatzi edo 695-75 14 50 telefono zenbakira dei daiteke izena emateko. Ibarraren kasuan, kultur etxean ere eman daiteke izena. Otsailaren 13ra arteko epea dago.

Leave a Reply

Your email address will not be published.