Hotzak dira, baina ez darie lerderik

Danel Agirre

Nire telefono zenbakia idatzita zeraman kiribildutako papertxoa belarri atzean ezkutatu, eta haien ustez begira ari zitzaidan ilehoriarekin hitz egitera bidali ninduten L.k eta E.k. Presaka zebiltzan. L.k txanda amaitzear zegoen zerbitzari australiar androgino samarra alboko kaleko bere etxera igotzeko konbentzitu berri zuen. E.k aurrerantzean Mofeta deituko genion artista ingeles hura —izenarena azaltzea beste baterako utziko dugu— zain zuen atean.

Biharamunean, gogoan nuen L.k eta E.k erruki puntua zuen irribarre batekin agurtu ninduteneko unea, baina ilehoriarekin zer gertatu zen ez. Gaua zen berriz kankarreko minak eragindako paralisia gainditu nuenerako. Peppin buru-belarri erretzen da, eta aireztapena ahal eta ke trinkoena era dadin pentsatuta dago, antro onenetan bezala. Bost minutu bertan igaro, eta arropak ez dira febreze bustialdi bat eman eta balkoian utzita salbatzeko moduan geratzen. Bakeroen kiratsarekin liluratu, eta garbigailura botatzeko patrikak hustearekin, nire telefono zenbakia idatzita zeraman kiribildutako papertxoa topatu nuen. Orduan jakin nuen ilehoriarekin zer ez zen gertatu.

Aspaldiko pasadizoa S.ri kontatu nion aurrekoan, dagoeneko tabernetan ez dela ligatzen aipatu zidanean. Arrazoia emateko izan zen. Hainbeste ez dela, Peppiko giroa elektrikoa zen. Gurutzatutako begirada eta solasaldiak desagertu dira ordea. Plan bila dabilenak Tinderreko bizpahiru txat erdi errematatuta daramatza sakelakoan egun, eta gehien berotzen denaren ohera alde egiten du bat-batean, garagardo erdia mahaian utzita. Azken lau gauak match egiten dalefuegoan pasa, eta flirtean analogiko aritzeko gogorik gabe, barrara deskantsu bila bakarrik esertzen denik ere bada.

Burua arindu eta adiskideekin jardunean aritzeko tokia bilakatu da Peppi, behin tentsio sexuala desagertuta. Hobe horrela akaso, esan nion S.ri, aurrerantzean hainbat eszena deseroso aurreztuko ditugulako. Nire kasuan, dorpe eta sinpatiko aritzen nintzen batzuetan, baina likatsu beste hainbatetan, pizgarriekin sudurra galdutakoan batez ere. Intoxikaziorik gabeko hartu-emanak erraztuko ditu Tinderrek, iragarri nion, app-ak hotzak dira baina ez darie lerderik behintzat.

S.ren aurpegiera hori ez nuen ezagutzen, eta benetan sentiarazi ninduen inuzente. Ez dariela lerderik? Segapotoa atera, eta minutua baino lehen zazpi match pilatu zituen. Haietatik batek —agurtu ere egin gabe— tentetutako zakilaren argazkia oparitu zion segundo gutxiren buruan. Besteak biluzik edo gutxienez bikiniarekin agertzen zen irudia bidaltzeko exijitu zion S.ri, txateatu nahi bazuen. Peppin ez didate sekula jazarri, argitu zidan lagunak; Tinderren, berriz, egunero deitu ahal nioke Poliziari. Mahaiak betetzen ari ziren. Papera eta boligrafoa eskatu, eta S.ren telefono zenbakia papertxo batean apuntatu genuen.