“Gogorra heriotza da, ez donazioa egitea”

“Gogorra heriotza da, ez donazioa egitea”

Unai Zubeldia

Espresuki bestelakorik esan ezean, herritar guztiak gara organo emaile”. Nahiz eta, heriotza kasu bakoitzaren arabera, guztiek ezin duten eman pauso hori. “Hiltzen garen unean ditugun gaixotasunen araberakoa izaten da hori”, azaldu du Lucia Elosegi Donostia ospitaleko donazioen saileko koordinatzaileak. “Minbiziaren aurka borrokan aritu den pertsona baten organoak, adibidez, ezin dira berreskuratu, gaixotasuna pasatuko geniokeelako hartzaileari”. Etxean hiltzen direnen kasuan ere, ezinezkoa da horien organoak donatzea. “Hil berri den pertsonak kontrolatutako leku batean egon beharra daukalako bere organoak oxigenatuta egon daitezen, eta ospitalean bakarrik bermatzen da hori”.

Abenduaren 3an bete ziren 50 urte Christian Barnard medikuak Lurmutur Hiriko ospitale batean, Hegoafrikan, bihotzeko lehen transplantea egin zuenetik, eta medikuntza arloan pauso asko eman dira ordutik. Donostia ospitalean ez da egiten organoen transplanterik, baina oso handia da organo donazioen kopurua. Milioi bat biztanleko donazio kopuruaren arabera egiten da sailkapena, eta iaz 70,3 zen datua Araba, Bizkai eta Gipuzkoan; Gipuzkoan, berriz, 104. Alderatzen hasita, 32,7 da Portugalen, 30,8 AEBetan eta Belgikan, 28,7 Frantzian… “Gure osasun sistemari esker, punta-puntan gaude donazio kopuruan”, ondorioztatu du Elosegik.

Gurutzetako ospitalean, Barakaldon (Bizkaia), egiten dituzte gibelaren eta giltzurrunen transplanteak, eta Valdecillako ospitalean, Santanderren (Espainia), bihotzarenak, birikenak eta pankrearenak. Donostia ospitaletik ordubetera dago Gurutzetako ospitalea, eta bi ordura Valdecillakoa. Datuak aztertuta, giltzurrunen donazioak dira ugarienak. “Eta beharrik handiena ere giltzurrunena izaten da, gaixotasun askorekin daukatelako lotura”. Atzetik leudeke gibela eta birikak. Organoez gain, tendoiak eta hezurrak ere donatzen dituzte gazteenek, “oso baliagarriak direlako medikuntzarako”.

Hezur muinarena, erronka

Organoen transplanterik ez, baina Donostia ospitalean hezur muinarenak egiten dituzte. “Eta eredu gara horretan”. Gaixo dauden zelulak kendu eta emailearenak sartzen dituzte kasu horretan. “Eta horretarako, noski, %100 bateragarriak izan behar dute emailearen eta hartzailearen zelulek”. Koordinatzailearen hitzetan, “erronka zaila” da hori. “Eta familiako kideen artean bilatzen dugu lehenengo”. Hala ere, mundu mailako erregistroa daukate hezur muinaren donazioak egiteko. “Eta, behin izena emanda, beharra dagoenean deitzen diote emaileari. Posible da berehala deitzea edo inoiz deirik ez jasotzea”. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan urtero 1.500 pertsonak ematen dute izena hezur muinaren emaile izateko.

Elosegik azaldu du ez dela erraza organo emaile potentzialak aurkitzea. “Minbizia, infekzioak, etxean hil izana… Azkenean, herritarren ehuneko txiki batek soilik izaten du aukera bere organoak donatzeko. Horregatik dago hainbesteko beharra”. Eta horregatik egin behar izaten dute kontzientziazio lan handia. “Eskoletara joaten gara hitzaldiak ematera, komunikabideetan ere zabaltzen ditugu mezuak…”. Hausnarketarako tarte bat hartzeko eskatu du Elosegik: “Askotan ez dugu pentsatzen bi aldiz, baina inoiz ezin da jakin guk edo gertukoren batek noiz beharko duen organoren bat. Horregatik da garrantzitsua emaile izatea”.

Urteko 365 egunetan 24 orduz zaintzan egoten dira Donostia ospitaleko donazioen sailean —zortzi langile daude egun—. “Osasun langileek abisua pasatzen digute balizko emaileren bat eduki dezaketela ikusten dutenean”. Kasu horretan, pertsona horren historia klinikoa aztertzen dute lehenik eta behin, “kontraindikaziorik ez dagoela ziurtatzeko”. Eta, egoeraren arabera, gaixoari berari edo familiari galdetzea izaten da hurrengo pausoa. “Heriotzaren ondorengo kasuan, familiari galdetzen diogu ea etxean donazioei buruz hitz eginda zeuden edo ez”.

Baiezko kasuan erraza izaten da lehen pausoa. “Baina momentu gogor asko pasatu behar izaten ditugu, heriotza baten aurrean egoten delako familia hori, eta euren lehentasuna ez delako izaten organoen donazioari buruz hitz egitea”. Sentsibilitatea, goxotasuna, maitasuna… ezaugarri horietako asko eskatzen ditu donazioen sailean lan egiteak. “Eta formazio hori ere jasotzen dugu, noski. Ikastaro asko egiten dugu familia horiei nola lagundu jakiteko, nahiz eta ez dagoen sekreturik: lasai egotea eta goxo tratatzea”. Bat-bateko galdera-erantzunak eta momentu gogorrak saihesteko, etxean organoen donazioari buruz hitz egiteko aholkua eman du Elosegik. Bizi testamentua eginda edukitzea da beste aukera bat. “Dokumentu horretan idatzita badago, familiak ezingo duelako kontrakorik esan”.

Aldaketa asko izan da donazioetan. “Garai batean, garun heriotza behar izaten zen emaile izateko”, zehaztu du Elosegik. Istripuak, garuneko odoljarioak… Baina asistolian donazioak egiteari ekin zioten, 2015ean. “Kasu horretan, bihotza gelditu ondoren egiten da donazioa, kalean edo etxean bihotzekoak eman ondoren, adibidez”. Pertsona hori suspertzen saiatzen dira larrialdietako langileak. “Eta ezinezkoa denean, ospitalean baieztatzen dugu heriotza”. Ondoren hitz egiten dute familiarekin, baiezko kasuan donazioaren prozesua martxan jartzeko. “Beldurgarria da langile guztien artean eskatzen duen koordinazio lana”.

Bi kasu horietan ez da aukerarik izaten gaixoarekin hitz egiteko. “Baina gutxi gorabeherako epeak egoten dira gaixotasun batzuetan, eta, kasu horietan, lasaigarriak emateko garaia iritsi aurretik hitz egin ahal izaten dugu gaixoarekin. Hiltzeko planaz eta donazioaz hitz egin daiteke horrelakoetan. Erronka handia da, gogorra, baina oso polita”. Donazioa egiteko azken aukera bat ere badago: “Donazioa familiako kideen artean egitea. Proba asko egiten ditugu, emailea ondo dagoela jakiteko eta organo hori gabe bizi daitekeela ziurtatzeko”. Iruzurrei atea ixtea ere bada proba eta elkarrizketa horien helburua.

Behin donazioa eginda, 0 larrialdia non dagoen aztertzen dute. “Espainiako Estatuan lehenbailehen donazioa behar duen pertsona bat dagoela esan nahi du 0 larrialdiak”. Errepidez saiatzen dira organoak garraiatzen. “Baina harreman zuzena daukagu aireportuekin ere, eta organoak hegazkin arinetan garraiatzen ditugu kasu batzuetan”. Makina berezi batzuetan sartzen dituzte giltzurrunak, eta kanpineko hozkailuen gisakoetan gainerako organoak. Ordu askoko iraupena izaten dute giltzurrunek.

Esker mezuen indarra

Gogorretik asko dauka Donostia ospitaleko donazioen sailaren eguneroko lanak. “Eta eromena izaten da askotan”. Tentsioak, urduritasunak eta sentimenduek, tarteka, gaina hartzen dietela onartu du Elosegik. “Eta jakin egin behar izaten da momentu horiek gainditzen, oso-oso gertuko sentitzen ditugulako heriotza bizi izan duten horietako asko”. Baina gogorretik adina bizi izaten dute politetik. “Donazioa egin, eta asko etorri izan dira egun batzuk geroago eskerrak ematera, eta izugarriak izaten dira momentu horiek; oso politak”. Herritarrentzat mezu argia dauka Elosegik: “Gogorra heriotza da, ez donazioa egitea. Gauza positiboa da donazioa, eta ez hartzailearentzat bakarrik; emailearentzat ere ikaragarria da”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.