Zulo asko daude errepideetan

Zulo asko daude errepideetan

Unai Zubeldia

Azken boladako hotzaldi, izotz eta elur erauntsiekin ere bero-bero jarraitzen du giroak. Baldintza agirietan zehaztutakoa gauzatzeko nahikoa langile ez dagoela-eta, haserre daude errepidean mantentze lanetan aritzen diren langileak eta ELA sindikatua. Sindikatu horretakoak dira Gipuzkoako errepideen zaintzan lanean ari diren ABEE aldi baterako enpresa elkarteetako langileen %90 —150-170 langile guztira; Miramon, Urola Deba eta Goierrialdeko ABEEtakoak gehienak—, eta aldundiak zuzenean kontratatuta dauzka beste hogei bat langile. “Ez dira gai aldundiaren baldintza agirietan zehaztuta dagoena betetzeko ere, eta hori salatzen ari gara gu, ez besterik”, azaldu du Igor San Jose ELAko eraikuntza eta errepideetako arduradunak.

Ez da kontu berria, iazko urtarrilean ia urtebeteko greba amaitutzat eman zutelako errepideetako langileek. “Grebari ekin genionean jabetu ginen sektorea nola zegoen; zenbateko hutsuneak eta arau-hausteak zeuden”, hasi du azalpena Jone Iruretak, Miramongo ABEE aldi baterako enpresa elkarteko kideak. “Horregatik, esertzeko eskatzen diogu, orain ere, Gipuzkoako Aldundiari; negoziatzen hasteko, eurek ere ondo baino hobeto dakitelako larria dela arazoa”, amaitu du San Josek.

“Baldintza agirietan zehaztutakoa betetzeko” eskatzen dute, batetik, eta baldintza horiek “aztertzeko eta eguneratzeko”, bestetik, “zerbitzua aldatuz joan delako urteotan”. Iruretaren esanetan aurreko grebaren ondoren aldundiak “lankidetza” ziurtatu zien arren, ELAk salatu du azken hilabeteotan ez dutela erantzunik jaso. “Nahiz eta behin eta berriz ari garen eskatzen mahaiaren bueltan esertzeko”. Aldundiak, berriz, argi utzi du “agente guztiekin” biltzen direla eurak, baina enpresen eta langileen arteko gatazketan ez direla sartuko. “Enpresei dagokie lanaren antolaketa. Baldintzetan agertzen dena betetzen dela ziurtatzea da gure eginbeharra”. Hain zuzen ere, horretan ari dira huts egiten ELAren ustez. “Aurreikusita dauzkate kasu horietarako zigorrak ere, baina, arauak hautsita ere, hemen ez da ezer gertatzen”.

Neguko planak eta elurteek sortzen dute, gehienetan, zalaparta. “Baina gu urte guztian aritzen gara lanean errepidean”, zehaztu du Jose Luis Zuriarrain Goierrialdeko ABEE aldi baterako enpresa elkarteko kideak. “Errepideko edozein konponketa egin behar denean, bi autotan hiru pertsonak joan beharra daukagula zehaztuta dago baldintzetan, baina bakarrik ere joan izan gara batzuetan”. Egunerokoan auto eta kamioi artean aritzen direla gaineratu du Zuriarrainek. “Eta arrisku handia izaten dugu beti, baina batzuen bizitzak besteenak baino gehiago balio duela ematen du”. Istripuen ondorengo kolpeak eta seinaleak konpondu, errepide bazterreko belarrak txukundu, tunelak egoera onean mantendu… “Urteko egun eta ordu guztietan ematen dugu zerbitzua”, azaldu du Iruretak.

Langileak eta ELA sindikatua ez daude haserre ezaugarri bakar batekin. “Gauza askoren batuketak ekarri gaitu honaino”. Baina mahai gainean jarri dituzte arazoetako batzuk: “Baldintza agirietan argi agertzen da, adibidez, bigarren mailako errepideetan bi pertsonak joan beharra daukatela beti elurra kentzeko makinaren barruan, eta bakarra zihoan otsailaren 12an Beizaman istripua eduki zuenean”. Aldundiaren hitzetan, ordea, “legearen barruan” zihoan istripua izan zuen kamioia. “Segurtasun eta osasun planean zehaztuta dagoena betetzen da beti”. Azken ezbeharra izan da Beizamakoa. “Baina lankideen artean urtero izan ditugu istripu larriak eta hildakoak. Noiz arte iraungo dugu horrela?”, egin du hausnarketa Iruretak.

Hamabi-hamahiru orduko lanegunak ere salatu dituzte langileek. “Ez dira betetzen atsedenerako epeak, funtsean ez dagoelako bermatuta elurteren bat edo dena delakoa gertatzen denean zein langile ariko liratekeen lanean eta zein ez”. Zuriarrainen hitzetan, “larrialdia den aitzakiarekin”, aurretik zortzi-hamar orduz lanean aritu diren langile horiei deitzen diete elurra kentzeko makinarekin lanera joateko. “Borondatezko lana da erabat, eta ordu estra gisa kobratzen dira gero”.

Urtarrilaren 6an elurte handia izan zen Gipuzkoan, eta, San Josek salatu duenez, egun horretan agerian gelditu zen arazoa. “Bulegotik batera eta bestera deika hasi ziren, eta inork ez zeukan aurreikusita egun horretan, agian, lan egin beharko zuenik. Horretarako dauzkate urtero 2,5 milioi euro, baina nahiago dute gasturik egin ez eta dirua poltsikoan sartzea”. ELA “gezurretan” ari dela salatu du aldundiak. “Ematen den zerbitzu bat ordaintzen ari gara gu. Komunikabideetan aldundiari eraso egiteko soilik erabiltzen du ELAk iruzurraren kontua”.

Urtarrilaren 6a, “ezohikoa”

Aldundiak ukatu egin du urtarrilaren 6koa aurreikuspen faltaren ondorio izan zela. “Ezohiko fenomeno bat gertatu zen egun horretan. Eguraldi iragarpenek ez zuten asmatu. Aldundia prest zegoen 600-800 metro inguruan elurra egiteko, baina asko jaitsi zen elur maila, eta elur asko egin zuen”. Espero baino elur gehiago ari zuela ikustean “makina eta pertsona gehiago” bideratu zituztela azaldu du aldundiko Bide Azpiegituren departamentuak. “Dena den, alferrikakoak izan ziren neurri horiek, kamioi askok ez zutelako errespetatu ezkerreko erraila ez erabiltzearen debekua. Horren eraginez, denbora luzez itxita egon ziren A-15 autobidea eta Etzegarate”. Kontrolgune nagusian aritzen da lanean Irureta, eta bertatik argi ikusi zuen gertatu zena. “Eurenak ez, gainerako baliabide guztiak mugitzen saiatu ziren egoerak gainezka egin zuenean. Aldundiak ez zuen eskaini bere bitartekorik, asteburuetan ez dutela lan egiten azalduta”.

ELAko ordezkariak Urola-Debako negoziazioa jarri du adibide gisa. “Lantaldea %40 hazi zen azkenean, eta nahiko konponduta gelditu zen egoera, nahiz eta hortik kanpo dagoen neguko plana. Horrekin argi utzi genuen gure eskaera ez zela diru kontuena bakarrik; sakonagoa da arazoa”. Eta, eztabaidaren erdian, hausnarketa egin du Iruretak: “Herritarren segurtasuna dago oinarrian. Ezin dugu ahaztu hori”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.