Tradizio baten azken joskura

Tradizio baten azken joskura

Beñat Alberdi

Alderik alde apalak dira nagusi jostundegian, garai batean telaz lepo zeudenak. Egun kutxek hartu diete tokia. Hala ere, apal bakoitzak ezohiko zabalera dauka. Liburu edo apaingarri bilduma andana beharko litzateke betetzeko. “Telen neurrira eginak daude apalak”, argitu du Maria Jesus Otaegik. Dendaren egungo jabea eta saltzailea da. “Kartoi batean biribilkatuta izaten genituen telak. Justu-justu sartzen ziren apalean, eta apal bakoitza goraino betetzen genuen”. Izan ere, zabalak izateaz gain, altuera ere ez dute makala. Jostundegia, ordea, ez dago apalekin bakarrik betea: mahai luze bat dute erdialdean, bezeroak zerbitzatzeko; esekitokiak daude beste aldean, arropak eskegitzeko; apalak dituzte haien gainean; baita bi sarrera ere: bat arropak probatzeko txokora sartzeko, eta bestea lantokia izan zenera sartzeko. “Garairik onenetan, hamar edo hamabi pertsona ibiliko ginen hemen lanean”. Orain biltoki bilakatu dute lantoki izan zena, nahiz eta oraindik lanak bertan egiten dituzten. Otaegik adierazi du dendak lehengo garaiak gogoratzen dituen itxura “klasikoa” mantendu duela. “Orain ere egiten dituzte garai bateko lan asko, baina ez guk egiten genituen moduan”.

Otaegi duela 57 urte hasi zen jostundegian lanean, enkarguekin. 11 urte zeuzkan orduan, baina gogoratu du garai hartan etxeko gazteenek ere lan egin behar izaten zutela. “Astelehenetik larunbatera lan egiten genuen”, azaldu du saltzaileak. “Aste Santuetan Ostegun Santua ere lan eguna izaten zen. Herritar guztiek jantzi nahi izaten zuten elegante”. Trajeak neurrira egitea zuten ogibide. Elgoibartik ez ezik, inguruko herrietatik ere iristen ziren bezeroak, hala nola Markina-Xemeindik edo Berriatutik. “Urte osoan pare bat aste izaten genuen jai. Fama handia zeukan dendak”. Jose Maria Agirre zen orduko jabea. Luz Abascalekin abiatu zuen negozioa. “Garai hartakoek esaten zuten Aguirrek egindako trajea gorputzera ezin hobeto moldatzen zela “.

Otaegik telen erakusgaiak etxerik etxe eramaten zituen hasieran. Bezeroek bat aukeratzen zuten, eta dendara joaten ziren, trajea neurrira egin ahal izateko neurriak hartzera. “Eskuz egiten genituen arropako xehetasun guztiak; botoi zuloak ere bai. Aguirrek kontu txikienak ere zaintzen zituen”.

Heldu ahala, saltokiaren jabeak sarri aldatu du lana. Hamaika eginkizun izan ditu dendan: hasi enkarguak betetzetik eta josteraino. Azken finean, garaiak aldatu ahala kontsumitzeko moduak ere aldatu egin dira, eta, ondorioz, baita dendaren beharrak ere. “Neurrira eginda egotea garrantzia galduz joan zen. Eskuz baino, makinekin egindako trajeak erosten zituzten gehiago. Merkeagoak ere baziren eta…”, azaldu du Otaegik. Neurrira egindako trajeez gain, zabaldu egin zuten eskaintzen zituzten produktuen gama.

Bezeroa beti ardatz

Azken urteotan, etiketako jantzien konponketek ere hartu dute garrantzia, betiere urteetan pilatutako esperientzia erabilita: “Oso garrantzitsua da bezeroaren gorputza ezagutzea. Lehen, adibidez, jakiten genuen pertsona batek eskuin izterra ezkerrekoa baino lodiagoa zeukala. Horren arabera moldatzen genion trajea”. Baina bezeroaren arreta edo xehetasunen kontrola ez ezik, Otaegik teknika ere nabarmendu du. “Mila modu egon daitezke konponketak egiteko, baina alde galanta dago emaitza batetik bestera”. Ez du uste ez bata ez bestea zaintzen dutenik egungo joskuntza dendetan.

Esperientzia ez ezik, hamaika pasadizo ere izan dituzte Aguirre jostundegikoek. Esaterako, Elgoibarko nazioarteko kroseko sarien erakustoki izaten zen lehen, lehiaketaren antolatzaileak aldatu baino lehen. Lagun bati esker, bitxikeria bat iritsi zitzaien: Zamorako antigoaleko gauzen denda batera sartu zen lagun hori. “Eta dendan aurkitu zuen 1953ko Elgoibarko kroseko sari bat. Idatzita dauka Arregui jostundegiak utzitakoa dela saria”. Orain, dendako erakusleihoan daukate 1953ko sari hura.

Leave a Reply

Your email address will not be published.