“Ahalduntze kolektibo bat izango da Euskaraldia”

“Ahalduntze kolektibo bat izango da Euskaraldia”

E. Goenaga Lizaso

Euskaraldia herriz herri aurkezten ari dira, eta lanketa horretan ibiliko dira apirilaren 8ra arte, Euskaraldian parte hartuko duten herrien zerrenda itxi arte. Orain arte egindakoaren eta hemendik aurrerako asmoen berri eman du Arrate Illaro Topaguneko kide eta Euskaraldiaren koordinatzaileak (Getxo, 1989).

Herriz herri ari zarete Euskaraldia aurkezten. Zein da helburua?

Azaroa bitartean aritu ginen egitasmoari forma ematen eta euskalgintzako eragileei aurkezten. Eta, orain, apirilaren 8ra arte herriek izena emateko epea izango da. Helburu horrekin ari gara aurkezpenak egiten.

Herrietan Euskaraldia aurrera eramango duen batzordeak sortzea da xedea?

Gure proposamena da herriko euskalgintza soziala eta udaleko euskara saila bateratzea. Lehengo larunbatean, esaterako, Karkarak eta Orioko Udalak aurkeztu zuten egitasmoa, eta batzorde bat osatuko da orain, ikusten zelako bazegoela horretarako indarra. Horixe da gure proposamena: Euskaraldia aurkezteaz gain, batzorde bat osatzea herriko euskaltzaleekin, eta horiek izatea Euskaraldia herrira egokituko dutenak.

Herrietatik bertatik garatu beharko dute, beraz, egitasmoa.

Euskaraldia egingo da martxan jartzen duten herrietan; guk ez dugu martxan jarriko herriko euskaltzaleek egiten ez badute. Orduan, herri batzuetan ari dira aurkezpenak egiten eta batzordeak osatzen, beste batzuetan jada udazkenetik dute taldea edo batzordea osatua… eta beraien lehenengo lanetako bat da egitasmoa herriko ezaugarrietara egokitzea.

Herriak martxa onean ari al dira izena ematen?

Ari dira, baina kopururik ez dugu emango oraindik. Orain garrantzitsuena Euskaraldia martxan jartzeko aktibazio hori egitea da, eta bakoitzak nola egingo duen lantzea. Beraz, barneko lana egiteko garaia da orain, eta gero etorriko da kanpora begirakoa. Orain arte egin duten herrietan ikusi duguna da denbora behar dela hau ondo prestatzeko, eta herriei denbora eman behar zaie.

Denboraz gain, herritarren partaidetza ere ezinbestekoa izango da. Apiriletik aurrera iritsiko da horiengana iristeko fasea?

Bai, gero herritarrak aktibatu beharko dira, ahobiziak eta belarriprestak behar direlako. Izan ere, azaroaren 23tik abenduaren 3ra, herritarren egunerokoan eragitea da helburua, eta, horretarako, herritarren partaidetza behar da, ezinbestean. Azaroaren 23ra arte herritarren prestaketari eskainitako hilabeteak izango dira; gomendioak emanez eta tailerrak eskainiz, egingo duten praktika hori ahalik eta eroso eta eraginkorrena izan dadin.

Gaztelerara jotzen den gune edo esparru horietan bilatzen da aldaketa?

Bai, eta horretarako nahikoa da ondoan duzun kideak ulertzeko gaitasuna izatea. Ulermenaren balio askatzailea deitzen dio Pello Jauregik [EHUko irakaslea eta Lasarte-Oriako Baietz 40 egun euskaraz! egitasmoaren emaitzak aztertu zituena], eta oso ideia interesgarria da. Azken finean, esaten duena da Euskal Herrian ulermenaren tasa oso altua dela, eta horrek urrats handi bat egiteko aukera ematen duela.

Alegia, belarriprestak direla gakoa euskararen erabileran jauzi bat egiteko.

Joera beti izan da ahobiziek, hau da, pertsona aktibo horiek, euskaraz hitz egitea ahobiziekin bakarrik. Norbaitek gazteleraz erantzuten badigu, inertziaz gaztelerara jotzen dugu. Baina hemen txip aldaketa bat dago; hau da, nik euskaraz egin eta besteak ulertu badu, euskaraz hitz egiten jarrai dezaket eta jarraitu behar dut, parean dudana badelako gai ni ulertzeko. Eta belarriprestak ere aktibo izatea da helburua, haiek ere esan dezaketelako “nik ulertzen zaitut; beraz, hitz egidazu euskaraz, nahiz eta nik gazteleraz erantzun”. Ahalduntze kolektibo bat izango da, denok batera egingo dugun ariketa praktiko bat.

Ekintza edo ekitaldi berezirik aurreikusten duzue herrietan Euskaraldiak iraungo duen egunetarako?

Guk, berez, ez dugu euskaraz aritzeko ekintza berezirik antolatzerik nahi; beti esaten dugu ez dugula euskaraz aritzeko pilates talde bat sortu nahi, baizik eta gaur egungo pilates talde horretan euskaraz egin ahal izatea nahi dugula. Herri batzuetan antolatuko dira ekintza bereziak, aktibazioari edo bisibilizazioari begira, baina helburu orokorra da herritarren eguneroko eta ohiko esparruetan eragitea, eta aldaketa probokatzea.

Leave a Reply

Your email address will not be published.