Sintomak

Afagi-ren arabera, ondoren azaltzen diren sintomak itxurazko kausa fisikorik gabe jarraian azaltzen badira, medikuarenera jo behar da.

Memoria arazoak. Hitzorduak, elkarrizketak, gertaera berriak eta gauzen kokapena gogoratzeko memoria arazoak. Nolabaiteko garrantzia duten ahanzturak, errepikakorrak, eguneroko ekintzak egiteko ahalmena galarazten dutenak.

Nahasmena. Ohiko lekuetan nahastea. Eta, adibidez, egoera normal batean gidatzeko arazoak edukitzea.

Denboran desorientazioa. Oro har, zein egun den ez jakitea edo data garrantzitsuak ahaztea (urtebetetze egunak, urteurrenak…); baita urte sasoia ahaztea ere.

Kalkuluetan eta idaztean akatsak. Kalkulu aritmetikoetan akatsak egiten hastea, eta idaztean lehen egiten ez zituen ortografia akatsak egitea.

Hitzak aurkitzeko zailtasuna eta errepikapenak. Hitz aproposa aurkitzeko zailtasunak agertzen dira, eta gauzak errepikatzen hasten dira, behin eta berriro. Hainbat solaskiderekin elkarrizketa bat edukitzeko zailtasuna.

Izaeran eta umorean aldaketak. Umore aldaketak, itxurazko arrazoirik gabe. Portaera pasiboa, galdua, geldoa, suminkorra, mesfidatia edo desegokia.

Loaldian desoreka. Gauez, urduritasuna, eta egunez, logura.

Trebetasunak gutxitzea. Eguneroko gauzak, etxekoak zein lanekoak, egiteko trebetasuna galtzea; batez ere, maila intelektualean. Moldatzeko gaitasuna arlo guztietan murriztea, baita familian eta gizartean ere.

Erraz konpontzen diren arazoak argitzeko zailtasuna. Bidaiak antolatu, gastuak egokitu, tresna berriak erabiltzen ikasi… Koordinatutako eta jarraipenezko pausoak eskatzen dituzten lanak egiteko zailtasuna.

Sintoma psikologikoak. Portaerarekin eta arlo psikologikoarekin zerikusia duten sintomak agertzea: estutasuna, depresioa, eldarnioak, sensopertzepzioaren gorabeherak, noraezean ibiltzea, sumindura, oldarkortasuna…

Aldaketa kognitiboak. Goi eginkizunetan aldaketak, memoria, lengoaia, kalkulua, trebetasun motorrak, adimen eta abstrakzio ahalmena, denbora eta espazio orientazioa…

Leave a Reply

Your email address will not be published.