“Itxaropenerako zirrikitu bat da hau”

Unai Zubeldia

Jendeari oraindik ere lotsa ematen dio etxea kendu diotela esateak, baina guk ez, bankuek egon beharko lukete lotsatuta”. Minetik ari da hizketan Jose Luis Tolosa tolosarra. “Duela hogei bat urteko kontuak dira”, hasi du azalpena. “Gehienek bezala, etxe bat erosi nuen orduan, eta mailegua eskatu nuen Kutxan. Baina langabezian gelditu nintzen; bi ordainagiri utzi nituen ordaindu ezinik, eta…”. Egoera irauli ezinik, berehala gelditu zen etxebizitzarik gabe.

Marian Escobedo pasaitarrak ere ahaztuta dauka mailegua noiz eskatu zuen. “1994, 1995… Inguru horretan izan zen”. Trintxerpen erosi zuen etxebizitza. “Eta 54.000 euroko mailegua eskatu nuen; pezetatan artean. Bankuak 114.000 eurotan tasatu zuen etxebizitza”. Handik gutxira,banandu eta lanik gabe gelditu zen, “bi seme-alaba adingaberekin”. Hilabete bat atzeratu zitzaion ordainagiriaren ordainketa. “Eta atzeratu diot, hurrengo hilabetean bi ordainketa egin nituelako; hilabete horretakoa eta aurreko hilabetekoa”. Berandu zen, ordea. “Bankuak, ordurako, martxan jarrita zeukan etxebizitza bahitu eta hipoteka deusezteko prozesua. Ez neukan zereginik. Kontsultatu nituen pare bat abokatu, eta esan zidaten bankuek euren eskubidea baliatu zutela”. Egun gutxiren buruan, Escobedo ere etxerik gabe gelditu zen.

Maileguaren ordainagiriak ordaindu ezinik etxebizitza galdu duten herritarren bi adibide besterik ez dira Tolosa eta Escobedo. “Bankuen gehiegizko klausulak” daude askoren atzean, eta, hain zuzen ere, Donostiako lehen instantziako 8. epaitegiaren azken epaiak argi izpi bat piztu du kaltetutakoen artean —epai berbera eman du Gasteizko lehen instantziako 3. epaitegiak ere—. 2013a baino lehen, Espainiako Gobernuaren legeak ez zuen aukerarik ematen gehiegizko klausulak salatu eta epaitegietara jotzeko. “Baina epaileek argi hitz egin dute orain; oso garrantzitsua da lortu duguna”, adierazi du Jose Mari Erauskin Kaleratzeak Stop elkarteko abokatuak. Funtsean, epaileek “gehiegizkotzat” jo dituzte bankuek emandako maileguen hainbat klausula, eta klausula horien aurka egiteko bidea ireki diete kaltetuei.

Erauskinek atzera begiratua egin du, joan den asteko epaiaren garrantzia azaltzeko. “1993an, Europako Batzordeak 93/13 zuzentaraua onartu zuen, kontsumitzaileen kontratuetako gehiegizko klausulen babeserako zuzentaraua, hain zuzen”. Abokatuaren hitzetan, zuzentarau horrek kontsumitzailea “abusuzko klausulei lotuta ez gelditzea” bermatzen du. “Espainiak 1998an sartu zuen legedian Europako Batzordearen zuzentarau hori, baina urte hartan ez zen egin aldaketarik auzipetze zibilaren legean, eta horrek arautzen ditu epaiketa prozesuak; hau da, nolabaiteko koadroa jarri zuten paretan, baina koadro hori ezin zen erabili”.

Urte askoan, herritar ugari horretan trabatuta egon dira. “Teorian bai, baina praktikan legeak ez zuen baimentzen kontsumitzaileek klausula horien aurka egiterik. Horregatik, urteotan bankuek zehaztutako kopuruetan egin izan dira hipoteken exekuzio guztiak”. Besteak beste, atzeratze klausulen %20-25eko interesak eta epaitegietako gastuen %30eko interesak. “Eta, horren eraginez, kontsumitzaileen zorrak neurrigabe handitu dira”. Hain da larria egoera, zor horiek ezin baitira etxebizitza itzulita estali. “Pauso hori emanda ere, gehienek hipoteka sinatu zuten garaian zeukaten zorraren parekoa edo handiagoa izango dute”. Urrutira joan gabe, hori gertatzen zaie Tolosari eta Escobedori.

Matematika ariketa soil bat da %22ko interesa daukan atzerapen klausula. “Astakeria handia”, zehaztu du Erauskinek. “100.000 euro zor baditut, 122.000 izango ditut zorretan hurrengoan; baina kopuru horri %22a gehituta, 148.840 euro izango dira hurrengoan; 181.584 euro ondoren… Harrigarria da klausula horiekin izaten den igoera”.

Espainiako Gobernuak bereizita eduki ditu legearen teoria eta praktika urte askoan, baina 2013an iritsi zen aldaketa. “Europako Batasuneko justizia auzitegiak Espainia auzipetze zibilaren legea aldatzera behartu zuen, Aziz auzia esan ohi zaion epaiarekin”. Kaltetuek gehiegizko klausulen aurka egiteko aukera izan zezaten bermatzea zen helburua, eta, hain zuzen ere 2013ko maiatzetik, kaltetuek esan dezakete kontratuetan gehiegizko klausulak dituztela.

“Askotan, maileguak aurretik sinatutakoak izan arren, bankuak oraindik ere kopuru handiak eskatzen dizkiete herritar askori, eta, ondorioz, kontratu horiek ez daude iraungita”. Ate hori irekita, Escobedok eta Tolosak ere helegitea jarri zuten, eta pasaitarraren aldekoa izan da lehen epaia. Tolosarra, berriz, zain dago oraindik. “Baina itxaropenerako zirrikitu bat da hau, oso antzekoak direlako guztion kasuak”. Klausulak gehiegizkoak zirela ebatzita, laster “kontuak” egiteko garaia iritsiko da. “Gutxiago zor izatea gerta daiteke, batetik; batere zorrik ez izatea, bestetik; edo zorretan bankua bera edo Espainiako Gobernua egotea ere bai”.

Bankuak edo Espainia?

Galdera hori egin du Erauskinek: “Nori eskatu behar zaio kalte- ordaina: bankuari, gehiegizko klausulak jarri zituen horri, edo Espainiako Gobernuari, 1998an egin beharrekoak egin ez eta bankuei hala jokatzen utzi zienari?”. Abokatuak argi dauka bankuek helegitea jarriko dutela probintzia auzitegian, eta auzia Gorenera iritsiko dela gero. “Baina arrazoia emango digute”. Gainera, hortik aurrerako erabakiak jada ez dira Espainiarenak, Europarenak baizik. “Europak zehaztuko ditu baliogabetasun horren ondorioak”.

Zirrikitu bila hasita, 2013tik mailegua eskatu eta klausulen inguruan ezer esan ez zuten herritarrek ere epaitegietara jotzeko eskubidea izango dute. “Orain arte, epaitzeko aukera izan arren epaitu gabe gelditutakoa jotzen zen epaitutzat, baina Europak ezetz esan zuen iaz. Ondorioz, beste hainbat kalteturi ere atea ireki zaie”.