Ukipenean dago gakoa

Ukipenean dago gakoa

Rebeka Calvo

Contact-improvisation. Dantza molde hori dago Kontakids metodologiaren oinarrian. Dantzak ukipenaren eta kontaktuaren bidez transmititzea du helburu, eta helduen eta haurren arteko komunikazioan sakontzeko gakoak eman nahi ditu. Euskal Herrira ere iritsi da jada, eta Aretxabaletan eta Tolosan ari dira lantzen Gipuzkoan. “Kontaktua, jolasa, mugimendua eta musika ditu oinarrian”, azaldu du Zigor Lasagabasterrek (Aretxabaleta, 1975), Tolosako ikastaroan irakasle lanetan ari denak.

Tolosan, Altzoan elkarteak gonbidatuta eskaintzen ari da saioak, Sakramentinoen eraikinean, astearteetan 18:15etik 19:15era. Lau eman ditu jada, eta, ondo bidean, beste bost emango ditu datozen asteotan; zabalik dago izena emateko epea. Hain zuzen, gurealtzoan@gmail.com helbidean edo 653-70 50 68 telefono zenbakiran eman daiteke izena, eta proba egiteko aukera ere badago.

“Hainbat ariketa proposatzen ditut nik”, hasi du azalpena Lasagabasterrek. “Bikoteka egitekoak dira batzuk —hau da, gurasoek eta seme-alabek elkarrekin egitekoak—, eta taldeka egiten ditugu beste batzuk”. Ordubeteko saioak izaten dira, eta Kontakids “ariketak eginda sortzen den energia hori” dela adierazi du irakasleak. “Seme-alaben eta gurasoen arteko kontaktu horretan sakondu nahi dugu guk. Gurasoek eta haurrek saioetan bizi izaten duten momentu esklusibo edo bakar hori da muina; kalitatezko momentu hori”.

2 eta 5 urte arteko haurrentzako eta euren gurasoentzako metodologia da Kontakids, eta, Lasagabasterren hitzetan, hor sortzen den energia edo magia hori “oso baliagarri” izango zaio haurrari. “Segurtasuna emango dio, eta guraso eta seme-alaben arteko komunikazioan sakontzeko aukera emango die bi aldeei”. Irakaslearen ustez, egungo gizartean komunikazioa beti ez da izaten nahi bestekoa. “Eta horretan sakondu nahi dugu. Kontakids saioetara etortzen diren gurasoek asko eskertzen dute kalitatezko momentu hori bizi ahal izatea, eta horretarako ezinbestekoak dira kontaktua eta ukipena; gurasoa berekin dagoela sentitzen du umeak momentu horretan, esklusibotasun hori daukala”.

Etxean ere egin daitezke saioetako ariketak, eta, are gehiago, badira etxean oharkabean egiten diren ariketak ere. “Gurasoek, jolasean eta konturatu gabe, etxean sarritan egiten dituzte saioetan lantzen ditugun ariketak. Egia da, hala ere, alarma gisakoak direla saioak”. Irakasleak zehaztu duenez, guraso asko saioetan konturatzen dira horrelako momentuak bizi beharko lituzketela haurrekin, egunerokoan txertatu beharko lituzketela. Horren inguruko hausnarketa egitera ere gonbidatzen ditu parte hartzaileak. “Momentu horiek eraiki behar dira egunerokoan”.

2 eta 5 urte arteko haurrentzat bizitza “jolas modukoa” dela azaldu du Lasagabasterrek. “Gustura aritzen dira jolasean, eta beste modu batean jaso eta ematen dute informazioa”. Hain zuzen ere, horixe ikusten dute saioak irauten duen ordubete horretan. “Euren gurasoak eurekin ari direla gauzak egiten, lurrean daudela, saltoka eta dantzan ari direla, gurasoaren gainean zintzilik dabilela… Oso interesgarria da momentu horretan sortzen den energia”. 5 urtetik gora ere “oso berezia” izaten da guraso eta seme-alaben arteko kontaktu hori. “Baina oso desberdina izaten da. Adin horretatik aurrera desberdina izaten da haurren autonomia; gero eta ardura handiagoa hartzen dute ariketak egitean”. Artean eskertzen dute haurrek esklusibotasun hori, noski, baina beste modu batera.

Israelgo metodologia

Israelgo Itay Yatuv dantzariak sortu zuen Kontakids metodologia, duela zazpi bat urte. Bere seme-alabekin modu naturalean egiten zuena gainerako gurasoentzat ere baliagarria izan zitekeela pentsatu zuen. “Contact-improvisation dantza moldea egiten du hark, 1970eko hamarkadan AEBetan sortutakoa. Haurrak eraman zituen saioetako batera, eta Youtubera igo zuen bideoa gero. Jendeak interesa bazuela ikusi zuen, eta horri esker egin zuen aurrera”.

Metodologia gaztea da, baina lekua egiten ari da pixkanaka-pixkanaka, baita Euskal Herrian ere. Lasagabasterrek Yatuvekin egin zuen formazio saioa, hark Euskal Herrian eskaini zuen ikastaro batean, eta, gaur egun, Aretxabaletan eta Tolosan eskaintzen ditu saioak. Ez da metodologia itxia, hala ere. “Oso ondo pentsatuta dago formazioaren prozesua, eta nahikotasun desberdina dute hasieran eta bukaeran egiten ditugun ariketek, nahiz eta ariketa berberak izan”.

Irakaslearen arabera, konfiantza lortzen da ariketak behin eta berriz eginda. “Eta, horri esker, beste forma bat hartzen dute. Ariketa horiek guztiek konfiantza ematea eta inprobisaziorako bidea irekitzea da helburua”. Baliabideak eskaintzen dituzte saioetan. “Haurrak nola hartu jakiteko baliabideak, gainera etorriz gero minik gabe jaisteko edo jolasteko baliabideak…”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.