Reyes Calvo: “Ezin da gizartearen erdia kanpoan utzi; talentua galtzen da”

Reyes Calvo: “Ezin da gizartearen erdia kanpoan utzi; talentua galtzen da”

Eider Goenaga Lizaso

Ikerbasqueko ikerlaria da Reyes Calvo (Ciudad Real, Espainia, 1979), Donostiako CIC Nanogunean. Fisikaria da, eta aitortu du gizonen mundu batean lan egiten duela, hori aldatzeko lanean ari den arren. Iaz, Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunaren harira, koordinatzaile aritu zen Nanoguneak Donostian antolatutako Zientzia bada nesken kontua jardunaldietan. Aurten koordinazioan laguntzen arituko da; izan ere, lanean ari da buru-belarri gai hori zientzialariekin berekin urte osoan jorratzeko. Atzo hasi ziren jardunaldiak, eta gaur amaituko dira.

Otsailaren 11 Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna izatea erabaki zuten 2016an. Bazegoen beharrik?

Gizartea asko aldatu den arren, zientzian oso emakume gutxi gara oraindik. Karreran eta doktoretzan parekoa da kopurua, baina, arlo profesionalean aurrera zoazen neurrian, asko murrizten da kopurua. Nanogunean, adibidez, hamabi taldeburu daude, denak gizonak. Adinari erreparatuta, beste bat eta ni gara Nanoguneko emakumezkorik zaharrenak.

Emakume eta neska zientzialariak aipatzen dira nazioarteko egunean. Umetan bilatu behar da emakume gutxiago izatearen arrazoia?

Genero rolak eta estereotipoak oso garrantzitsuak dira. Rol horien ondorioz, neska askok pentsatzen dute zientzia mutilen kontua dela; horregatik jarri genien jardunaldiei Zientzia bada nesken kontua izena. Neskek gustuko dugu zientzia, eta, gainera, gaitasun osoa dugu zientziaren arloan gauza garrantzitsuak egiteko. Ezin duzu gizartearen erdia kanpoan utzi; talentua galtzen ari zara. Iaz Science aldizkariak artikulu bat kaleratu zuen, eta esaten zuen umeak 5-6 urterekin hasten direla barneratzen mutilentzat direla jarduera intelektual handia behar duten gaiak. Pertzepzio hori hautsi nahi dugu.

Karrera hasi zenuenean esan zizuten halakorik?

Batetik, esan behar dut gutxi eragiten didatela gizartetik iristen zaizkidan mezuek. Bestetik, gure etxean ez zegoen bereizketarik: anaiarekin jolasten nintzen, eraikuntza jolasak-eta atsegin nituen, eta inoiz ez zidaten esan mutilen jolasak zirenik. Esango nuke, gainera, bere garairako nahiko feminista zela aitona, eta niri erakutsi zidan entxufeak aldatzen-eta. Anaiari halako gauzak ez zitzaizkion batere interesatzen, eta niri, aldiz, bai. Beraz, etxetik beti aldeko mezuak jaso nituen, eta horrek izango zuen eragina.

Tokiz kanpo sentitu zara inoiz? Uzteko tentaziorik izan duzu?

Hasieran, ez. Karreran %40 ginen neskak, eta doktoretzan, antzera. Orduko hartan pentsatu nuen gure gurasoen garaiko kontua zela emakume gutxi egotea, eta hogei urtean egoera irauli egingo zela. Baina pasatu dira hogei urte, eta, aurrera egin ahala, konturatzen zara arazoak bere horretan jarraitzen duela. Eta uzteko tentaziorik izan dudan? Bada, bai. Mundu hau oso lehiakorra da, eta are presio handiagoa sentitzen duzu emakume izateagatik. Eta, beharbada, okerrena gelditzen zait oraindik: izan ere, aurrera noan heinean, gero eta gutxiago gara.

Zer oztopo jartzen zaizkizue eskaileran gora egiteko?

Faktore asko daude. Haietako bat amatasunarena da, oraindik amak hartu behar izaten baitu umeen ardura ia osoa. Neska askok karrera alde batera uzten dute, pentsatzen baitute bateraezinak direla. Ereduak falta zaizkiela uste dut, eta ispiluak, euren burua islatuta ikusteko. Emakume gutxi gara, eta gaudenok, beharbada, ez ditugu haien asmoak irudikatzen. Adibidez, nik ez dut umerik. Eta argi diot: seme-alabarik banu, agian ez nintzateke hemen egongo. Eredu falta hori bada oztopo.

Emakume izateak baldintzatu du zure ibilbide profesionala?

Zaila da hori baieztatzea; ezinezkoa da jakitea. Jada ez dago ageriko diskriminaziorik: inoiz ez dizute esango ez dizutenik plaza bat eman emakume zarelako; baina gertatzen da. Halere, gizon batzuek esaten dute, neska batek plaza lortu duenean, emakume izateagatik eta kuotak betetzeagatik lortu duela. Jennifer eta John esperimentua egin zuen 2012an Yale-eko unibertsitateak (AEBak). Zientzietako 130 irakasle ingururi bidali zizkieten curriculumak; denak berdinak ziren, sinadura bakarrik aldatzen zen: Jennifer edo John. Plaza lortzeko garaian, Johnek Jenniferrek baino balorazio hobea jaso zuen, eta hainbat puntu gorago gelditu zen.

Inoiz gutxietsia sentitu zara?

Ikerketek diote gutxiago deitzen gaituztela hitzaldietara, artikulu gutxiago publikatzen dizkigutela… Uste dut, oro har, balio txikiagoa aitortzen zaigula. Sotila izaten da, baina bai, inoiz gertatu izan zait konferentzia batean beste hizlariek ikasle gisa tratatzea. “Ez, begira, oraintxe hitzaldi bat eman behar dut”, esaten diezunean, harrituta begiratzen dizute. Haien ama izateko moduko adina izan arren, gazteek ez zaituzte zientzialari gisa ikusten. Zaharragoen kasuan, berriz, paternalismoz tratatzen zaituzte: “Hara, begira zer neska gaztea daukagun hemen, gure artean”. Askotan haserretu ere ezin zara egin, eta saiatzen zara ikusarazten merezimendu osoz zaudela hor. Emakumeok, zientzian, beste hainbat arlotan bezala, etengabe aritu behar izaten dugu merezi dugula eta profesionalak garela frogatzen.

Jardunaldietan nola landuko duzue gaia?

Umeei begira, estereotipoak hautsi nahi ditugu, batez ere. Emakumezko zientzialarien aurkikuntzen inguruko jolas bat egingo dute, eta gero jarduera praktiko batzuk, Nanoguneko emakumeekin. Helburua da umeek ikustea zientzian badaudela neskak. Nerabeekin ere badugu beste jarduera bat. Esperimentu batzuk egingo ditugu 17 urte inguruko neskekin, eta neska horiek gertu-gertutik ariko dira Nanoguneko zientzialariekin: galderak egin, zalantzak argitu… Karrera aukeratzeko adinean daude, eta garrantzitsua da gurekin identifikatuta sentitzea.

Amona’s Power izeneko jarduera ere antolatu duzue.

Bai, 55 urtetik gorako emakumeei zuzendua dago. Askotan pentsatzen dugu adin horretan dauden emakumeei ez zaiela zientzia interesatzen, baina badute interesa; gainera, ezagutzaren transmisioan eragin dezakete. Etxean egiteko moduko esperimentuak egingo dituzte, eta gero, agian, bilobei erakutsiko dizkiete, eta haien interesa piztuko.

Iaz emakume zientzialarientzako jarduerak antolatu zenituzten. Aurten, ez. Zergatik?

Barnera begira, eta, oraingo honetan, Nanogunean aritzen garen emakumeei dagokigunez, lanketa beste nolabait egitea erabaki genuen. Ikusi genuen gai hori urte osoan landu eta jorratu behar dela, egun jakin batean zerbait egin beharrean. Hain zuzen ere, ni horrekin ari naiz orain: ea zer egin dezakegun gure egunerokoan eragiteko, hasten ari diren emakumeei bidea errazteko…

Leave a Reply

Your email address will not be published.