“Mila gauza egin daitezke futbolarekin, baina lehiara bideratzen dugu beti”

Nerea Uranga

Etxetik bertan duelako, Berehala nator izena jarri dion arte tailerrean pasatzen ditu orduak Manu Urbietak (Zarautz, 1963). “Airean” joaten zaio denbora. Egur zaharrekin edota hondartzan jasotako burdinazko piezekin egindako eskulturak, collageak, markoak, postalak, enkarguz egindako oroigarri eta sariak… Horrelakoak ditu bere arte lantegian. Garai batean Realeko eta beste hainbat taldetako futbolari eta entrenatzaile izandakoa sorkuntzari eta eskola kirolaren aldeko jardunari lotuta dago azken urteotan. Imanol Urbieta aita zenarengandik jaso zuen kirolerako eta musikarako zaletasuna.

Aitarekin, hondartzarekin eta kalearekin lotzen duzu kirolarekin izandako lehen harremana.

Aita irakaslea zen Zarauzko ikastolan, eta Pilartxoenean eta beste eraikin batzuetan ibiltzen ginen gu, okupa tankeran askotan. Kalean, hondartzan, frontoian, gela barruan eta gelatik kanpo, bazter guztietan jolasten genuen; 1965-66 urteez ari naiz hizketan, aspaldiko kontuez. Kirola baino gehiago, jolasa zen gurea. Jolaserako ziren espazioak eta inguruak.

Nola pasatu zinen ikastolan jolasean ibiltzetik futbolarekin zaletzera?

Zarauzko musika eskolaren ardura ere bazeukan aitak. Behin, Zarautzek Atotxan gazte mailako final bat jokatzen zuela-eta, zarauztarrak animatzera joan ginen musika eskolatik. Izugarrizko zalaparta sortu genuen. Orduan, [Jose Luis] Orbegozo Realeko presidenteak aitari galdetu zion prest izango al ginen Reala animatzera joateko. Saltseroa zen aita, eta baietz esan zion. Realak autobusa jartzen zigun, eta hamabostero Atotxara joaten ginen musika eskolakoak, instrumentuak hartuta; izugarrizko giroa sortzen zen. Orduan hasi nintzen ni futbolarekin zaletzen… jokatzen hasi eta 17 urterekin Realak deitu zidan arte.

Zarautzen jokatzen al zenuen aurretik?

Zarautzen jokatzen nuen aurrena, baina, oso entrenatzaile gogorra genuela-eta, utzi eta hondartzara joan nintzen jokatzera, lagunengana. Garai hartan, hondartzan mailaka jokatzen zen. Gero, 17 urterekin, berriro heldu nion futbolari, eta Realak deitu zidan. Orduan, Zarautzek oso maila ona zuen, eta herrian bertan gelditu nintzen, Realak utzita.

18 urterekin joan zinen Realaren bigarren taldera.

Sei urte egin nituen Reala B-n, eta beste bi Realean. Guztira bederatzi urte egin nituen han, baina tartean soldadutza egin nuen; Realak fitxatu eta boluntario joan behar izan nuen, 19 urterekin. 1982-83 denboraldia izango zen. Ordurako hasita zeuden kontzientzia eragozleen mugimenduak; kalean mugimendu handia zegoen, eta gauza asko pasatzen ziren. Izugarrizko mina egin zidan soldadutzak, oso gaizki pasatu nuen; dena uzteko zorian egon nintzen.

Bestela, nola gogoratzen dituzu Realean jokalari gisa igarotako urteak?

Asper-asper eginda egon nintzen Reala B-n. Realarekin 1982an jokatu nuen lehen partida: Realeko jokalari asko Munduko Txapelketa jokatzera joanak ziren Espainiara, eta orduan egin nuen debuta. Gero, tarte horretan egin nuen soldadutza. Reala txapelduna zen garai hartan: ligak irabazten zituen, eta goian ibiltzen zen beti. Nire postuan zeuden jokalaririk onenak, ordea: Zamora, Lopez Ufarte, Txiki Begiristain… Nik gutxi jokatzen nuen lehen taldean; Reala B-n izaten nituen aukerak. Hala pasatu nituen sei urte. Gero, 25-26 urterekin, Realera igo eta bi urte egin nituen han, baina ordurako alde eginda zeuden nire inguruko denak. Realean ez nuen ikusten jarraipenik, eta alde egiteko gogoa neukan. Istripu bat ere eduki nuen gero. Maleta hartu eta kanpora joan nintzen, futbolean jokatzen jarraitzera: Bartzelonan, Sabadellen, Granadan… ibili nintzen. Ogibidea zelako jokatzen nuen futbolean, baina ikasteko ere balio izan zidan.

Futbolean jokatzeari utzi ondoren, futboleko entrenatzaile ere ibili zinen, ezta?

Kanpotik etorri eta Zarauzko kirol elkartean hasi nintzen entrenatzaile. Horrez gain, Xirula Mirulan hasi nintzen lanean, aitarekin eta anaiarekin.

Baduzu harremanik Realean taldekide izan zenituenekin?

Bai, bai, elkartzen gara tarteka, eta urtean behin sagardotegira ere joaten gara. Beteranoen taldean ere ibili nintzen hamar bat urtean, baina utzi egin nuen; belaunak ez dit uzten.

Zer iritzi daukazu gaur egungo futbol profesionalari buruz?

Telebista sartu zenetik, hori guztia industria bat da. Enpresak sortu dira, dirua dago, futbolaren inguruan komunikabide asko daude… Hori ezin da gelditu. Gizartearen ispilu da. Realak bizpahiru partida irabazi zituen, eta Europara joan behar genuen; baina hiru galtzen ditu gero, eta entrenatzailea bidali beharra dago. Ez dago normaltasunik, lasaitasunik, gauzak normal ikusteko. Jokoan batzuetan galdu egiten da, eta besteetan irabazi; ez dago besterik.

Gaur egun, Usurbilen zabiltza futbolean eta eskola kirolean. Horrez gain, Zarautzen EKAP Eskola Kirolaren Aldeko Plataformako kidea ere bazara.

Futbol eskolak-eta sortu zirenean osatu genuen plataforma. Behar bat zegoela ikusi genuen orduan: uste dugu koordinazioa behar dela eskola kirolaren, kirol elkarteen, ikastetxeen eta udalaren artean. Udalean behin baino gehiagotan aldarrikatu izan dugu mahai horren beharra; denak ados daude, eta “bai, bai” asko jaso ditugu, baina… Kirol asko egiten da herrian, baina bakoitza bere kasa ari da, eta koordinazioa beharko litzateke, etapa bakoitzak zer behar dituen aztertzeko, egutegia antolatzeko eta abarretarako. Alde horretatik, ordea, pixka bat etsita gaude; ez dugu ikusi erantzunik.

Zer lanketa egin duzue plataforma sortu zenutenetik, eta zeintzuk dira zuen helburuak?

Lan dezente egin dugu: aplikazio bat sortu dugu 150 jolasekin; ikastaroak eman dizkiegu begiraleei, haurrei eta gurasoei. Aisiaz gozatzeko beste aukera eta eredu batzuk eskaini nahi dizkiegu 12-16 urte bitarteko gazteei. Kirol joko eta jolas praktikak esperimentatzeko beste modu batzuk eskaini nahi dizkiegu kirolean federatu gabe daudenei. Jarduerak antolatu behar ditugu, aisialdiaren ikuspegi edo eredu desberdinez eztabaidatzeko. Jolas tradizionalak berreskuratu behar ditugu, eta autonomia eta autoikaskuntza sustatu behar dira. Horrez gain, jarduerak proposatu behar ditugu adin desberdinetakoak elkarrekin aritzeko, urtaro bakoitzak eskaintzen digun hori aprobetxatuz, garaian garaiko jarduerak antolatuz eta herriko ondare historiko kulturalak ezagutuz.

Zertarako balio behar du eskola kirolak?

Esperientzia motorra eta ludikoa lantzeko, eta harremanak emozionalki indartzeko eta gozatzeko. Horrez gain, herri komunitate bateko kideak eta adin desberdinetakoak nahasteko ere izan beharko luke. LH 2-3ra bideratzen ari gara kirol arautu edo egituratuaren hasiera; pausoak aurreratzen ari gara. Joera dago haurrei zer egin behar duten esateko, beraiei zer eta nola egin pentsatzen utzi gabe; beti aritzen gara gauzak aurreratzen. Ez daukatela sormenik? Nola edukiko dute, bada, dena eginda ematen badiegu? Gaur egun, arautzera eta talde lehiakorrak egitera bideratuta dago dena. Lehen, adin desberdinekoak nahasian jolasten genuen plazan, eta adinaren arabera banatuta aritzen dira orain. Etapak aurreratzen ari gara etengabe. Hala ere, eskola kirolean ari gara lehengo jolas tradizionalari begiratzen pixka bat, beste era bateko planteamenduak egiten. Iruditzen zaigu gauza berriak asmatzen ari garela, baina, azkenean, asmatuta daude gauza asko, eta begirada zabaldu behar da.

Txarra al da lehia?

Lehiatzea ez da txarra, baina zuk araututako eta egituratutako kirolean 8-9 urterekin herriz herri jokatzen hasi, eta gero askok utzi egiten dute, 14-15 urterako; hor daude estatistikak eta zenbakiak. Gizakia lehiakorra da berez, baina lehia gazteek eurek antola dezaten utzi behar da, beti guk antolatu eta arautu gabe. Parke batean haurrak jolasean ikusten ditugunean, haiek antolatzen dituzte arauak. Baina gaur egun joera dago helduok haiei txapelketak antolatzeko, egituratzeko edo taldeak osatzeko. Gero, non dute denbora, non utzi behar diegu emozionalki harremanak egiten, garatzen…? Gero eta errazago erretzen ditugu etapak; presa dago dena egiteko, eta berehala egin nahi dugu dena. Esaterako, dibertigarria da futbola, hanka-baloia da, ez da norgehiagoka partida bat bakarrik. Mila egoeratan mila gauza egin daitezke futbolarekin. Futbolarekin joaten zara Zambiara edo Australiara, eta harremana eginda daukazu hangoekin: komunikazio bide bat irekitzen da baloiarekin; niri gertatu izan zait hori. Futbolak hori dauka ona, mundu guztikoa dela. Baina lehiara bideratzeko joera izaten dugu beti.

Zuen aita zenak sortutako jolas kantuetara ere jotzen duzu eskola kiroleko hainbat jardueratan.

Bai. Aitak egindako jolas kantu horiek guztiak berreskuratzen ari gara; kantuaren bitartez mugimendua dago, eta mugimenduarekin dantza, gorputz adierazpena. Egun anaia da Xirula Mirularen arduraduna Donostian, eta musika lantzen du bertan; aitaren jolas eta kantu pila bat dauzka. Nik, tarteka, batzuk hartu eta Usurbilgo ikastolan jartzen ditut martxan. Material gisa erabiltzen ditut aitak sortutako kantu-jolasak, eginda dagoena moldatuz eta adinari egokituz, erabiltzeko dago-eta hor. Talde bat ari gara horren inguruan hausnartzen eta materiala biltzen: natur jolasak, talde jolasak, antzinako jolasak… Irteera izango duela ikusten dugu, baina sukaldean dago oraindik. Nire ustez ezinbestekoa da haurraren etapa batean kantu jolasak erabiltzea; geroagoko kontuak dira futboleko atea, lehia, egituratutako kirola eta hori guztia.

Aita musikaria eta musikagilea zenuen. Zuk inoiz heldu al diozu musikari?

Nik beti eduki izan dut kanturako joera , natural ateratzen zait. Etxean beti ezagutu izan dut pianoa, eta abeslari askori laguntzen zien aitak. Egun, Zarauzko Arrai Zopa taldean nabil: hamabi gizon gara, eta astean behin elkartzen gara kanturako. Azken aldiz Santa Ageda bezperan atera ginen kantuan kalera, Udarregi adinekoen elkartekoekin, eta oso ondo pasatu genuen. Ondo pasatzea eta herriko kantak mantentzea beste helbururik ez daukagu.

Musikan bakarrik ez, eskulturak eta margolanak egiten ere aritzen zara. Nolatan hasi zinen sormen lan horretan?

Zarauztik kanpo ibili nintzenean, eraitsitako baserrietara joateko joera izaten nuen; han altxor bat zegoela iruditzen zitzaidan… Kalean, itsasertzean edo naturan aurkitutakoak bildu eta horiekin gauzak sortzen hasi nintzen. Horrez gain, neuk sortutako postalak bidaltzen nizkien lagunei; garai hartan ez zegoen whatsappik eta sakelakorik, eta lagunekin komunikatzeko modu bat zen.

Berehala nator izeneko tailerrean aritzen zara lanean.

Sukaldea da tailerra, eta orduak pasatzen ditut bertan. Burua distraituta edukitzeko aitzakia da. Aspaldi da honetan hasi nintzela, eta urteen poderioz gero eta traste gehiago ari naiz pilatzen. Plazerra ematen dit sormen lan honek; irratia edo musika jarri, eta airean joaten zait denbora. Atzeko lan handia daukate gauza hauek: pentsatu, prestatu, egin eta erakutsi. Enkarguak ere egiten ditut ezkontzetarako, jaiotzetarako, txapelketetarako… Materiala-eta ordaintzeko egiten ditut horrelakoak.

Zure lana ezagutarazteko erakusketarik egiten al duzu?

Garai batean ibili nintzen azoketan postalak eta gauza txikiak saltzen. Baina utzi nion horri. Gero, lana ezagutarazteko, sare sozialetan ere sartu nau semeak; erreminta egokia da, erabiltzen jakinez gero. Ikasi beharko dut horretan ere. Zarautzen, Lukas ardotegian, erakusketak antolatzen ere laguntzen diet. Zarauzko beste gai bat da artea eta kultura nola landu behar liratekeen. Artista pila bat dago herrian, baina bakoitza bere txokoan ari da gauzak egiten; tarteka, erakusketa kolektibo bat egiten da merkatu plazako goiko solairuan, eta orduan azaltzen dira. Horretan ere hutsunea badago herrian, baina ur handiak dira horiek.