“Hangoek egoera nola bizi duten ulertarazteko pasabidea gara gu”

“Hangoek egoera nola bizi duten ulertarazteko pasabidea gara gu”

Beñat Alberdi

Ohikoa da Ane Irazabal (Arrasate, 1984) ETBko Gaur egun edo Teleberri albistegietan ikustea, mikrofonoa eskuetan hartuta, nazioarteko azken gertaerei buruz informazioa ematen. EITBtik harago, idatzizko zenbait komunikabiderekin —BERRIA, tartean— eta RAI Italiako telebista kate publikoarekin ere egiten ditu kolaborazioak. RAIrentzat Mexikon aritu izan da lanean, esaterako, ahuakatearen produkzioan narkotrafikatzaileek duten esku hartzea ikertzen; eta Bangladeshen ere izan da, rohingya errefuxiatuei buruzko erreportajea lantzen. Erroman bizi da egun; besteak beste, aireportuak dauzkan aukerengatik. Hamaika salto eman du Historia ikasketak egin zituen arrasatear honen bizitzak.

Historia ikasketak egin zenituen, baina kazetari ari zara azkenean lanean. Nolatan egin zenuen aldaketa hori?

Bi aukera neuzkan Historia ikasketak amaitu nituenean: irakaskuntzara jotzea edo komunikazioaren mundura jauzia egitea. Ikus-entzunezkoen komunikazioa ikasi nuen azkenean.

Ikasketa horiek amaitutakoan, berriz, freelance gisa lan egiteko hautua egin zenuen. Zure aukera izan zen hori ere?

Ez dakit aukera bat izan zen. Palestinara joan nintzen ikasketak amaitzean. Hango albiste agentzia batekin egin nuen lan hilabete batzuetan. Oso esperientzia polita izan zen. Hala ere, Euskal Herrira itzultzean sentsazioa neukan ez nuela dena eman edo gehiago saia nintekeela. Nire kontura hastea bururatu zitzaidan.

Lehen pausoa emateko, lotuta al zeneuzkan zure albisteak jasoko zituzten komunikabideak?

Hainbat komunikabiderekin jarri nintzen harremanetan. Kristina Berasain BERRIAko nazioarteko sailburuarekin, adibidez, eta baita Mikel Reparaz EITBko nazioarteko buruarekin ere. Baina inork ez zidan ezer ziurtatu. Joateko eta probatzeko esan zidaten, albisterik sortzen bazen jarriko zirela harremanetan nirekin. Horrela hasi nintzen, poliki-poliki.

Ekialde Hurbila izan zenuen lehen jomuga. Arrazoi jakinik bazeneukan lekua hautatzeko?

Historia ikasi nuenean, akaso, interesa sortu zitzaidan Palestina eta Israelen gatazkaren inguruan. Irakurtzen nuen hura egia ote zen ikusteko, hara joatea erabaki nuen.

Ba al dakizu arabieraz?

Jakin, bai; baina ondo, ez. Ikasten ari naiz, baina oso zaila da. Italian bizi den Siriako errefuxiatu bat daukat irakasle, distantziara, baina arabiera ez dut erabiltzen egunerokoan, eta ez dut menderatzen oso ondo. Ulertu hitz egin baino gehiago egiten dut.

Orduan, nola komunikatzen zara hango biztanleekin?

Badaezpada, beti lotzen dugu bertako pertsona bat itzultzaile lanak egiteko.

Palestinan egin zenituen lehen urratsak freelance gisa. Nola antolatu zinen kazetari jarduteko?

Lehenengo lau hilabeteetan albiste agentzia batentzat aritu nintzen lanean. Hango dinamika ezagutu nuen. Euskal Herrira itzuli nintzen gero, bisa amaitu zitzaidalako. Hala ere, itzuli nintzenean ez nintzen hutsetik hasi: kontaktu sare bat baneukan, eta tokia ezagutzen nuen. Ez zen zaila izan saltoa ematea.

Hala ere, ez da erraza izango erreferentzialtasuna lortu arteko lana, ezta?

Norberak bidali behar izaten ditu proposamenak, eta oso frustragarria izaten da askotan, proposamenak bidali eta inork ez duelako erantzuten. Baina zauden toki horretan gertaeraren bat jazo ostean, dinamikan sartu eta kolaborazioak finkatzen hasten dira.

Egiptora joan zinen Palestinatik. Sare berri bat sortu behar izan zenuen han?

Udaberri Arabiarren osteko testuinguruan iritsi nintzen Egiptora. Ikasketak amaitu eta freelance moduan lanean hasi berri ziren kazetari askorekin topo egin nuen garai hartan. Udaberri Arabiarra aukera bat izan zen kazetari gazte askorentzat nazioarteko kazetaritza probatzeko. Oso lagun talde polita elkartu ginen. Asko laguntzen genion elkarri.

Palestinan ez al zegoen halako elkartasunik?

Oso bestelakoa zen egoera. Adin batetik aurrerako kazetariak ari ziren lanean Jerusalemen, berriemaileak; hots, finkoak.

Nazioarteko kazetarien artean, orduan, halako “lagun talde bat” sortzen da normalean?

Jende pila bat elkartzen da albisteen masifikazioa egoten denean. Beti egiten da lagun talde bat. Egoera bitxia izan genuen Gazako 2014ko gerran. Hotel onetan zeuden berriemaile guztiak. Freelance guztiak, berriz, eraikin batean elkartu ginen, GKE-ek erabiltzen duten eraikin batean. Han geunden argazkilariak, kazetariak… Munduaren mutur batekoa zen bakoitza: kolonbiarrak, japoniarrak, italiarrak, gu… Babelgo dorrea zirudien hark.

Luzera begira, balio izaten al dute harreman horiek? Beste gatazkaren bat lantzeko, adibidez.

Egipton ezagutu nituen niretzat oso garrantzitsuak izan diren egungo bi pisukide; Albacetekoa da bat, eta Ubedakoa bestea. Espainiarrak biak. Ez dira kazetariak, baina babes emozional izugarria eman didate. Gorabehera handiak izaten ditugu freelance gisa lanean aritzen garenok. Haiekin bizitzeak sekulako babes emozionala eman dit.

Nazioarteko hainbat gertaeratan jardun duzu. Nola moldatzen zarete gertaera baten informazioa lortzeko?

Denbora guztian kalean egonez eta jendearekin hitz eginez. Hala ere, informazio asko bildu behar izaten da hara joan aurretik. Gerra batera heldu eta egoera zein den ez badakizu… Baina garrantzitsua da jendearekin egotea. Azkenean, hangoek egoera nola bizi duten ulertarazteko pasabidea gara gu.

Informazio iturri ofizialen mendekotasunik izaten al duzue?

Guk ez dugu mendekotasunik. Egoera nola bizi duten azaltzeko eskatzen digute, ez batak edo besteak zer esan duten azaltzeko.

Gatazkaren alde batekoen edo bestekoen mugarik edo presiorik nabaritzen duzue informatu ahal izateko?

Uste dut nazioarteko kazetaritzan ez dagoela horrenbesteko presiorik. Errusian, AEBetako kasu jakinen batean edo Israelen sentituko da, akaso, autozentsurarako presio hori, baina nik inoiz ez dut sentitu inor atzetik dabilenik.

Hamaika herrialdetan izan zara; besteak beste, Jordanian, Tunisian, Palestinan eta Egipton. Lan egitean, igartzen al da alderik herrialde batetik bestera?

Burokrazia da Ekialde Hurbileko herrialdeen artean dagoen arazorik handiena, haien artean egon diren eta dauden arazo diplomatikoak kontuan hartuta, noski. Pasaportetik hasita. Palestinan lanean aritzeko, Israeldik sartu behar izaten da derrigor, baina, orduan, Israelgo zigilua agertuko da pasaportean. Zer ondorio dauzka horrek? Libanon ezin zarela sartu Israelgo zigiluarekin, eta pasaportea aldatu beharra dagoela. Izatez, posible litzateke Betleemdik (Zisjordania) Damaskora (Siria) bazkaltzera joatea eta itzultzea, baina praktikan ezinezkoa da, traba pila bat daudelako. Bestalde, kontrolatu egiten gaituzte burokraziari esker.

Nola kontrolatzen zaituztete burokraziarekin?

Ekialde Hurbilean elkarrizketa bat lortzeko ez da nahikoa eskaera orri bat betetzea, mezu elektroniko bat bidaltzea eta erantzuna jasotzea. Batzuetan, egun osoa pasatu behar izaten da komunikazio arduradunarekin te bat hartuz. Tripolin (Libia) pasatu zitzaigun hori. Egun osoa pasatu genuen baimenak ematen dituenarekin, behingoagatik baimena ematea bururatu zitzaion arte. Egun osoa galtzen da horrelakoetan. Gainera, egun horretan, akaso, ez dizu emango baimenik, eta hurrengo egunean itzuli beharko duzu berriz ere. Alde horretatik, jakin egin behar izaten da haiekin jokatzen, une oro pazientzia izaten eta bertako kontaktu onak gordetzen.

Luze eta zabal landu duzu errefuxiatuen gaia, eta oraindik ere lantzen ari zara. Nolatan heldu zenion gai horri?

2012an sortu zitzaidan jakin-mina lehen aldiz. Siriako errefuxiatuak hartzeko Jordanian Zaatariko errefuxiatu kanpalekua zabaldu zutelako joan ginen hara. Han hasi nintzen lantzen Siriako gerraren osteko giza krisia. Egipton errefuxiatuen uholde ikaragarria izan zen gero.

Egipton bertan harrapatu zintuen uholdeak?

Bai. Anaia Musulmanek free visa politika jarri zuten abian. Siriako errefuxiatu pila bat joan zen Egiptora. Negozio asko zabaldu zituzten han: tabernak, jatetxeak… Horrela hasi ginen erreportajeak egiten eta haiekin harremanetan jartzen. 2013ko estatu kolpearen ondoren, errepresioa jasaten hasi ziren, eta errefuxiatu asko hasi ziren Italiara alde egiten. Orduan ezin nuen imajinatu ere egin gero halako uholde handia bihurtuko zenik; ez nintzen ulertzeko gai.

Uholde hori 2015ean iritsi zen Greziara.

Bai. Grezian geunden orduan, eta masiboa izan zen iritsiera. Han hasi ginen haiekin Balkanetako ibilbide guztia egiten.

Greziatik Mazedoniara pasatu nahi zuen errefuxiatu andanarekin egin zenuten bidea. Nola izan zenuten ekintza horren berri?

Haiekin hilabete pasatu genuen Idomeniko [Grezia] kanpalekuan. Mugak itxi zituen Mazedoniak. Kanpaleku bat sortu zen bat-batean. 13.000 pertsona inguru batu ziren han. Mazedoniara eman beharreko saltoa izan zen hilabete horretako azken kapitulua. Etsipenak jota erabaki zuten martxa hastea, Mazedoniak ez zituelako mugak irekiko.

Nola bizi izan zenuten Mazedoniarako bide hori?

Hasieran, inork ez zekien nora gindoazen; guk ere ez. Hamabi kilometroko martxa zen. Jarraitzea erabaki genuen, nora zihoazen ikusteko. Bidea luzatu egin zitzaien ibaira iritsi arte.

Ibaia gurutzatzea erabaki zuten; berdin haur, heldu eta ezinduek. Nolatan?

GPSak esaten zien errekaren beste aldean Mazedonia zegoela. Oso gogorra izan zen familia osoak, lau hilabeteko haurrak eta gurpil aulkian zihoazenak ibaia gurutzatzen ikustea. Baina horrenbesterainokoa zen momentu horretako etsipena eta beste aldera pasatzeko ilusioa, kosta ahala kosta pasatu ziren.

Armada, ordea, zain zeneukaten Mazedonian…

Banatu egin gintuzten errefuxiatuak eta gu. 72 pertsona ginen gu; kazetariak eta kooperanteak. Komisariara eraman gintuzten isuna ordaindu arte. Launaka eramaten gintuzten kutxa automatikora, dirua ateratzeko. Baina errefuxiatuak ibaia gurutzatzera eraman zituzten berriz. Kamerek ez zuten grabatu hori, komisarian geundelako.

Poliziak atxilotu egin zintuen. Horrelako egoeretan ez al da zalantzan jartzen norbere segurtasuna?

Beti hartu behar izaten dira neurriak. Baina ezin zara bizi beldurrez. Hala ere, gu ez gara suizidak. Beti adi egoten laguntzen du beldur horrek. Egipton, adibidez, manifestazioetara beti joaten nintzen norbaitekin.

Egun, freelance gisa jarraitzen duzu lanean. Lantzen duzuen errealitatetik kanpo, nolakoa da freelance baten bizitza? Nola bilatzen dituzue gaiak?

Ikerketa asko egiten dugu, eta asko irakurtzen dugu. Ondoren, proposamena egiten diegu komunikabideei. Ez da ikusten inora joan aurreko preprodukzio lana, baina garrantzitsuena horixe dela esango nuke. Ezagutzen ez duzun herrialde batera joanez gero, batez ere.

Leave a Reply

Your email address will not be published.