Uber eta Cabify, bi aplikazio auto gidaria eta bidaiaria elkartzeko

E. Goenaga Lizaso

Taxilarien beldurra ez dator gaur egun jarduten duten auto gidaridunen alokairurako ohiko konpainien jardunetik, Uber eta Cabify-ren moduko aplikazioek egiten duten eskaintzatik baizik. Berez, legeak arautzen du konpainia horietako autoek ezin dutela pertsona bat kalean jaso, eta aurrez kontratatutako zerbitzuak baino ezin dituztela egin. Baina taxilarien sektoreak behin eta berriro salatu du baldintza hori etengabe hausten dutela. Auto horiek itsasgarri batekin identifikatuta daude, eta Madrilen, adibidez, ohikoa da jendeak kalean keinua egin eta gelditzea. 3.000 eta 6.000 euro arteko isuna jaso dezake jokabide horrek.

Uber konpainiak Ameriketako Estatu Batuetan du egoitza. Smartphone-etarako aplikazio bat da, eta zerbitzua eskaini nahi duen autoaren jabea eta bidaiari posibleak jartzen ditu kontaktuan. AEBetan ez dago inolako mugarik, autoa duen edonork du aukera bere zerbitzua eskaintzeko. Gipuzkoan, berriz, Espainiako lurreko garraioa arautzeko legeekin egiten du topo Uberrek. Bidaiariak eraman eta hortik diru etekin bat ateratzeko, derrigorrezkoa da autoak VTC lizentzia izatea. Horren ondorio zuzena da VTC lizentziek merkatuan hartzen duten balioa (30.000 euro inguru). Taxien sektoreak ozen salatu du Uberreko autoek legea urratzen dutela bidaiariak hartzen dituztenean; baina 2009tik 2015era izandako liberalizazioaren ondorioz, eta gaur egun auzitegietatik iristen ari diren sententziak ikusita, oso zail ikusten dute mota horretako ibilgailuen hazkunde ikaragarria gelditzea.

Cabify eta Uberren arteko ezberdintasun handiena da Uberreko gidariak ez direla enpresa bateko langileak, eta Cabifykoak bai. Uberrek bitartekari lana egiten du VTC baimena duen gidari baten eta bidaiarien artean; Cabifyko gidariak, berriz, langile edo autonomo gisa kontratatutako gidariak dira, eta enpresariak dira VTC lizentziaren jabeak. Espainian sortu, eta Latinoamerikan eta Portugalen jarduten du Cabifyk, eta aplikazioaren sorreraren atzean VTC lizentzia mordoa pilatu zuten enpresariak daudela diote taxi gidariek.

Bidaia kobratzeko moduan ere badago aldea bi aplikazioen artean; kilometroak hartzen ditu kontuan Cabifyk, eta kilometroak eta denbora Uberrek.

Leave a Reply

Your email address will not be published.