Taxilariak, geroaren beldur

Taxilariak, geroaren beldur

Eider Goenaga Lizaso

Gidariarekin alokatzen diren ibilgailuen konpainiek eta taxiek urte asko daramatzate espazio berean lanean. Bien arteko liskarrik ez da izan inoiz Gipuzkoan, Goio Alias Gipuzkoako Taxilarien Elkarteko presidenteak eta Jon Izagirre Suital konpainiako koordinatzaileak baieztatu dutenez. Baina, orain, beste aldagai bat sartu da ekuazioan, eta etorkizunean etor daitekeenaren beldur azaldu dira biak. Izan ere, 2009tik 2015era lurreko garraioa arautzeko legeetan (LOTT eta ROTT) aldaketa egin zuen PSOEren gobernuak; Omnibus legea jarri zuen indarrean, eta aldaketa haren ondorioak ari dira pairatzen orain. “Nolabait azaltzeko, ibilgailu gidaridunentzako VTC lizentzien liberalizazioa ekarri zuen lege hark, eta ordu arteko oreka hautsi egin zen”, azaldu du Aliasek.

2009 arte 30 taxiko VTC lizentzia bat egon ohi zen, eta gaur egun arte Gipuzkoan, gutxi gorabehera, hori izan da batez bestekoa. 700 taxi inguru daude, eta 24 VTC lizentzia. Vallina konpainiarenak dira lizentzia horietako 11, Suital-enak zortzi, eta Gurdia konpainiarenak beste bost.

Hirurogeitik gora eskaera

2009-2015eko epean, ordea, 60tik gora lizentzia eskatu zituzten Gipuzkoan, eta lizentzia horiek aktibatzen hasi dira orain. Espainiako Estatuko administrazio publiko gehienek —kasu honetan Gipuzkoako Foru Aldundiarena da eskumena— atzera bota izan dituzte eskaerak, dokumentazioko akatsak argudiatuta; baina, orain, lizentziak eskatu zituztenei arrazoia ematen ari dira auzitegiak. Gipuzkoan, esaterako, lau VTC lizentzia ontzat jo ditu EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak, eta beste 60 inguru daude erresoluzio baten zain. Aliasek, taxilarien izenean, argi eta garbi salatu du horrek oreka apurtuko lukeela.

Arazoa, gainera, ez da soilik Gipuzkoan eman ditzaketen lizentziek eragin dezaketena. “Araba, Bizkai zein Gipuzkoan jardun daiteke Euskal Autonomia Erkidegoan ematen diren VTC lizentziekin; beraz, ez lirateke soilik 60 lizentzia izango. Eta, gainera, estatu mailan ematen diren lizentzia horiekin ere nahi duten tokian egin dezakete euren jardunaren %20”. Gipuzkoatik gertu dauden zenbait lurraldetan, adibidez, dagoeneko hautsia dago VTC lizentzien eta taxien arteko oreka, eta horiek erraz dute Gipuzkoan jardutea; Nafarroaren kasuan, VTC lizentzia bat dago zortzi taxiko, eta Kantabrian, berriz, VTC lizentzia bat hiru taxiko.

Ibilgailu gidaridun horiek, beraz, euren lurraldean egin behar dute jardunaren %80. “Baina nork kontrolatzen du hori? Nola neurtzen da?”, galdetu du Izagirrek. “Ez dago kontrolik”, dio, eta gaur egun hori ezinezkoa dela nabarmendu du Aliasek ere. “Horretarako tresna bat sortu du Espainiako Gobernuko Sustapen Ministerioak, baina ez du garatu oraindik, ez du baliabiderik jarri. Errepideko agenteek ibilgailu horiek gelditzea izango da helburua, eta haien kontratuak egiaztatu ahal izatea eta legeak ezartzen duen proportzioa betetzen duen frogatzea”. Baina, oraindik, ez dago ezer martxan; eta ezkor ez, baina mesfidati dago Alias. “Ikusi arte, ezin da sinistu”.

Espekulaziorako tresna

Ibilgailu gidaridunekin arazo handiena etortzeko dagoela uste dute Aliasek eta Izagirrek; eta taxilariak, adibidez, jada eragina sumatzen hasiak direla azaldu du haien ordezkariak. “Izan ere, hemen gero eta handiagoa da Uber eta Cabify konpainietako auto gidaridunen presentzia. Lehengo astean, adibidez, Realaren eta Salzburgoren arteko partida izan zen, eta izugarria izan zen auto horien presentzia”. Zenbait ibilgailuren matrikulak hartu, eta Araba eta Nafarroako lizentziak zituztela baieztatu ahal izan zuen Aliasek. Arabakoak, berez, jardun daitezke Gipuzkoan; baina Nafarroakoek mugatua dute hemengo jarduna. “Dena den, ziur nago kanpotik, Madrildik-eta etorritako autoak bazirela”.

“Eta zein da arazorik handiena?”, galdetu du Aliasek, bere buruari erantzun aurretik: “Bada, liberalizazio garai hartan milaka eta milaka lizentzia eskaera egin zirela; eta, behin auzitegiek bidea irekita, epe ertainera aktibatuko direla milaka lizentzia horiek”. Taxilarien ordezkariak azaldutakoaren arabera, lizentzia eskaera haiek ez zituzten partikularrek egin. “Izen-abizenak dituzten lau lagunek egin zituzten eskaera guztiak, negozioa egiteko helburu hutsarekin”. Izen bat aipatu du Aliasek: Juan Ortiguela, Ares Capital konpainiaren jabea. 3.000 lizentzia eskatu zituen Madrilen eta Bartzelonan. “Eta Espainia mailan 10.000 izan daitezke”, zehaztu du Aliasek.

Espekulazio hutsa. Izagirrek eta Aliasek argi dute hori izan zela 2009ko liberalizazioarekin lizentziak eskatu zituztenen helburua. “Doakoak ziren lizentziak, 35 euro ordaindu behar ziren tasen kontzeptuan; baina, orain, merkatuan 30.000 euro arte ordain daiteke aktibatuta dagoen VTC lizentzia batengatik. Atera kontuak, negozio itzela da”, esan du Aliasek. Madrilen eta Bartzelonan 70.000 eurora irits daiteke VTC baimenen prezioa, eta Interneten ere aurki daitezke VTC lizentziak erosteko iragarkiak. “Argi dago lizentziak ez zirela eskatu lanerako, haiek saldu eta negozioa egiteko baizik”, gehitu du Izagirrek.

2015ean indargabetu zuten PSOEren gobernuaren Omnibus legea. Atzera ere, oreka puntua 30 taxiko VTC lizentzia bat zela dio legeak. “Baina kaltea egina dago; 2009tik 2015era eskatutako lizentzia horiek guztiak aktibatzeko bidea irekita baitago”, dio Aliasek. 2015eko lege aldaketan, gainera, LOTT eta ROTT legeetan jasotako hainbat baldintza galdu zirela gehitu du Aliasek. “Lehen, baldintzetako bat zen VTC lizentzia zuten autoek zaldi askoko motorra izan behar zutela. Luxuzko ibilgailuak izaten ziren gehienetan. Orain desagertu egin da baldintza hori, eta auto merkeagoak ikusten dira, Hyundai, Skoda eta halakoak. Noski, VTC lizentzia eskatu zuten horiek autoagatik 60.000 euro edo gehiago ordaindu beharko balituzte, ez litzateke errentagarria izango”.

Bi urte lizentzia saltzeko

Taxien sektoreak egindako protestengatik, halaber, Espainiako Gobernuak VTC lizentzien espekulazioa eragozteko oztopo batzuk jarri dituela dio Aliasek; baina ez ditu nahiko ikusten. “Batetik, VTC lizentzia aktibatu ahal izateko derrigorrezkoa da auto baten matrikula hari atxikita egotea. Kontua da horrekin ere iruzurra egiten ari direla, argi eta garbi. Gipuzkoan ebazpen zain dauden eskaeretan, adibidez, dagoeneko Malagan beste VTC txartel bat duten bederatzi autorentzat eskatu dute lizentzia. Hori ez bada iruzurra…”.

Lizentzia indarrean jartzeko auto bat behar izateak, dena den, espekulazioa zertxobait gera dezakeela onartu du taxilarien ordezkariak. “Ortiguelak 10.000 auto behar ditu bere 10.000 lizentzia horiek indarrean jarri nahi baditu; eta horrek murriztu egiten du berehalako negozio ahalmena”. Gainera, Espainiako Gobernuak jarri duen beste baldintzetako bat da lizentzia aktibatzen den unetik gutxienez bi urte pasatu behar direla txartela saldu ahal izateko. “Noski, bi urtean autoa mantendu behar da, eta horrek ere zailtzen du espekulazioa”. Aliasek, halere, argi du ez dela nahikoa. “Espekulazioa eragotzi nahi badute, negozioa egitea debekatu beharko lukete, eta ez utzi 35 euro ordaindutako gauza bat 30.000 euroan saltzen”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.