Transmisioa eten ez dadin

Ikerne Zarate

Pasaiako bokalean bateletan arraunean aritzen dira egunero Albaolak amaitutako ontziak probatzen, nahiz eta eguraldiak horretan ez duen laguntzen askorik. Albaola Itsas Kultur Faktoriak joan den irailean jarri zuen martxan Aprendiztegi Lance Lee Nazioarteko Ontzigintza Eskola, eta bertako ikasleak aritzen dira probaketa lanetan. Ontzigintza tradizionalean arotz lanetan trebatzea eta euskal itsas teknologia tradizionalaren transmisioa jasotzea da ikasle horien helburua, baina nabigatzeko ere baliatzen dute aukera. Bost hilabete igarota, Remi Fennebresque, Manuel Goe-thals eta Javier Bizkaia hasiak dira lehenengo ontziak egiten, Brian McClellan irakaslea gidari hartuta.

Maribeltz ontziaren erreplika da eraikitzen ari direnetako bat. XX. mendearen erdialdean Getarian egina da, eta bazterreko arrantza izan da bere funtzio nagusia. Euskal batel tradizionala da, baina Albaolako arduradunek azaldu dute txikia izanagatik ez daukala garrantzi txikiagoa: “Jende askoren lan tresna izan dira horrelako ontziak; kostaldetik hurbileko arrantzarako erabili izan dira, eta asko eduki izan ditugu Euskal Herrian”. Orain, ordea, apenas eraikitzen den mota horretako batelik.

Maribeltz ontziaren erreplika eraikitzeak bertako ontzien eta ontzigintzaren ezaugarriekin trebatzeko aukera ematen die ikasleei. “Dauzkan ezaugarriak kontuan hartuta, Euskal Herriko ontzigintza tradizionala barneratzeko proiektu ona izan zitekeela iruditu zitzaigun”.

Irlandako Waterwag erako ontzi tradizional baten erreplika da beste ontzia, eta Irlandako bertako bezero batek espresuki eskatutakoa da. “Estropadetarako erabili izan den lehen ontzi monotipoa da, eta oso diseinu esklusiboa dauka. Monotipo estropadetarako munduan dagoen ontzi motarik zaharrena da”. Duela egun gutxi, Irlandako batzorde tekniko bat izan da Albaolan, ontzi hori ofizialki onartzeko. “Neurriak hartu zituzten, baldintza guztiak betetzen dituela ziurtatzeko”. Gaur egun, Dublinen, udako denboraldian, asteazkenero estropadak jokatzen dituzte halako ontziekin. “Eta, ondorioz, estropada horietan parte hartzen dutenen eskaera badago”. Maiatzerako amaitu nahi dute Waterwag erako ontzia, Pasaiako Itsas Festibalaren egitarauaren barruan. Euskal batel tradizionalari dagokionez, berriz, ez daukate data zehatzik proiektua amaitzeko.

Bizkaiak nabarmendu duenez, hiru ikasleak pozik daude prozesuarekin: “Ezohiko eskola da Aprendiztegi. Iritsi ginen unetik, buru-belarri hasi ginen lanean; planoak hartu, garatu, moldeak egin… Beste eskola batzuetan ez da halakorik gertatzen, eta zoragarria izaten ari da esperientzia”. Bi ontziren erreplikak egiten ari dira, baina euren lana ez da horretara mugatu. “Erremintak egin ditugu, haiek gordetzeko erreminta kutxak ere bai, eta, San Juan baleontziaren upelak egiteko proiektuaren barruan, upelgintzan hasi gara orain. Esperientzia pilatzen ari gara”. Gainera, jendaurrean egiten ari dira lan guztia. “Errealitate bizia erakutsi nahi diogu Albaolara etortzen den bisitariari, dinamikoa”.

Informazio eskaera handia

Euskal Herriko arotz ontzigile eskola bakarra da Albaolarena. “Hutsune bat zegoen zentzu horretan, eta hori betetzera etorri da Aprendiztegi. Gurean ez zegoen modurik halako ikasketarik egiteko”. Lan horri esker, transmisioa ez eteten lagundu du eskolak. Balorazioetarako “goizegi” bada ere, “interes handia” sortu du eskolak. “Informazio eskaera handia heltzen ari da Euskal Herritik bertatik zein atzerritik”.

Ikasleek hiru ikasturte igaroko dituzte Aprendiztegin. Gaiari buruzko jakin-mina dutelako heldu dira batzuk eskolara, eta lanbide gisa ikusten dutelako beste batzuk. “Norberak erabaki behar du zertarako ikasi nahi duen, eta norberaren garapenak erakutsiko du, azkenean, ikasitako hori zertara bideratu nahi duen”.