Ospatu ez, “hausnartu eta ikasi”

U. Zubeldia

Bizitzari begietara begiratzen ikasi du Kristina Etxeberriak —asmatutakoak dira izen-abizenak—. “Pauso txiki bat bakarrik falta izan zitzaidan hiltzeko”. Begiak itxita, sei urte atzera egin du arazoaren oinarrira joateko. “Barneen diseinatzaile gisa aritzen nintzen lanean, eta estres handiko lana zen hura. Gaizki sentitzen hasi nintzen”. Eta krisi gogor batean sartu zen bat-batean. “Odol asko isurtzen ari nintzela eraman ninduten ospitalera. Hil egingo nintzela uste zuten”.

Medikua izaki, anaia berehala joan zen ospitalera. “Eta azkar batean sendagileari deitzeko esan zion erizainari, ahal bezain azkarren odol transfusioa egiteko. Horri esker egin nuen aurrera”. Bihotzez eskertu dio anaiari bere alde egin zuen guztia.

Zainketa Berezien Unitatean egin zituen hamabost egun. “Aurrera egingo nuen edo ez jakin gabe”. Baina gauza bat zeukan ona: “Gibela salbu, gainerako organoak oso egoera onean neuzkan. Hori bai, txikituta neukan gibela”. Hamabost egun geroago jabetu zen egoeraren larriaz, esnatu eta guztiaz jabetu zenean. Beste hilabete bat behar izan zuen gela arruntean osatzeko, baina gogoan dauka argi hitz egin ziola mediku espezialistak, Javier Esandik. “Gibela txikituta neukala eta emaile bat behar nuela esan zidan”. 2012. urteko otsaila zen.

Larritasuna zela tarteko, 0 zenbakiarekin jarri zuten Etxeberria gibelaren transplantea egiteko itxaron zerrendan. “Eta urriaren 22an deitu zidaten, bazkalondoren, niretzat gibel bat zeukatela eta ordu eta erdi geroago Gurutzetako ospitalean egon beharra neukala esanez”. Bikotekidea ez bezala, Etxeberria “lasai” joan zen ospitalera. “Oso gaixo nengoen, ohetik altxatu ezinik ia, eta barneratuta neukan egoera”.

Ebakuntza eta tristura

Sei-zortzi orduko ebakuntza gogorra izan zela azaldu du, eta errekuperazio lanari ekin ziola ondoren. Behin transplantea eginda, poza eta baikortasuna izaten da gehienen erreakzioa. “Baina oso triste jarri nintzen ni. Iraganeko sufrimendu guztia etorri zitzaidan gogora”. Gogoan dauka denek nola esaten zioten berriz jaio zela eta ospatu beharra zeukala. “Baina niretzat ez zegoen ospakizunik. Hiltzear egon nintzen, eta hausnartzeko momentua zen hura niretzat, bizitza nolakoa den pentsatzekoa”. Ia hilabete egin zuen ospitalean. “Eta baxualdi txiki bat ere eduki nuen, gorputzak, une batean, ukatu egin zidalako gibel berria”.

Egunero-egunero pilula bat hartu behar izaten du gorputzak transplantea onar dezan. “Eta badakit pilula hori hartu ezean, hil egingo naizela”. Lehen lau urteetan hilabetero joan behar izaten zuen Gurutzetako ospitalera azterketa egitera —C hepatitisa ere diagnostikatu zioten, eta gibelari erasaten hasi zitzaion transplantea egin ondoren—. Tartean-tartean, Donostia ospitalean egiten dizkiote orain azterketak. “Eta desiatzen egoten naiz egun hori iristeko, donazioen saileko langileekin egoteko. Bihotzez eskerrak eman nahi dizkiet Osakidetzako transplanteen unitateko langile guztiei, Gurutzetako ospitaleari eta emaile guztiei. Eurak gabe ni gaur ez nintzen hemen egongo”.

Etxeberriak asko errespetatu du emaile izan zen familiaren dolua. “Eta euren zatitxo bat nigan daramadala sentitzen dut”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.