Mintzanet, euskaraz egiteko konexioa

Mintzanet, euskaraz egiteko konexioa

Eider Goenaga Lizaso

Ordenagailuaren aurrean eseri, kamera piztu, Skypera konektatu eta hortxe hasten da elkarrizketa. Alde batean Mariaje Barandiaran dago (Lazkao, 1958), eta beste aldean Martin Zabalza (Montevideo, Uruguai, 1980). 2014tik ezagutzen dute elkar, eta, ordutik, ia hutsik egin gabe, astero egiten dute hitzordua sarean. Helburua: gutxienez ordu erdiz euskara praktikatzea, euskaraz hitz egitea. “Ordu erdia berehala pasatzen zaigu, eta askotan ia ordubete ematen dugu hizketan”, dio Barandiaranek.

2013ko urtarrilean Mintzanet martxan jarri zenetik, 1.055 lagunek hautatu dute euskaraz hitz egiteko eta praktikatzeko modu hori, eta urtean 500 ingurukoa da erabiltzaile kopurua. “Erabiltzaile gehienak euskal herritarrak dira (%77,46), eta gipuzkoarrak ia hirutik bat (%29,80). Baina mundu zabalean ditugu erabiltzaileak: Argentinan, adibidez, bidelari asko ditugu”.

Mintzalaguna egitasmoaren aldaera bat da Mintzanet, zeina Donostiako Udalak jarri zuen abian. 2013ko urtarrilean hasi ziren lehen erabiltzaileak, eta bost urte pasatu dira ordutik. Egitasmoa zabaldu egin da Euskal Herri osora, eta mundura. Donostiako Udalaren babesa ez ezik, Gipuzkoako Foru Aldundiarena eta Eusko Jaurlaritzarena ere baditu. Maramara taldeko hizkuntza zerbitzuak kudeatzen du; irabazi asmorik gabeko egitasmoa da, eta doakoa. Erabiltzaileak Mintzaneten webgunean sartu, galdetegia bete eta bidelari edo bidelagun izan nahi duen adierazi besterik ez du egin behar parte hartzeko.

“Oso erraza da, eta ez du lotura handirik eskatzen, etxetik eta edozein ordutan egin baitaiteke”, azaldu du Loiartek. Egitasmoaren oinarrian mintzalagunen taldeak egon arren, badaude ezberdintasunak lan egiteko bi moduen artean. “Mintzapraktikako taldeak lau edo bost lagunekoak izan daitezke: bidelagun bera hiru edo lau bidelarirekin aritu daiteke. Alde horretatik begiratuta, guri sortzen zaigun zailtasuna da elkarrizketak biren artekoak direla, eta, ondorioz, bidelagun gehiago behar ditugula; bidelari bakoitzeko bat”. Ildo horretan, bidelagun izateko kanpainak egiten dituzte, aurkezpenak… “Garrantzitsua da jendeak aukera hau ezagutzea, ikustea zein erraza den, ze gutxi kostatzen den, eta zenbat lagundu daitekeen”.

Bi bidelarirekin aritzen da Barandiaran, eta biekin “oso harreman polita eta aberasgarria” duela dio. “Ni euskararen aldeko militantea izan naiz beti, eta militantzia horretan eskaintzeko daukadana eskaintzen dut Mintzaneten bidez. Bestetik, ikusten dut nolako ilusioa duten eta nolako esfortzua egiten duten euskara ikasteko: liluratuta uzten naute. Hori jada saria da. Baina, gainera, aukera eskaini didate beraiek ezagutzeko, jende interesgarriarekin topatzeko, harreman onak egiteko… Esperientzia oso ona da, aholkatzekoa erabat”.

Abantailak

Mahai beraren bueltan egiten diren mintzapraktikekin alderatuta, Loiartek onartu du harremana hotzagoa izan litekeela online egiten diren elkarrizketetan. “Baina, aldi berean, biren arteko harremana sortzen da, eta, ondorioz, konfiantza ere handiagoa da”. Barandiaranek, adibidez, Mintzalaguna egitasmoan parte hartzen zuen Donostian, talderik gabe gelditu zen arte, eta orduan eman zuen izena Mintzaneten. Ordutik ez dio jardunari utzi, eta, 2016ko udan Argentinara egindako bidaia baliatuta, Uruguaira joan zen, Martin Zabalza ezagutzera. “Oso ohikoa da hori, harremana Internetez egin arren, elkar ezagutzeko ahalegina egiten dute”, gaineratu du Loiartek.

Mintzaneteko koordinatzailearen arabera, malgutasuna da beste abantaila bat. “Etxetik egin dezakezu, mugitu gabe, eta edozein ordutan egin daiteke. Mintzalagun taldeak, normalki, ez dira ez oso goiz eta ez oso berandu gelditzen, baina Mintzanetek aukera ematen du bai 07:00etan eta bai 23:00etan gelditzeko. Ez da batere zaila astean behin, eguna amaitu ondoren, ordenagailuarekin tartetxo bat hartzea”. Halaber, biren arteko harremana denez, hitzordua aldatzea ere errazagoa dela gaineratu du.

Loiartek beste abantaila bat ere ikusten dio elkarrizketak bi pertsonaren artekoak izateari. “Izan ere, lauko talde batean gerta liteke batek gutxiago hitz egitea, besteei hitz egiten uztea lotsatu egiten delako edo erraztasun gutxiago duelako, eta berak ez hainbeste hitz egitea. Mintzaneten derrigor hitz egin behar du, eta asko da euskaraz ordubete aritzea; errazago galtzen dute lotsa, eta horrela asko hobetzen dira bidelariaren trebetasuna eta etorria”.

Erabiltzaileen profilaz ere hitz egin du Loiartek. Helburuei edo motibazioari erreparatuta, denetariko erabiltzaileak daudela azaldu du: euskara ikasten ari eta Mintzalagun talde batean izena emateko zailtasunak dituztenak; Euskal Herritik kanpora bizitzera joan eta euskaraz aritzeko solaskiderik ez dutenak; euskara ikasten ari diren atzerritarrak… “Adinari dagokionez, askotan jendeak pentsa dezake, ordenagailuz-eta egiten denez, gazte jendeak ematen duela izena. Baina, ez da horrela: erabiltzaile gehienak (%75 inguru) 30 eta 60 urte artekoak dira, eta, bitxia bada ere, 60 urtetik gorakoak %12,25 dira”. Generoari dagokionez, emakumezkoak %62,6 dira, eta gizonezkoak %37,4.

Emakumeak eta adinez nagusiak: halakoak dira, adibidez, Mila Altuna eta Begoña Arruabarrena. Azpeitiko San Martin egoitzako egoiliarrak dira biak, eta Mintzaneteko bidelagunak. “Adinekoen egoitzetan oso esperientzia polita daukagu: euskaraz ondo dakien jende pila bat dago egoitza horietan, eta prest daude laguntzeko. Denbora daukate, eta guk ordenagailua jartzen diegu beste norbaiti laguntzeko. Donostian, Zorroagan, 91 urteko emakume bat daukagu bidelagun”, azaldu du Loiartek.

Esperientzia horrek bi aldeak aberasten dituela azaldu du Marian Mangasek, San Martin egoitzako psikologoak. “Menpekotasuna duten pertsonak dira, bai, baina menpeko izateari uzten diote: haiek dira autonomoak, euskaraz egiteko gaitasuna dutenak, eta besteak bihurtzen dira, nolabait, menpeko”. Hala, Mintzaneten parte hartuz, hainbat arlo lantzen dituzte: autoestimua, baliagarri eta beharrezko sentitzea, memoria eta arreta lantzea, teknologia berriekin harremana… Mila Altuna bi astez behin aritzen da Sevillan (Espainia) Gorka Fernandez barakaldarrarekin —Sevillan bizi da—, eta Fernandezek ez zuen zalantzarik izan, lan kontuengatik Euskal Herrira egindako bisita batean, Altuna bisitatu, egoitzatik atera eta Azpeitiko plazan kafetxo bat hartzeko.

Jaioterrira egindako bisita bat baliatu zuen Bixente Belokik ere (Angelu, 1980) Donostiara hurbildu eta Idoia Agirre bidelaguna ezagutzeko. Duela hamabi urte Bordelera bizitzera joan zenean, Beloki ez zen euskalduna oraindik, euskal herritarra izan arren. Hango Euskal Etxean hasi zen ikasten, duela 6-7 urte, eta orain euskara txukunean kontatzen du zergatik erabaki zuen euskara ikastea: “Iparraldeko kostaldean euskara gutxi entzuten da, eta nik euskara falta nuen. Hizkuntza gabe, ezin nintzen euskaldun sentitu”. Euskaraz egiteko aukerak eskas zituen Bordelen, Mintzaneten izena eman zuen arte: “Pixkanaka hobeto hitz egiten dut, eta hasi naiz besteekin ere euskaraz ausartzen: konfiantza handiagoa dut Mintzaneti esker”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.