Hiru, bi, bat… grabatzen

Hiru, bi, bat… grabatzen

Unai Zubeldia

Kameraren poltsa? Bai. Kamera? Bai. Memoria txartela? Bai. Optika garbitzeko traputxoa? Ez, hori ez digute erosi oraindik”… Lasarte-Oriako Oriarte BHI institutuko DBH 1eko ikasleak grabaketari ekin aurretik egin beharreko ezinbesteko lanean ari dira: grabaketarako materiala errepasatzen, alegia. Tripodea bere lekuan jarrita, kamera prest, modelo lanetan ari den klasekidea zintzo bere lekuan… 08:15 dira, eta ikasleak lanean hastekotan dira. Ikasle bat argazkilari lanetan, bizpahiru kamerari helduta, ondokoa koadernoan dena apuntatzen… Neska-mutikoak talde lanaren eredu dira goizean goizetik.

Lehen begiratuan halakorik ematen ez badu ere, DBH 1eko 22 ikasleak euskara klasean daude, Aitor Olano irakaslea buru dutela, baina zinemako kontzeptuak lantzen ari dira. “Kamera artean, ikasleek ez dute nabaritzen euskara edo gaztelania lantzen ari direnik; zinema da oinarria, eta, kasu honetan, zinemari esker murgiltzen dira euskararen munduan”. Zinema da helburu eta aitzakia euskara edo gaztelania klaseak emateko. “Testuak sortzen ditugu, eztabaidak egiten ditugu… Ikasleak ez dira konturatzen zenbat gauza lantzen ari diren”.

Olanok azaldu duenez, hainbat herrialdetako ikasleak daude Oriarte BHI institutuko DBH 1eko ikasgelan. “Bi mongoliar, Valentzian jaio eta familia marokoarra duen bat, uruguaitar bat…”. Ikasleek ez dute euskara izaten eguneroko harremanetarako hizkuntza. “Jolastokian edo pasilloetan argi gelditzen da hori: gaztelaniaz aritzen dira den-denak”, jakinarazi du Olanok berak.

Zinemaren munduan murgildu eta euskarari eskutik helduta, ikasleek darabilten hiztegiak nabari du barru-barrutik dihardutela ikasturte honetako lanketa berrian. “Travelling-a”, “planoa”, “optika”, “tripodea”, “diafragma”, “irisa”… Ia oharkabean, zinemako hainbat hitz eta errealitate ohiko bihurtzen ari zaizkie, eta irrikaz entzuten dute irakasleen esan bakoitza.

Donostiako Tabakaleraren eta Elias Kerejeta zinema eskolaren ekimenez, Lasarte-Oriako Oriarte BHI institutukoak Kataluniatik ekarri berri duten proiektu batean ari dira: Zinema (H)abian. 2005ean, A Bao A Qu kultur elkarteak Cinema en Curs proiektua abiarazi zuen Katalunian, eta beste hainbat lekutara zabaldu dute ordutik: Madril, Galizia, Alemania eta Txilera, besteak beste. Gaur egun, 3 eta 18 urte arteko 30.000 bat ikasle ari dira mundu osoan proiektua lantzen, Oriarte BHI institutuko DBH1eko 22 ikasleak tartean.

Eskolako irakasleak eta zinema adituak: bi helduleku horiek ditu Zinema (H)abian proiektuak. Amaia Begiristain da DBH 1eko tutorea —eta gaztelaniako irakaslea—, eta Olano euskara irakaslea. Kataluniako proiektua oinarri hartuta, bi horiek dira institutuko arduradunak, eta Mikel Gurrea zinema zuzendaria ari da laguntzaile lanetan. “Zinema ikasgeletara eramateko beharrari segika sortu zuten proiektu hau, eta lehen egunetik ikasleei argi uzten diegu haiek ere zinemagileak direla, eta gaitasuna daukatela errealitateari zinemagileen begirada berberarekin begiratzeko”.

Zinema (H)abian proiektuak arlo teorikoa eta praktikoa uztartzen ditu —Tabakaleran izan dira aste honetan bertan—, eta ikasturte amaieran ikasle guztiek film labur bat grabatu beharko dute elkarrekin, barneratutakoa errealitatean islatzeko helburuz. “22 ikasleak dira zinemagileak, gidoilariak edo zuzendariak. Zinemak, izatez, badauka nolabaiteko hierarkia bat, baina ikasleek euren kabuz sortu beharko dute egitura edo errealitate hori”. Alde horretatik, Olanok azpimarratu du erabakiak hartzeko prozesua “oso interesgarria” dela.

Ikasgelatik harago

Begiristainen hitzetan, proiektua “oso erakargarria” da, “ikasgelan lantzen dutenak erabateko lotura daukalako errealitatearekin. Lantzen dutena ez da ikasgelan gelditzen, eta ikasketa prozesuan lagundu egiten du ikasten duten hori errealitatearekin lotzeak”. Gurreak azaldu duenez, ikasleek 12-13 urte izaki, “Harry Potter eta tankerakoak” dituzte gehienek eredu. “Baina gu saiatzen gara erakusten bestelako zinema ere badagoela. Irizpidea ez da zehazki zinema komertziala ez lantzea, errealitatearekin eta munduaren eguneroko ikuspegiarekin zerikusia daukan zinema lantzea baizik”.

Ikasketa prozesu horretan, dena ez da jolasa eta berriketa. “Ikasleek eurek badakite egun gogorrak izango dituztela tartean: batez ere grabaketak egin beharko dituzten egunak”. Gurreak ondo baino hobeto daki lan horrek diziplina eskatzen duela. “Baina prest daude erronkari heltzeko, eta taldean egin beharko dute aurrera”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.